Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Piarres

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bi mundu lotzen ditu, Baionan, San Izpiritu zubiak. Edo gehiago. Zeharkaldia beti ere, aldaketa iragarle da, funtsezko itxuraldatzea bertan egiaztatzen dela. Zubiaren luzeran elekatzen ditugun jendeekiko solasaldien arabera, lurreko edozein partetako berriak ukaiten ditugu: Irakeko eskoletan egoera larria da, Kamerunen besta nazionala dute, Ukrainan sua piztuko da laster, herritarrak prest daude. Merkatutik etxerakoan, koronabirus pandemia hedatzen hasi zenean duela bi urte, jende harremanen desertua bilakatu zen zubia... eta hiritarrak espaloietan ibiltzen ikustea, gobernuaren osasun adierazpen bat bezain seinale ona.

Azken hamarkada hauetan iparraldeko literatura iparraldean kontsumitzen dugu, salbuespenak salbu. Gurea, cold case gisa, Miranderekin bukatzen da Euskal Herri globalarentzat.Frantseskerietan galtzen gara? Orain beste logika literario batzuetan gaude? Kopuruen legea nagusi da? Masa kritikora ez gara iristen? Hizkuntz eredu orokorrari ez gara erraz moldatzen? Galderak egin daitezke. Urruntasun horrek birus baten antza duela errango nuke: kutsatzen gaitu, isiltasunera eramaten gaitu, baina hemen, Covid-19arekin ez bezala, hurbiltasuna da sendagailurik hoberena. Horiek guztiak nituen kaskoan, San Izpiritu zubian, Piarres Aintziart heletar idazlearekin batu nintzenean.

Piarres filosofoa da formakuntzaz. Bere apezgai denborako gertakariak kontatu zituen liburu batean, Aljeriako gerra, irakasle urteak, eta dagoeneko, idazle zeregina, urtez urte, emendatzen dabil Maiatz argitaletxean plazaratzen dituen liburuei esker. Hiriburutik Baionan barnako oinezkaldia egiten gurutzatudut askotan, baina ez dugu aldi oroz hitz egiteko astirik hartzen. Iragan larunbatean aldiz bai, nik dakita zergatik, agian, otsaileko argitasun zilarra sutzen zelako Aturri ibaiaren azaletik edo eguzki ahul batek mendi aldea distirazten zuelako. Dena dela, distantzia arautua errespetatuz, libertateaz eta libertatea gozatzeko ezinbestekoak diren mugez aritu ginen, kalakari, mututasun eta irri artean.

Piarresek aitortu zidan ez zuela sobera sufritu pandemiarengatik jarri zizkiguten espazioen murrizketa haietaz. Sonetoaren edo bertsoaren adibidea eman zidan: zaila eta ederra da doinuak eta oinek baldintzatzen duten diskurtso baten ekoizteko betekizuna, kontuz ibili behar da elementuak puzzleen pare buruan dugun egituran kokatzeko, mugagabeko libertaterik ez dago telefono harpidetza mugagabekorik ez den moduan, pertsona batek bere mundua du, zedarriz setiatua, libertate zelaia deitzen duena, nahiz eta Artzeren Txori txiki haren eran, zutoin bati soka laxoan estekaturik egon. Bizitzen gara, itxia irudikatzen dugun libertatez biderkatu eremuetan.

Piarresekin, koronabirus ondorengo ene lehen lezio filosofikoa harturik, pozik trebesatu nuen Errepublika Plaza. Eta nioen, ene gogoarekin, horregatik maite nituela iparraldeko idazleak, umiltasunean erraldoiak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.