Albistea entzun

Enpresa zonbiak orokortzeko arriskurik ez dago oraingoz, Elkargiren ustez

Elkarrekiko berme sozietateak ia 950 milioi euroko finantzaketa eman zien enpresei iaz. 9.000 enpresari eta 150.000 enpleguri eusteko laguntza da, «inoizko handiena»
Josu Sanchez, Iñigo Urkullu eta Zenon Vazquez, atzo, Donostiako Kursaalean.
Josu Sanchez, Iñigo Urkullu eta Zenon Vazquez, atzo, Donostiako Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko maiatzak 6 - Donostia

Finantzaketarako bideak zabalik eta likideziari eusteko aukera, hori da Atzeraldi Handiaren krisiaren aldean gaur egungoak dituen desberdintasunetako bat. Josu Sanchez Elkargi elkarrekiko berme sozietateko presidenteak ez du ikusten, oraingoz, enpresa zonbiak ugaritzeko arriskua. Osasun krisia finantza eta ekonomia krisi bihurtu dela garbi esan zuen atzo, elkartearen batzar nagusiaren atarian, baina finantzaketa nahikoa badela uste du, «nahiz eta sektoreka errealitatea aldatu egiten den».

Eta finantzaketa nahikoa bada, hein batean behintzat, Elkargiri esker da. 2020an, 948 milioi euroren operazioak egin zituen, eta, horiei esker, 9.000 enpresari eta 150.000 enpleguri eusteko laguntza eman zuen. Elkargik urtebetean inoiz emandako kopururik handiena da, 2019an emandakoa halako hiru, eta enpresek bizi duten lurrikararen erakusle. Operazio gehienak iazko apiriletik ekainera egin zituzten, izan ere, inork espero ez zuen pandemiaren lehen kolpean; «azkar eman behar zen laguntza, eta azkar eman zen», azaldu zuen Sanchezek.

Aurten, berriz, hilabete pasatu da maileguen baldintzak aldatu eta horiek luzatzeko arau berria indarrean denetik, eta jadanik 4.600 eskari jaso ditu Elkargik luzapen hori lortzeko. Ia 500 milioi euroko itzulketaren epea luzatu dute enpresek, eta, dagoeneko, eskarien %93 gauzatu ditu sozietateak. Gainera, urteko lehen hiruhilekoan, beste 115 milioi euroko finantzaketa operazioak itxi ditu.

«Elkargin ez gara dagoeneko bermeen neska-mutilak», esan zuen Zenon Vazquez zuzendari nagusiak, garbi uzteko bermeak emateaz gain Elkargin mota guztietako zerbitzuak ematen dituztela dagoeneko: kudeaketarako aholkularitza, esportaziorako, baimenetarako... Eta, era barean, Elkargi beste aro batean sartu dela adierazteko, aurrerantzean enpresen parte hartzeak erosteko erabakia hartu baitu. «Betiere errentagarritasuna bilatuko dugu sartzen garen enpresa horren parte hartzeetan. Parametro zehatzekin ariko gara, kaudimen nahikoa duten enpresetan, eta gure errekurtsoen %25 baino gehiago inbertitu gabe», azaldu zuen Vazquezek. «Euskal enpresen sustraitzea sendotzen lagunduko dugu, Guuk konpainiarekin egin dugun moduan». Euskal enpresen sustraitzea laguntzea ez da oztopo, halaber, elkarrekiko berme gisa zerbitzua ematen hasteko Euskal Herritik kanpo. Izan ere, Elkargi hasia da bermeak ematen Madrilen.

Hiru urteko susperraldia

Aurreko urtearen bukaeran, 21.736 bazkide zituen Elkargik, urte bakarrean 6.100 gehituta. Enpresa txiki eta ertainak, eta autonomoak dira bazkide horiek. Elkarrekiko berme sozietatea txertoei begira dago susperraldiaz hitz egin ahal izateko, baina Sanchezek berak aitortu zuen atzeratzen ari dela pizkunde desiratu hori. Hari horri helduta, Europako funtsak atzeratzen ari direla esan zuen, eta kritika gogorra egin zien «ez oso urrun» gertatzen ari diren liskar politikoen eragileei, Espainiako egoera politiko nahasiari erreparatuz.

Elkargiren Batzar Nagusia hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eskerrak eman zizkion erakundeari bere ekarpenarengatik, eta garbi utzi zuen COVIDari aurre egiteko murrizketak eragina izaten ari direla ekonomian, baina «lehentasuna duena osasuna eta bizitza» dela. «2022aren amaieran, EAEren BPGak galdu duen guztia berreskuratuko du, eta %2 handiagoa izango da; hiru urte beharko ditugu». Gogoratu zuen aurten %6,7ko hazkunde aurreikuspenari eusten diola Jaurlaritzak, eta, 2022rako, %5,7koari. «Egoera susmatu ere ez genuen egin; pandemia globala da», gaineratu zuen. Hala ere, «Euskadik kaudimen nahikoa» duela helarazi zien aurrez aurre izan zituen enpresa eta erakundeetako arduradunei; besteak beste, herrialdeetako patronaletako buruei. «Ez ditugu hipotekatuko belaunaldi berriak».

«Inguruneak duen baino egoera hobea» ikusten du Urkulluk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, industria gehiagorekin, esportazio gehiago egiten dituen ekonomia batekin, esaterako, eta eredu hori «indartzeko garaia» dela esan zuen, «kolaborazio publiko-pribatuaren bidez».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Butano banatzaile bat, bezeroen zain kalena. ©JUAN CARLOS CARDENAS / EFE

Bonu sozialaren babesean daudenek 90 euro jasoko dituzte gasa ordaintzeko

Irune Lasa Imanol Magro Eizmendi

Hego Euskal Herriko energia kontsumitzaile zaurgarrienek argindar fakturaren %70erainoko laguntza jaso ahal izango dute negu honetan
Jaurlaritako kideak, gaurko gobernu kontseiluaren ostean. ©David Aguilar (Efe)

Eusko Jaurlaritzak %50 handituko ditu inbertsioak 2022an

Jokin Sagarzazu

Inoiz baino diru gehiago gastatuko du datorren urteko aurrekontuetan: 13.108 milioi euro. «Susperraldi ekonomikoa» bultzatzea izango du xede. Aurtengo eta datorren urterako hazkunde aurreikuspenei eutsi die Azpiazu sailburuak.

Enrique Maia, udaletxean, iragan uztailaren 6an ©Jesus Diges / EFE

Enrique Maiaren ustez, «oso larria» da finantzaketa eredua aldatzea

Joxerra Senar

Iruñeko alkatearen iritziz, Iruñeak hiritartasun gutuna izateagatik jaso ohi duen milioi kopurua galtzea «urratu handi bat».

Gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egindako elkarretaratzea. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Enplegu publikoak finkatzeko eskatu du ELAk

Irune Lasa

Langile publikoak mobilizazioetan dabiltza gaur Hegoaldeko hiriburuetan. Euskal alderdiei dei egin diete, boto erabakigarria dutelako Madrilen.  

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.