Albistea entzun

EH Bilduren ustez, «ezin da EAJren zain egon denbora gehiago»

Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruz eztabaidatzea «lehentasuntzat» du koalizioak. Nazio auzia bideratzeko, «herri akordio bat» egitea proposatu du
EH Bilduko arduradun politiko nagusiak, atzo, Donostiako Miramar jauregian.
EH Bilduko arduradun politiko nagusiak, atzo, Donostiako Miramar jauregian. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2023ko irailak 16 - Donostia

Urte politikoa hasia dute ja Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko guztiek. Hasiera hori ordezkatu zuen herenegun Eusko Legebiltzarren egin zuten Politika Orokorrerako osoko bilkurak. Atzo, ordea, alderdien adierazpenak ez ziren eten. EH Bilduk urte politikoaren hasierako bilera egin zuen Donostiako Miramar jauregian. Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea kritiko azaldu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldiarekin: «Lehendakariak eta Jaurlaritzak ez dute misiorik, bisiorik ezta anbiziorik. Honaino iritsita, herri honen zati hau ezin da EAJren zain egon denbora gehiago».

Datorren urterako daude aurreikusta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta, EH Bilduk egin bezala, beste alderdi batzuek ere kritikatu zuten EAJk eta PSE-EEk osatutako Jaurlaritza. Esaterako, PPk. «Urkulluk gobernua birmoldatu beharko luke, haren sailburu asko erreta daudelako, eta ez direlako gai Euskadiren arazoak konpontzeko», esan zuen atzo Carlos Iturgaizek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, bozei buruz hitz egin zuen Euskadi Irratian: «Indarrez ikusten naiz hauteskundeetara berriz aurkezteko, baina primarioak egiten ditugu».

Atzoko ekitaldi politikorik esanguratsuena EH Bilduk egindako bilera izan zen. EH Bilduko zuzendaritza politikoak bilera egin zuen Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko eta Espainiako Gorteetako talde parlamentarioekin, hasi berria den urte politikoko helburuak eta lan ildoak eztabaidatzeko eta adosteko. Erakunde desberdinetako talde parlamentarioen «erlojuak sinkronizatzea» izan zen bileraren helburua, Unai Urruzuno EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunaren arabera.

Lurralde eredua

EH Bilduk lehentasuntzat jo du Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruzko eztabaida zabaltzea. «Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu estatuko independentisten eta subiranisten arteko artikulazioa bilatzea. Lan egingo dugu, eztabaida zabaldu eta gure nazioen aitortzan urratsak egiteko», esan du Urruzunok. Gaineratu du eztabaida hori bideratzeko «ezinbestekoa» dela «akordioak» erdiestea Euskal Herriko erakundeetan.

Alde horretatik, Kortajarenak nabarmendu du EH Bilduk «herri akordio historiko bat» erdiesteko «eskua luzatu» diola Urkulluri, nazio auziari bide emateko: «Gu prest gaude eztabaida nazional bat emateko, Euskal Herriaren izaera nazionala aitortua izan dadin, eta gure erabakitzeko eskubidea errespetatua izan dadin. Uste dugu hori herri gisa egin behar dugula».

Herri itunez gain, «estatu itunez» ere hitz egin du Urruzunok, agenda sozialari dagokionez: «Garai honetako erronkek erantzun partekatuak behar dituzte. badakigu batzuk egiturazkoak direla, eta horiek guztion erantzunak bilatzen dituztela. Estatu itunak erdiesteko eta garatzeko gure eskua luzatuko dugu, kontziente garelako konplexuak direla, eta guztion erantzunak behar dituztela».

Laura Aznalek ere hartu du hitza Miramar jauregiko eskaileretan. EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du Nafarroan hasi berri den legealdian «erabakigarriak» izango direla: «Eskuinaren aurrean gehiengo aurrerakoia ahalbidetu dugu, gure abstentzioaren bidez. Gure konpromisoa ez da orain osatutako gobernuarekin; herriarekin eta jendearekin da».

Mertxe Aizpuruak, Espainiako Kongresuko eledunak, esan du EH Bildu ez dela «oztopo bat» izango, Pedro Sanchezek Espainiako Gobernua osatzeko saiakera egingo balu.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia etaBarbado Gobernu Militarrean ©Ankerkeriari Stop

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte

Unai Etxenausia - Edu Lartzanguren

18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatzekoa zen haien askatasunaren aldeko manifestazioa, baina atzeratu egingo dela adierazi dute antolatzaileek

Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Xabi Thikoipe, gaur goizean, hitza hartu duenean ©Ekhi Erremundegi Beloki

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez»

Ekhi Erremundegi Beloki

Euskal Hirigune Elkargoan euskaraz aritzeko eskubidea eskatu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak ikasturte honetako lehen batzarrean. Haren ustez, momentua baliatu behar da Frantziako Estatuari eskaerak egiteko.

Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, maiatzean. ©PATXI BELTZAIZ

Lehen bilana elkargoarentzat

Ekhi Erremundegi Beloki

Urte politiko berria abiatzearekin, funtzionamenduan, barne demokrazian eta lurraldekako inbertsioetan eragin nahiko lukete talde politikoek, hautetsiak eta herritarrak Euskal Hirigune Elkargotik hurbilago sentitu daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...