Zurekin, baina zu gabe

Urteetan elkarrizketa eta akordiorako prestasuna agertu diote elkarri EAJk eta PSE-EEk. Elkar ulertze garrantzitsuenak 1986tik 1998ra izan ziren, gobernu koalizioekin. Ados jartzeko prest ageri dira gaur egun ere.

EAJren eta PSEren arteko itunaren sinaduraren unea, iaz. RAUL BOGAJO / A. PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Joan den osteguneko politika orokorreko bilkuran, PSEri keinua egin zion Urkullu lehendakariak, bien arteko akordioan sinesten duela adierazita, aurrekontuetatik harago itun garrantzitsuenak sozialistekin hitzartu nahi dituela argi utzita. Jeltzaleen eta sozialisten arteko elkar ulertzearen adierazle argia izan ziren hitzok. Izan ere, urteetan akordioetarako joera izan dute biek, adostasunerako eskua luzatu diote elkarri, unean uneko gobernuari egonkortasuna emanez. Gorabeheratsua ere izan da EAJren eta PSEren arteko harremana; liskartsua ere bai. Mokoka ibili dira bi alderdiaksarritan, baina argi utzi dutebata bestearen beharra ere badutela.

Joan den urteko irailean, EAJren eta PSEren arteko akordioa sinatu zenean, adierazpen esanguratsuak egin zituen Urkulluk itun horren esanahia azaltzeko. Sozialisten eta jeltzaleen arteko ekar ulertzearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, adostutakoari «kutsu historikoari» emanez. Eta bi alderdiek 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako elkar ulertzea gogoratu zuen ondoren: «Hamabost urtez proiektu bera partekatu genuen, autogobernuaren eta ekonomiaren susperraldia defendatzeko, eta elkarrekiko konplizitatea landu genuen».

Izan ere, EAJk eta PSEk elkarrekiko dioten leialtasuna aspaldikoa da, eta elkar ulertzerako duten prestasunak sustrai sakonak ditu. Adostasun handiena 1986an erdietsi zuten, Jose Antonio Ardanza lehendakari jeltzalearen eskutik gobernu koalizioa osatu zutenean. Txiki Benegas zen PSEko burua, eta jeltzaleen eta sozialisten arteko lankidetza horrek hamahiru urte iraun zuen. Ardanzaren bigarren eta hirugarren legealdira luzatu zen gobernu akordio hori, baina liskar eta desadostasunik ere izan zen bi alderdien artean, eta haustura 1998an etorri zen.

Juan Jose Ibarretxe Ajuria Enera iritsi zenean are gehiago tenkatu ziren EAJren eta PSEren arteko harremanak, hozteraino. 1998an, Ibarretxek abertzaleen arteko lankidetzaren bidea jorratzen hasteak sozialistak gehiago urrundu zituen, eta euskal politika bi frontetan banatuta geratu zen. 2009an Patxi Lopez sozialistak lehendakaritza eskuratu zuenean, are gehiago korapilatu zen bien arteko hartu emana.

Baina giro tirabiratsu horretan ere elkarri egin zizkioten keinuak. Izan ere, ados jartzeko gai izan ziren bi alderdiak, akordio garrantzitsuak erdietsita. Horien artean dago urte horretan Hamaikabat (H1) alderdiarekin batera erakundeen «egonkortasuna» xede zuen ituna lortu izana. Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta udalen aurrekontuak onartzeko akordioa izan zen hura. Garai horretan, PSE-PP ituna indarrean egotea ez zen oztopo izan jeltzaleak eta sozialistak tamainako akordioa erdiesteko.

Bestelako akordioak ere izan ziren Lopezen agintaldian: besteak beste, Bakerako Hezkuntza Plana adostu zuten 2010ean. Bi hilabetez negoziatzen aritu ostean, akordioa lortu zuten PSE-EEk eta EAJk. Hasieratik zaila zirudien akordio global bat lortzea, bi alderdiek zituzten proposamenen filosofiek zerikusi txikia zutelakoelkarrekin, baina ados jartzea lortu lortu zuten.

Urkulluren gobernuak ere izan du PSEren babesa bere politikak aurrera eramateko. Gutxiengoan egonda, legealdiaren hasieratik oposizioarekin akordioak lortzera behartuta egon da lehendakaria, eta babes bila sozialistengana jo du bereziki. «Lehentasunezko bazkide» izan dira sozialistak legealdiaren hasieratik: haiekin lortu zuen agintaldiko lehen akordio handia egoera ekonomikoa, zerga erreforma eta arkitektura instituzionalaren inguruan, eta akordio horrek, halaber, aurtengo aurrekontuei babesa emateko bide eman zuen. Elkar ulertzea Kutxabankera ere eraman dute bi alderdiek, aurtengo ekainean lortutako akordioarekin. Aurrerantzean Kutxabanki dagokion gaietan eskuz esku joatea hitzartu dute horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.