Etxegabeen kontrako neurriak atxikiko dituzte Baionan

Jean Rene Etxegarai auzapezarekin bildu da herritar talde bat neurriak kentzea eskatzeko. Etxeratze agindua ez errespetatzeagatik isunik ez jartzera engaiatu da auzapeza

Etxegabeen kontrako neurriak salatzeko protesta, Baionako Herriko Etxe aitzinean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Ez du gibel eginen. Etxegabeen kontrako neurriak atxikiko dituela erran dio Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak erabaki hori salatzeko elkartu zen herritar taldeari. Urriaren 23an izan zuten auzapezarekin bilkura, haien eskariz, baina ez die jaramonik egin. Auzapezak ez du etxegabeen kontrako neurriak kentzea onartu, eta etxegabeen eskubideen adierazpena izenpetzeari ere uko egin dio, herritar taldeak ohar batean salatu duenez. Halaber, auzapezak jakinarazi die etxeratze agindua indarrean den bitartean ez dela etxegabeentzako aterperik izanen, baina Poliziari eskatu diola horiei isunik ez emateko. Herritar taldearen arabera, etxegabe batzuek zigorrak jaso dituzte jadanik. «Erantzun horiek onartezinak dira», diote. «Mobilizazioek segituko dute neurri zapaltzaile eta baztertzaile hauek kendu arte».

Ezinegona sortu zuen Baionako auzapezak hainbat gizarte taldetan, irailaren 19an iragarri zituen neurriekin. «Herriko bakearen, segurtasunaren eta ordena publikoaren kontrako elkarretaratzeak murrizteko» hainbat neurri hartu zituen, «jendeen eta animalien arteko elkarretaratzeak gutxitzeko». Etxegabeak zituen ikusmiran. Besteak beste, 08:00etatik gauerdira arte, «karriken gehiegizko okupazioa» debekatu zuen, baita «jarririk edo etzanik» egotea ere «ibiltariak trabatzeko arriskua den lekuetan». Horrez gain, puska zenbait karrikan biltzea legez kanpokotzat jo zuen, hala nola janaria prestatzeko materiala, oihalak hedatzeko materiala eta txakurrak bazkatzeko tresnak.

Berehalakoa izan zen erantzuna. Ondoko asterako protesta antolatu zuen herritar talde batek, herriko etxe aitzinean, eta dozenak jende bildu zen neurriak salatzera. Baionako oposizioko taldeek ere parte hartu zuten.

Ordutik, astero aritu dira elkarretaratzeak antolatzen, Pobreziaren kontra borrokatu behar da, ez pobreen kontra lelopean, etxegabeekin apairuak partekatuz. Eskuorriak banatzen ere aritu dira, «Baionako herritarrak informatzeko». Urriaren 15ean, herriko kontseilura agertu ziren, eta hitza hartzeko eskatu zuten, baina auzapezak uko egin zien. Azkenean, urriaren 23an elkartu ziren Etxegarairekin.

Kasik 700 sinadura

Duela bi aste, izenpe bilketa bat abiatu zuten sarean BaionakoHerriko Etxeari hartutako neurriak kendu zitzala eskatzeko. Gaur-gaurkoz, 671 pertsonak ba bestu dute eskaera. «Hautu politiko bat da jadanik prekaritatea bizi duen populazio bat estigmatizatzea, espazio publikoaren kontrolerako segurtasun eroaldi baten mesedetan», dio testuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.