Enpresak lehiakorrago egiteko aldagai gisa aurkeztu dute euskara

Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Hizkuntzak Kudeatzen egitasmoaren bigarren fasea aurkeztu dute. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Barakaldoko udaletxean (Bizkaia). Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Garapen elkarteak jarri zuten martxan proiektua urte hasieran; hizkuntzen kudeaketa lehiakortasun aldagai gisa lantzeko asmoarekin. Hau da, erakutsi nahi dute hizkuntzen kudeaketa egokiak enpresak lehiakorragoak egin ditzakeela. Azaldu dutenez, «gure ingurunean», euskara hizkuntzen kudeaketa horren barnean «kontuan hartu beharreko hizkuntza da». Izan ere, euskara erabiltzea bezeroak «asebetetzeko» zein langileak «motibatzeko» faktorea izan daiteke. Baita «gizarte erantzukizunaren adierazle» ere.

Horretarako, proiektuaren bigarren fasean, bost garapen agentziatan proiektu pilotu bana jarriko dute martxan. Proiektuaren helburua da agentziek enpresei transmititzea lehiakorragoak izan daitezkeela hizkuntzen kudeaketa egokiak garatzen badituzte eta, horietan, euskara txertatzen badute. Xede horrekin, bi formakuntza saio egingo dituzte bost garapen agentziatako teknikariekin.

Garapen elkartea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tokian tokiko erakundeek sortutako garapen agentzien elkargunea da. Elkartearen barruan daude proiektua gauzatuko duten bost agentziak; zehazki hurrengoak izango dira: Amurrio Bidean, Bermeoko Udala, Barakaldoko Udala-Ingurualde, Goieki eta Urola Kostako Udal elkartea. Garapen agentzien helburua enpresei laguntzea da beren kudeaketa ereduak lehiakorrago eta produktiboago egiteko egungo merkatuaren eskaerei begira.

Fernando Nebrada Garapen elkarteko presidenteak hizkuntza kudeaketa egokiaren garrantzia nabarmendu du egungo mundu «globalizatuaren» testuinguruan: «Bezeroei, erabiltzaileei, hornitzaileei eta, jakina, langileei eurek nahi duten hizkuntzan jardutea erraztu eta ahalbidetu behar die enpresa lehiakorrak». Miren Dobaran Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuordeak ere hartu du hitza: «Hizkuntzen kudeaketak duen balio ekonomiko zein soziala bultzatzea urrats handia litzateke eremu sozioekonomiko pribatuan euskarak ere lekua izan dezan».

Lehen fasean lortutakoarekin «gustura» agertu dira Jaurlaritza eta Garapen. Fase horren barruan, hizkuntzen kudeaketak enpresen lehiakortasunean duen eraginaz hausnartu zuten garapen agentzietako teknikariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.