Albistea entzun

Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Belaunaldi arteko ituna pandemian

Joseba Zalakain - SIIS ikerketa zentroko zuzendaria

2021eko ekainak 23

COVID-19aren pandemiak gazteen artean izan duen eragina begi-bistakoa da, azterlan askok argi utzi duten bezala. Gazteengan, pandemiaren ondorioak berebizikoak izan dira enpleguari eta hezkuntzari dagokienez, sozializazioari eta harreman pertsonalei dagokienez, osasun mentalari dagokionez edota kulturaren eta kirolaren praktikari dagokionez. OIT erakundeak 2020ko udan adierazi zuen moduan, pandemiak gazteengan izan duen eragina «sistematikoa, sakona eta neurrigabea» izan da. Begi-bistakoa da, gainera, ondorio horiek ez direla epe labur edo ertainean desagertuko eta pandemiak belaunaldi gazteei utzi dizkien orbainak epe luzean iraungo duela: pobrezia eta langabezia tasa handiagoak, prekaritate gehiago, emantzipazio-tasa txikiagoak, buru osasun okerragoa, etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiagoak, ugalkortasun txikiagoa, ziurgabetasun handiagoa eta desberdintasun handiagoa, alegia.

Nolanahi ere, COVID-19ak gazteengan duen eraginari dagokionez, adierazi behar da eragin hori oso modu desberdinean banatu dela gazteen kolektiboan bertan, eta gazte guztiek ez dituztela modu berean pairatu pandemiaren ondorioak. Beste hainbat esparrutan bezala, generoak, jatorriak, klase sozialak eta, bereziki, pertsona bakoitzaren jatorrizko familiak baldintzatuko dute, zalantzarik gabe, COVIDak eragindako orbain horien tamaina eta sakontasuna.

Esan beharra dago, era berean, pandemiaren ondorio nagusietako bat izan dela gure gizarte-egituran gero eta nabarmenagoa den belaunaldi arteko arrakala zabaltzea eta sakontzea. COVIDak berriz erakutsi du adinak gero eta garrantzi handiagoa duela, elementu bereizle gisa, hiritarren interes, iritzi, ikuspegi eta aukerei dagokienez. Agian gehiegi sinplifikatuz, esan dezakegu helduen eta, bereziki, adinekoen osasuna eta bizitza babesteko beharrezkoak izan diren neurriek eragin biziki kaltegarria izan dutela gazteen bizimoduan garrantzizkoak diren hainbat eta hainbat esparrutan: hezkuntza, lana, harreman pertsonalak, kultura, aisialdia...

Zaila da ukatzea sakrifizio hori ezinbestekoa izan denik, bidezkoa izateaz gain. Ezin zen besterik egin eta ez zen besterik egin behar. Ez da ahaztu behar, ordea, sakrifizio horiek gertatu direla belaunaldien arteko itunaren haustura nabarmena den testuinguru batean: pobrezia, prekaritate, desabantaila eta desberdintasun egoera franko azaltzeko, adina funtsezko elementua den testuinguru batean. Ez da egoera berria: gutxienez 80ko hamarkadatik, gure lurraldeetan, lan, etxebizitza edota gizarte babes politikak helduen eta adinekoen interes eta ongizateari begira egin dira. Politika horiek ez dituzte orokorrean gazteen interesak kontuan hartu eta, izan ere, gaurko gazteen prekaritatearen eta babesgabetasunaren sorburu dira.

Noizbait gure gizarteen funtzionamendua gidatu zuen belaunaldi arteko ituna gero eta ahulagoa da, eta sakoneko berrikusketa eskatzen du. Horixe da, ziurrenik, euskal gizartearen erronka nagusietako bat. Lan merkatua, etxebizitza merkatua edota gizarte babes sistema, beste eguneroko bizitzaren dimentsio asko bezala, helduen eta adinekoen interesen arabera eratu dira gure artean. COVIDak —ustekabean, jakina— areagotu egin du belaunaldi arteko eskubide, interes eta aukera arrakala hori. Posible da, ordea, datozen urteetan berreraikuntza sozioekonomikorako egingo diren ahaleginak arrakala hori ixtea izatea helburu, gazteen eskubideak eta interesak ere kontuan hartuko dituzten politikei lehentasuna emanez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiako alde zaharreko kaleak hutsik, urrian, bigarren alarma egoeran. ©Gorka Rubio/ Foku

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo du bigarren alarma egoera ere

Edurne Begiristain

Voxen helegitea onartu du bermeen auzitegiko osoko bilkurak. Erabaki horren aurka agertu dira hamar epaileetatik lau.

Euneiz unibertsitate pribatua hartuko duen eraikina. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Euneiz sortzeko legearen tramitazioari bidea eman dio Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE, PP-C's eta Voxen babesarekin

Ion Orzaiz

EH Bilduk argudiatu du «etekin ekonomikoak lortzea xedetzat duen unibertsitate pribatu batek» ezin duela finantzaketa publikorik jaso

Egoiliar eta senitartekoek zahar etxeetako arta ontzat dutela esan du Maite Peñak

Egoiliar eta senitartekoek zahar etxeetako arta ontzat dutela esan du Maite Peñak

Arantxa Iraola

Inkesta bat egin dutela jakinarazi du, eta %74,5k eskaintzen den arreta egokia dela adierazi dutela

Rcardo Etxepare (eskuinean), Noam Chomsky hizkuntzalaria agurtzen, 2006an. ©Imanol Otegi / Foku

EHUko udako ikastaroetako zuzendari ohi Ricardo Etxepare zendu da

Gotzon Hermosilla

Bizitza unibertsitateari lotua eman zuen, baina politikan ere aritu zen eta Irungo alkatea izan zen bolada labur batez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.