'Makina bat taupada' leloa izango du Euskal Eskola Publikoen Jaiak

Errenterian ospatuko da, datorren ekainean. Lehenbiziko aldiz egingo dute Oiartzualdean; Errenteriaren izaera industriala oroitzeko erabili nahi dute

Jaiaren aurkezpena, atzo, Errenteriako udaletxean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Errenteria
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Makina bat taupada leloa ardatz hartuta ospatuko da, datorren ekainaren 2an, Euskal Eskola Publikoaren jaia. EHIGE guraso elkarteak Errenteria (Gipuzkoa) aukeratu du festa antolatzeko. Atzo egin zuten aurkezpena, Errenteriako udaletxean; ekitaldian parte hartu zuten EHIGEko, Koldo Mitxelena ikastetxe publikoko eta udaleko ordezkariek. EHIGEk urtero antolatzen duen jarduera garrantzitsuena da ikastetxe publikoekin elkarlanean egiten duen jaia. 28 urte daramatzate festa hori egiten, eta lehen aldiz ospatuko dute Oiartzualdean. Julen Mendoza Errenteriako alkateak eskerrak eman zizkion guraso elkarteari, bere herria aukeratzeagatik: «Hezkuntzak gizarteko erronkei erantzun behar die, eta, borroka horretan, indarra emango digu horrelako jai bat antolatzeak». Koldo Mitxelena ikastetxea ez ezik, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako gainerako ikastetxe publikoak ere ari dira prestaketetan laguntzen. Sei ikastetxe publiko daude Errenterian —Koldo Mitxelena LHI eta BHI; Cristobal Gamon LHI eta BHI; Bizarain LHI eta BHI—, eta 2.500 ikasle ari dira horietan.

Koldo Mitxelenako gurasoetako batek, Maialen Oliverik, aurkeztu zituen leloa eta irudia. Azaldu zuen Errenteriako «bereizgarri» den industrializazioari egin diotela erreferentzia leloarekin; halaber, pertsonaz osatutako engranaje bat da irudia. Izan ere, XX. mende hasieran herrian zegoen lantegi eta langile kopuruagatik, Manchester txikia deitu izan zaio Errenteriari. Oliverik adierazi zuen industrializazioak «aniztasuna» eta «aberastasuna» ekarri zituela herrira, baita ikastetxeetara ere. Hori islatu nahi izan dute: «Engranajeak elkartasuna, bizikidetza eta inklusibitatea irudikatzen ditu, denon artean makina handi bat osatuz».

Jai giroan, aldarrikapenak

Ekaineko lehen igandean egiten da Euskal Eskola Publikoen jaia urtero. «Eskola publikoak hezkuntza sistemaren ardatza izan behar duela aldarrikatzen dugu, jai giroan», azaldu du Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak. Lasarte-Orian antolatu zuten lehen aldiz, 1994an. Imazen esanetan, «asko handitu» da, bainasentitzen dute eskola publikoak gehiago hazi behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.