Ezkaba memoria gune bihurtzeko bidea hasi dute gobernuek

Txibitek eta Bolañosek adostu dute lantalde bat eratzea. Bozetan koalizio gobernuaren formulari eustearen alde egin du ministroak

Ezkabako gotorlekuan 2014an eginiko omenaldia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) memoria gune izendatzeko bideari ekin diote Espainiako eta Nafarroako gobernuek. Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetzako Ministroa eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea atzo goizean batzartu ziren Iruñean, eta han adostu zuten Ezkabako gotorlekua memoriaren leku izendatzeko prozesua abiatzea. Bolañosek nabarmendu zuen diktaduran jasandako errepresioaren gune «enblematikoa» dela, eta lortutako akordioarekin «egin beharreko bidearen lehen harriak jartzen» hasiko direla. Atzo adostu zuten lantalde bat eratuko dutela, eta haren egitekoa izango dela hitzarmen bat egitea Ezkaba memoria gune izendatzeko.

Memoria Demokratikoaren Legearen inguruan EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak lortutako akordioaren barruan zegoen Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea. 1938ko maiatzaren 22an, 795 presok egin zuten ihes espetxe frankista bihurtutako gotorlekutik. Horietatik, 207 tiroz hil zituzten toki berean. Beste hamalau, berriz, handik bi hilabetera fusilatu zituzten. Hiruzpalauk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea.

7.000 pertsona inguru espetxeratu zituzten Ezkabako gotorlekuan: 1934an ailegatu ziren lehendabiziko presoak, eta 1936ko otsailera arte, zortziehun hartu zituen kartzelak. Hilabete hartan, gotorlekuko bizi baldintza gogorrek eragindako eztabaidaren ondorioz, denak atera ziren, amnistia baten bidez. 1936ko altxamendu militarra gertatu eta gero, frankistek erabili zuten eraikina espetxe gisa.

Nafarroako presidenteak azaldu zuenez, gotorlekua «herritarren eskura» jartzeko modua egingo duen eredu bat diseinatzeko lan egingo dute bi gobernuek. Ezkaba erreferentzia gune bat izatea nahi dute, «ikuspuntu pedagogikotik» eta «ezagutzatik», eta memoria elkarteekin elkarlanean egin nahi dute.

Koalizio gobernua, berriz

Datozen udal eta foru hauteskundeak hizpide izan zituzten bi agintariek bileran. Bolañosek ziurtzat jo zuen Txibite Nafarroako presidente izango dela aurrerantzean ere, eta ontzat jo zuen PSNk Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin duen gobernu koalizioa berriz egitea. Hurrengo udal eta foru hauteskundeetan PSN «indartuta» irtengo dela azpimarratu zuen: «Herritarrek aintzat hartuko dituzte azken urteotan gobernuak egindako politikak».

Txibite ere gobernu koalizioa berriro egitearen alde dago. «Gure apustu politikoa da babes soziala handitzea eta gobernu ituna berriro egitea; modu horretan, beste alderdiekiko mendekotasunik ez dugu izango», esan zuen.

Gainera, Nafarroako Gobernuko presidenteak goretsi zuen Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko elkarlana, eta horren adibide gisa jarri zituen abiadura handiko trena, Nafarroako ubidea, N-121-A errepideko lanak eta Belateko tunelekoak.

Bolañosek ere lankidetza hori nabarmendu zuen, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren eta espetxeetako osasun eskumenaren transferentzia aipatuta. Gaineratu zuen «lanak areagotu» dituztela trafiko eskumena eskualdatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.