Albistea entzun

Bizkaiko metalgintzako langileen gehiengoak itun berria onartu du

CCOOko, LABeko eta UGTko afiliatuek ontzat jo dute Jaurlaritzaren azken proposamena barne bileretan. Lau urtean soldata %15 igotzea adostu dute
CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, Bizkaiko metalgintzarako lan itun duin bat eskatzeko.
CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, Bizkaiko metalgintzarako lan itun duin bat eskatzeko. OSKAR MATXIN / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2023ko otsailak 2 - Bilbo

Ez da ezustekorik egon, eta Bizkaiko metalgintzan diharduten CCOOko, LABeko eta UGTko afiliatuek onartu egin dute FVEM patronalarekin adosturiko azken hitzarmen eskaintza. Hiru sindikatuen artean sektoreko langileen %59 ordezkatzen dituzte, proposamena berresteko adina. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bi aldeen arteko artekari rolari ekin zion urte hasieran, eta hark diseinaturiko proposamena da onartu dena. ELAk, bestalde,iritzi dio ez dela nahikoa, eta ez du babestu —%41eko ordezkaritza du—.

Amaitu da urtebetetik gorako negoziazio maratoia, eta, ondo bidean, hiru urterako bake soziala bermatu beharko luke Bizkaiko metalgintzan. Euskal Herrian langile kopuru handienari eragiten dion lan ituna da —56.000 ingururi—, eta lurraldeko enpresa handi askotako lan harremanen oinarria da. Akordioa 11 greba egunen eta hogeitik gora bileraren emaitza izan da, eta gehiengoa osatzen duten sindikatuak asebete ditu. Akordioak babes zabala izan du, hiru sindikatuek iragarri baitute eginiko «batzar guztietan» jaso duela baiezkoa.

Lau urterako akordioa da, iaztik hasita. Alegia, 2025eko abenduaren 31n amaituko da. %6,5eko soldata eguneraketa adostu dute iazko urterako; %4koa aurtengorako; %2koa 2024rako, eta %2,5ekoa 2025erako. Guztira, %15eko igoera da. Dena den, 2025a amaitzean KPIaren igoera handiagoa izan bada, haren araberako eguneraketa egingo da 2026ko urtarrilean. Soldata tauletan egingo den eguneraketa bat da. Azken puntu hori da ELAk egin duen kritiketako bat, haren iritziko ez baita islatuko lantoki askotako soldata errealetan.

Gutxieneko soldata bermeari dagokionez, aurreko ituneko baldintza berei eutsiko die, baina haren xehetasunak zehazteko eta idazteko denbora eskatu dute bi aldeek. Subrogazio eskubidea zabaldu egin da, eta, aurrerantzean, telefono eta telekomunikazio sareetako azpikontratek ere izango dute. Itunean ez da ageri inolako mugarik aldi baterako enpresen erabilerari dagokionez. Negoziazioko azken bileretan, sindikatuek eskatu zuten haien erabilera sei hilabetera mugatzeko, postu edo langile bakoitzeko. Azkenean ez dute lortu.

ELA, bestalde, kritikoa izan da lan hitzarmenarekin eta Jaurlaritzak izandako rolarekin. Eskaintza «eskasa» dela uste du, eta ez du ulertu beste sindikatuen jarrera: «Orain dela bi hilabete zeuden eduki ia berak daude oraingo eskaintzan. Orduan, CCOOk, LABek eta UGTk grebaren alde egin zuten, eta, orain, sinatzea defendatzen dute. Edukiak ez dira aldatu: antzezpena da aldatu den elementu bakarra, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza dela medio». ELAren ustez, Jaurlaritza ez da neutrala izan, negoziazio osoan patronalaren alde egin duelako, eta horren adibide da Ertzaintzak izan duen jarrera.

Sindikatuek ez ezik, FVEMek ere berretsi behar zuen akordioa bazkideen artean. Goizean egin zuen bilera, eta baiezkoa eman zuten. Enpresek eginiko «ahalegin handia» nabarmendu du patronalak, eta, hitzarmen berriarekin, bermatutzat jo du sektoreak behar duen «egonkortasuna».

Gipuzkoa falta da

Bizkaikoa sinatuta, lurraldeko hiru lan hitzarmen berrituta daude metalgintzan. Arabakoa eta Nafarroakoa iaz berritu ziren, lau eta hiru urterako; 2025era eta 2024ra arte, hurrenez hurren. Araban CCOOk, UGTk eta LABek babestu zuten. Nafarroan, baina, CCOOk eta UGTk bakarrik. Horrenbestez, egun Gipuzkoakoa da sinatzeke dagoen bakarra. Iragan abenduan iraungi zen aurrekoa, eta negoziazioak hasi baino ez dira egin. Gipuzkoako metalgintzan ELAk (%47,7) eta LABek (%35,7) dute ordezkaritzarik handiena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa, atzo, Diputatuen Kongresuan. ©J. J. GUILLEN / EFE

Pentsioen erreforma onetsi eta tramiterako onartu du Espainiako Kongresuak

Iñaut Matauko Rada

Lege proiektu gisa onetsi dute erreforma, eta tramiterako onartu. ELA sindikatuak gogor kritikatu ditu EH Bildu eta EAJ, bidea emateagatik
Elma Saiz, atzo, Nafarroako Parlamentuko batzordean. Legealdiko azkena izan zen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Saizek onartu du denbora gutxi izateak funtsen planifikazioa baldintzatu duela

Joxerra Senar

Ekonomia kontseilariak esan du Nafarroako Kontu Ganberaren aholkuak beteko dituela. Nafarroak 483 milioi euro jasotzea espero du
Arrantza ontzi bat, ostegun honetan, Donibane Lohizune-Ziburuko portuan. ©Guillaume Fauveau

Lapurdiko arrantzaleak «hilzorian», izurdeak babesteko neurriengatik

Jokin Sagarzazu

Frantziako Estatu Kontseiluak sei hilabeteko epea eman dio Parisi arrantza eremu batzuk ixteko. Sektoreak portuak eta lonjak itxi ditu bi egunez. Erabakia Hegoaldera zabaltzea aztertzen ari da Brusela.

Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela. ©Kutxabank

Eduardo Ruiz de Gordejuela izango da Kutxabankeko kontseilari ordezkari berria

Iñaut Matauko Rada

BBKn eta Kutxabanken 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Ruiz de Gordejuelak. Europako Banku Zentralak onartu behar du izendapena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...