Gose grebak politika eta osasuna arriskuan jarri ditu Belgikan

Bruselan bizi diren ehunka migratzaile gose greban daude duela bi hilabetetik. Ez dute etsiko gobernuak bizileku baimena eman arte. Igandetik, batzuk egarri greban daude

Gose greba egiten ari diren migratzaileak, okupatutako San Joan Bataiatzailearen elizan, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Kezka areagotu egin da aste honetan Belgikan, gose eta egarri greban dauden migratzaileek bizia galdu baitezakete bizileku baimenaren esperoan. Bruselako San Joan Bataiatzailearen elizan eta Unibertsitate Askeko bi campusetan bizi diren 450 migratzaile inguruk gose greba hasi zuten joan den maiatzaren 23an; helburu garbi batekin: Belgikako Gobernuak migratzaileen erregularizazio kolektiboa bermatzea. Gose greban dauden migratzaileek salatu dute ez dutela «legezko estatusik», urte luzez herrialdean bizitzen eta lanean egon arren.

Aldaketa handirik gabeko bi hilabeteren ostean, migratzaileen egoerak okerrera egin du aste honetan. Gose greba egiten ari ziren lagunetatik hogei inguruk pauso handiago bat eman zuten herenegun: egarri greba egingo dute Belgikako Gobernuak haien eskariei erantzun arte. Gurutze Gorria eta Munduko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeek gose eta egarri grebaren arriskuaz ohartarazi zuten: «Migratzaileen osasun fisiko eta mentalak azkar egingo du okerrera grebak hainbat egun irauten badu».

Hain zuzen, ordu gutxian larritu zen egoera. Egarri greba hasi eta ordubetera, bi lagun ospitalera eraman zituzten. Hurrengo orduetan, migratzaile gehiago ospitaleratu behar izan zituzten. Gurutze Gorria erakundeak bidalitako txosten bat irakurri ondoren, Belgikako Gobernuak medikuak bidali zituen elizara igande gauean, hala nahi zutenak artatu zitzaten.

Migratzaile gehienak Asia hegoaldetik eta Afrika iparraldetik iritsi ziren Belgikara, eta urteak eman dituzte han bizitzen.COVID-19aren pandemiak eztanda egin baino lehen, migratzaile gehienek eraikuntzan lan egiten zuten. Osasun krisiak eragindako kalteen ondorioz, ordea, lanpostuak galdu eta beren bizia «arriskuan» ikusi zutela salatzen dute grebalariek: «Lan egiteko eskubidea besterik ez diot eskatzen Belgikako Gobernuari. Zergak ordaindu nahi ditut; nire seme-alabak hemen haztea nahi dut», adierazi zion gose greba egiten ari den migratzaile batek Reuters berri agentziari.

Erabaki jakinik ez

Migratzaileen eskariek mota guztietako erreakzioak eragin dituzte Belgikako politikan. Valoniako PS Alderdi Sozialistak mehatxu egin zion herenegun Alexander De Croo Belgikako lehen ministroari, migratzaileren bat hiltzen bada koalizio gobernua utziko duela esanez. Halaber, Jean-Marc Nollet Valoniako Ecolo alderdi ekologistako kopresidenteak ere abisua eman zuen Twitterreko kontuan: «Gure ekintzak guztiz koherenteak izango dira gure hitzekin, eta halaxe jakinarazi diogu lehen ministroari».

Gobernuko ministroen ohartarazpenei erantzunez, Belgikako lehen ministroak herenegun esan zuen «arazoak sortu» beharrean, haien lana «irtenbideak aurkitzea» dela, eta «herrialdeari komeni zaion azken gauza krisi politiko bat piztea» dela.

Hil honen hasieran Olivier De Schutter NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen eta muturreko pobreziaren arduraduna migratzaileen bizilekuan egon zen. Bisitaren ostean, De Schutterrek eta Felipe Gonzalez NBEko migratzaileen giza eskubideen arduradunak gutun bat bidali zioten Sammy Mahdi Belgikako Gobernuko Asilo eta Migrazio idazkariari; Mahdi ez dago erregularizazio kolektiboaren alde: migratzaile bakoitzaren egoera banan-banan ikertzearen aldekoa da. Gutunean, NBEko ordezkariek «nazioarteko konpromiso betetzeko» eskatu zioten Mahdiri.

Estatuko Asilo eta Migrazio idazkariaren erantzunak, baina, ez zuen bat egin migratzaileen eskariarekin. Haren arabera, «gose greben araberako erabaki bat hartzeak, hau da, eskaera benetan izapidetu gabe bizileku baimena emateak, funtsezko prozedura dena zentzugabe bihurtuko luke». Egun, dokumentaziorik gabeko 150.000 migratzaile bizi dira Belgikan.

Hala ere, Paul Magnette Valoniako PSko presidenteak azken orduetan «aurrerapenak» egon zirela jakinarazi zuen atzo. Mahdik egoera kudeatzeko bitartekari bat izendatu, eta elkarteekin hitz egitea onartu zuen.

Ikusteko dago Belgikako Gobernuak zer erabaki hartuko duen datozen egunetan, baina, bitartean, ehunka migratzaile gosez eta egarriz hiltzeko arriskuan daude. Dena den, haiek argi dute: «Dokumentazioa jasotzeko hil behar badugu, hil egingo gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.