Urtea hasi zenetik 800 tortura kasu zenbatu dituzte Mexikon

Causa en Comun erakundeak «ankerkerien» 6.314 biktima baieztatu ditu, eta aldaketak exijitu agintariei. Gutxienez 341 emakume hil dituzte «muturreko krudelkeria» erabilita

Hilketa baten ikerketa, Atizapanen, Mexikoko estatuan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Irailean, «muturreko indarkeria» gisa sailkatutako 438 ekintza erregistratu ditu Mexikoko Causa en Comun gobernuz kanpoko erakundeak. Besteak beste, gutxienez 109 lagun torturatu dituzte; 800 urtea hasi zenetik. Datuek «min eta krudeltasun mosaiko bat» uzten dute agerian, erakundearen hitzetan: «Izugarrikerien pilaketaren aurrean hunkitzeko gaitasuna berreskuratzea da helburua».

Mexikoko hedabideek argitaratutako «ankerkerien» zenbaketa egiten du erakundeak, krimenik larrienak aztertuz; hau da, «heriotza edo muturreko tratu txarrak eragiteko asmoz nahita erabilitako indarkeria fisikoa, helburu duena pertsona kopuru handi baten, pertsona zaurgarrien edo interes politikoko pertsonen heriotza, edo terrorea eragitea». Hala, adierazi dute urtea hasi zenetik biktima gehien zenbatu dituzten hilabetea izan dela iraila: 1.490 denera, 2020ko epe bereko kopurua halako bi baino gehiago. Gorakada horren atzean migratzaileen aurkako erasoak daudela nabarmendu dute. Esaterako, irailaren 7an, Aguascalientes estatuan bahituta zeuden 341 migratzaile erreskatatu zituen Poliziak.

Halere, bahiketez gain, «ankerkeria» mota ugari izan dira urtea hasi zenetik: torturak (gutxienez 800 kasu), «mutilazio, zatikatze eta gorpuen suntsiketak» (640 kasu), hilobi klandestinoen aurkikuntzak (502), sarraskiak —hiru lagun edo gehiagoren hilketak— (418) eta «muturreko krudelkeriaz eginiko emakumeen hilketak» (341) dira ohikoenak. Hala, «muturreko krudelkeriaz» hildako emakume kopurua 2020an erregistratutakoa halako bi da jada: 171 kasu erregistratu zituzten iaz.

Horiez gain, 290 haur eta neraberen hilketak baieztatu dituzte; baita giza eskubideen aldeko hamasei ekintzailerenak eta zazpi kazetarirenak ere, besteak beste. Denera, muturreko indarkeriaren 6.314 biktima. Kontuan izan behar da epe berean 22.611 hilketa zenbatu direla herrialdean, Mexikoko Gobernuak emandako datuen arabera. Horiei desagertutako herritarrak gehitu behar zaizkie: batez beste, egunean 23 lagun.

Errealitatearen lagin bat

Herrialde osoan baieztatu dira gisa bereko krimenak. Halere, Guanajuato, Jalisco, Michoacan eta Chihuahua estatuetan zenbatu dituzte gehien; horietako bakoitzean, Coahuila, Yucatan, Aguascalientes eta Hego Kalifornia Beherean erregistratutako krimenen baturaren bikoitza baino gehiago atzeman dituzte. Besteak beste, Guanajuaton 39 adingabe hil dituzte, eta Mexikoko estatuan, 23 emakume, «muturreko indarkeria» erabilita. Halere, erakundeak uste du kopuruak are handiagoak izango direla, ziurrena delakoan hedabideek hainbat kasu larriren berririk ez izatea: «Izugarrikerien galeria baten adibideak soilik dira».

Horiek hala, Causa en Comun-ek ezinbestekotzat jo du gobernuei aldaketak exijitzea; batez ere «indar polizialak eta fiskaltzak berritzeko» eta «komunitateari kalte egin dioten kasuak ebazteko» lan egin dezaten. Horretarako, tokian tokiko errealitateak ulertzeko mekanismo berriak sortzea eskatu dute, helburu luketenak «segurtasun eta prebentzio politikak eraikitzea». Horien artean, ezinbestekotzat jo dituzte «arreta psikologiko berezitua» eskaintzeko gai izango diren osasun programak. Izan ere, gobernuz kanpoko erakundekoek nabarmendu dute krimen horietako asko ez direla talde kriminalek eginak: «Indarkeria kriminala da, baina baita familia indarkeria, komunitarioa eta soziala ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.