EBZk ez du bere munizioa ukitu, eta itun azkarra eskatu die EBko estatu kideei

Azken bi hilabeteetan ekonomia hobetu egin dela esan du Christine Lagardek, baina «urrun» dela pandemiaren aurrekoa. Prest dituen pizgarriak baliatzeko pronto da EBZ

Christine Lagarde eta Luis de Guindos —erdian—, EBZko presidente eta presidenteordeak, atzo. EBZ.
xabier martin
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Eurogunearen jarduera ekonomikoa «modu esanguratsuan» hobetu da maiatzean eta ekainean, baina COVID-19aren aurreko mailatik «oso urrun» dago oraindik, EBZ Europako Banku Zentralak berretsi duenez; hala, Europar Kontseiluak gaur abiaraziko duen goi bileran adostu dezaketen suspertze planaren zain, aldaketarik ez egitea erabaki du Christine Lagardek gidatzen duen erakundeak. Ekainetik martxan duen moneta pizgarrien mailak bere hartan jarraituko du, hau da, 1,35 bilioi euroko kopuruan, behintzat 2021. urteko ekainera arte. Halaber, %0ko interes tasari eutsio dio EBZk bere Gobernu Kontseiluan.

Beraz, aktiboak hilero erosteko 20.000 milioi euro baliatzen jarraituko du erakundeak (APP programa), eta urte amaiera arte 120.000 milioi euroko aparteko poltsa bat izango du egoki iruditzen zaionean erabiltzeko. Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko ekainean onartutako neurria da hori, analistek aurreikusi ez zutena. Oraingoan asmatu egin du merkatuak, ordea, eta EBZk ez du ezer aldatu bere bide-orrian.

Lagardek esplikatu zuen atzo enpleguen eta diru sarreren galera eragin zuzena izaten ari dela inbertsioan eta kontsumoan, are gehiago pandemiak etengabe sortzen duen ziurgabetasuna handitzen ari delako, eta horrek pizgarri handiak eskatzen dituela inflazioa %2 inguruan kokatu arte. Alegia, %2ko inflazioaren helduleku ofiziala euroguneko hainbat kide ito ez daitezen aitzakia dela orain ere, iraganean izan den bezala, Mario Draghi bazuka ateratzea erabaki zuenetik.

Europar Kontseiluari begira

Azken asteetan bonuen erosketak apaldu egin ditu banku zentralak, «finantza merkatuak egonkorragoak direlako», baina erakundea prest dago edonoiz erosketak handitzeko. Egoera hobetu egin dela esan zuen Lagardek, baina abisu bat emanda: «Ez gaude pandemiaren aurretik geunden lekuan; hainbat gobernuk birfinantzatzeko pagatu behar dituzten interesak handiagoak dira orain».

Gauzak horrela, EBZko presidenteak mezu argi bat helarazi zion Bruselari. Banku zentrala bere lana egiten ari da, eta orain EBko estatu kideen txanda da. Ekonomia suspertzeko plan berezia «ahalik eta azkarrena» adostu eta onartzeko eskatu zien EBko goi agintariei. Ordezkari horiek gaur izango dute lehen harremana Europar Kontseiluan. Batzordeak proposatutako plana dago mahai gainean, eta interes kontrajarriak dituzten jokalariak ere bai gogor negoziatzeko prest.

«Garrantzitsua da Europako liderrek neurri sendoak adostea luze gabe», esan zuen Lagardek, presio eginez akordioaren prozesua luzatzeko aukera bere alde jartzen ari diren herrialdeei, Xuhurren Taldeari batik bat (Austria, Danimarka, Herbehereak eta Suedia).

Euroguneko ekonomiak urte amaieran %8,7 egingo zuela atzera aurreikusi zuen Frankfurteko erakundeak bere azken proiekzioan, baina abisu emanda pandemiak okertu zezakeela datu hori. Koronabirus agerraldiak nonahi sortzen ari direla ikusita, neurri berriak har ditzake EBZk bere hurrengo bilkuran.

Bien bitartean, asteon garbi geratu da zaila dela itun bat adostea asteburuko Europar Kontseiluan, Hegoaldeko kideen eta Xuhurren Taldearen nahiak urrun daudelako. 2021-2027 arteko Batasunaren aurrekontua 1,074 bilioi eurora murriztu du planak, baina 750.000 milioiren suspertze funtsari eutsi dio, 500.000 milioi laguntza zuzenetan, eta gainontzekoa maileguetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.