Errepideetako protestak eteteko eskatu die Bolsonarok bere zaleei

Brasilgo jarduneko presidentearen aldekoek «esku hartze militarra» eskatu dute Lularen aurka. Plazetako protestak «joko demokratikoaren parte» dira, Bolsonaroren ustez

Bolsonaroren aldekoak, herenegun, Lularen aurkako «esku hartze militarra» eskatzen, Rio de Janeiron. ANTONIO LACERDA / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Igandean Luiz Inacio da Silva Lula ezkertiarrak Brasilgo hauteskundeak irabazi zituenetik, Jair Bolsonaro jarduneko presidente ultraeskuindarraren jarraitzaileek protesta ugari egin dituzte herrialdeko kaleetan. Kamioilariek, esaterako, Brasilgo errepide nagusiak blokeatu dituzte, eta, hala, trafikoa oztopatu. Bolsonarok bere jarraitzaileei atzo goizaldean eskatu zien errepideetako protestak eteteko, «joan-etorriak errespetatzeko», hain zuzen. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, errepideak «askatzeko» eskatu zien ultraeskuindarrak, haren aldeko mugimenduak «zilegitasuna gal ez dezan».

Eskatu, eta bete. Anderson Torres Brasilgo Justizia ministroak atzo sare sozialetan adierazi zuenez, errepideetako blokeoak «gutxitzen ari dira». Brasilgo Errepideetako Polizia Federalaren arabera, astearen hasieran Brasilgo 27 estatuetatik 23tako errepideetan zeuden protestak, eta atzo, berriz, hamabitan identifikatu zituzten.

«Esku hartze militarra»

Ultraeskuindarraren aldekoak bestelako mobilizazioak ere egiten ari dira. Herenegun, esaterako, Brasilgo kuartel militar ugariren inguruan bildu ziren Bolsonaroren aldekoak protestan, eta Lulak osatuko duen gobernuaren aurkako «esku hartze militarra» eskatu zuten. Jarduneko presidenteak babestu egin ditu, sare sozialetan atzo zabaldutako mezu baten bidez: «Joko demokratikoaren parte dira».

Lulak 2023ko urtarrilaren 1ean egingo du presidente karguaren zina, eta hori eragotzi nahi dute Bolsonaroren jarraitzaileek, herrialdeko plaza askotan adierazi dutenez, «esku hartze militar baten» bidez. Manifestariek aldarrikatu dute «baimena» ematen diotela Bolsonarori Brasilgo indar armatuei deitzeko. Horrela, parlamentua eta Auzitegi Gorena «ixteko» eskatu zioten jarduneko presidenteari. Eskuin muturreko taldeek antolatu dituzte manifestazioak, eta sare sozialen bidez egin dituzte deialdiak.

Sao Paulon, Rio de Janeiron eta Brasilian egin dituzte protestarik handienak, eta Esku hartze federala da pankarta gehienetan irakur zitekeen leloa. Brasilgo konstituzioaren 34. artikuluari egiten zioten erreferentzia. Horren arabera, «Brasilgo Gobernuak esku har lezake, beharrezkoa balitz eta eskura dauden bitartekoen bidez, errepublika, ordezkaritza sistema eta erregimen demokratikoa bermatzeko». Manifestariek erabiltzen duten aitzakia hau da: Lularen gobernu batek Brasil «komunista» bihurtuko lukeela.

Atzo, Brasilgo Hauteskunde Auzitegi Goreneko presidente Alexandre de Moraesek gaitzetsi egin zituen Bolsonaroren aldekoek egindako «ekintza antidemokratiko eta kriminalak». Horrez gain, hauteskundeak amaitu direla eta demokrazia «gailendu» dela nabarmendu zuen magistratuak.

Igandean egin zuten Brasilen presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia: Lulak botoen %50,9 eskuratu zituen, eta ia bi punturen aldea atera zion eskuin muturreko hautagaiari (%49,1). «Bolsonarok oraindik ez nau deitu zoriontzeko, eta ez dakit nire garaipena aitortuko duen ala ez», esan zuen bozen garaileak, emaitzen berri izan bezain pronto egin zuen mintzaldian.

Bolsonarok 44 ordu behar izan zituen erantzuteko. Azaroaren 1ean egin zuen lehen agerraldia, eta ez zuen aitortu Lulak irabazi zuela. Esan zuen konstituzioari «leial» izango zaiola; hau da, uler liteke ez duela emaitza inpugnatzeko asmorik. Bolsonarok atzo esan zuen, ordea, «triste eta haserre» dagoela emaitzekin.

Hala ere, atzo ziren hastekoak trantsizio prozesua egiteko lehen mugimenduak. Lulak azaldu zuenez, Geraldo Alckmin presidenteordeak koordinatuko du haren taldea Bolsonaroren gobernuarekin.

Bestalde, Bolsonaroren jarraitzaileek salatu dute hauteskundeetan «iruzurra» izan dela, baina herrialdeko erakunde publiko askok gezurtatu egin dute hori. Dena dela, gobernuak kontrolatutako PRF Brasilgo Trafikoko Polizia Federalak gutxienez 560 operazio egin zituen igandean, hautesleak garraiatzeko ibilgailu publikoetan; guztiak, ustez, Lularen aldekoak diren eskualdeetan. Hautesleek eurek salatu zituzten operazioak sare sozialetan.

Bozak irabazi zituela jakitean, Lulak «demokrazia» aldarrikatu zuen sare sozialetan. Haren itzulerak sakondu egingo du Latinoamerikan azken urteetan izandako ezkerrerako bira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.