Balkanetako gerrak. Epaiketa

Bosniak hiltzailearenak egin du

Ratko Mladic Bosniako indar serbiarren jeneral ohiari bizi osoko kartzela zigorra ezarri dio Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak, Bosniako gerran «garbiketa etknikoa» agindu zuela ebatzita

Ratko Mladic Bosniako indar serbiarren buruzagi izandakoa atzo Hagan, haren kontrako epaiketara iristen. PETER DEJONG / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ebazpena irakurtzen hasi zen atzo Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiko presidentea Hagan (Herbehereak), eta Ratko Mladic akusatuak ezin izan zion eutsi. «Gezurra da dena! Gezurti batzuk zarete!», egin zuen oihu Bosniako gerran (1992-1995) indar serbiarren jeneral izandakoak. Haren abokatuek beti esan izan dute Balkanetako harakina deitutakoak ez zuela Bosnia eta Herzegovinako musulmanen, bosniaken, genozidioa agindu, gidatzen zituen soldaduek haien kabuz jokatu zutela. Hala eta guztiz ere, auzitegiaren ebazpena argia da: bizi osoko kartzela zigorra ezarri dio, 1995eko uztailean Srebrenican (Bosnia eta Herzegovina) gauzatutako sarraskia zuzentzea eta gerra krimenak zein gizateriaren kontrakoak egitea egotzita. Egin du bosniak hiltzailearenak, nahiz eta haren defentsak iragarri sententziari helegitea jartzeko asmoa duela.

Hagan epaitutako Jugoslavia ohiko gerra kriminal nagusien artean azkena izan da Mladic, 74 urtekoa —iazko martxoan epaitu zuten Radovan Karadzic, eta 40 urteko kartzela zigorra ezarri zion auzitegiak Bosniako serbiarren buruzagi ohiari—. Gerra bukatuta, hamasei urte egin zituen ihesean, harik eta 2011ko maiatzaren 26an Serbia iparraldean, lehengusu baten etxean, atxilotu zuten arte. Orduan estraditatu zuten Herbehereetara.

Iazko abenduan fiskaltzak aurkeztutako ondorioetako bi oso argigarriak izan ziren. Batetik, Srebrenicako sarraskian Mladicek «oinarrizko rol bat» jokatu zuela zioen txostenak; eta, bestetik, Bosniako gerraren helburu nagusia «garbiketa etnikoa» zela.

Beraz, fiskaltzak leporatzen zizkion 11 karguetatik hamarretan errudun jo dute. Ezereztea, hilketa, jazarpena, terrorea, ekintza gizagabeak... Bosnia eta Herzegovina iparraldeko sei herritan genozidioa gauzatzea egozten zion fiskaltzak, baina kasu horretan absolbitu egin dute. Hori gorabehera, ebazpenak dio militarrak asmo zuela «musulman bosniarrak eta kroaziarrak hiltzea, nazioarteak [auzian] esku hartu aurretik».

Defentsaren arabera, Mladicek «bigarren mailako rola» jokatu zuen gerra hartan. Militar ohiak berak, ordea, bere burua salatu zuen 1995eko uztailean Srebrenicara heldu zenean. Telebista kamera baten aurrean ondoko hau adierazi zuen: «Oparitu diezaiegun serbiar Srebrenica serbiar herriari. Turkiarrez [serbiarrek, erdeinuz, hala deitzen diete musulmanei] mendekatzeko garaia heldu da». Eta esandakoa bete zuen, Srebrenican 12 eta 60 urte bitarteko 8.000 bat gizonezko bosniak hil baitzituzten indar serbiarrek, uztailaren 12 eta 17 artean.

Mladicen kontrako ebazpena telebista baten bueltan ikusteko bildu ziren, atzo, Srebrenicako Amak elkartekoak. Hala gogoratu zuen Munira Subasic elkarteko kideak: «Kamerak filmatzen ari ziren bitartean, txokolatea eta gozokiak eman zizkien [Mladicek] haurrei, eta esan zigun ezer ez zela gertatutako, ez genuela beldurtuta egoteko motiborik». Ondoriozta daiteke, beraz, militar ohia despistatu egin zela mendekuaz hitz egin zuenean. Baina alde egin zuten kamerariek. «Eta orduan agindu zuen hilkor zen oro hiltzeko, bortxagarria zen oro bortxatzeko, eta, azkenik, guri agindu zigun alde egiteko, 'hiri etnikoki garbi bat' egin ahal izango zuelako hala», kontatu zion Subasicek Reuters berri agentziari. Ebazpenaren berri eduki ondoren, emakumezko horietako batzuk Srebrenicako hilerrira joan ziren, eta beren familiako kideen hilobiak besarkatu zituzten.

Beste hiri batean, Sarajevo hiriburuan, lau urte iraun zuen (1992-1996) serbiarren setioak, eta 1.500 bat egunen buruan 12.000 lagun hil zituzten. Hala dio ebazpenak. «Bosniak zibilen kontrako terrore kanpainan, jaurti zituzten granadak serbiarrik ez zegoen auzoetara, frankotiratzaileak zeuden, eta berebiziko hornidura eten zuten». Hain zuzen ere, fiskaltzak froga gisa erabili du Mladicek sasoi hartan Sarajevon izandako elkarrizketa bat. «Tiro egin Velusicera [auzo bat]. Han ez daude serbiar gehiegi». Beste froga bat: «Bada, nik Londres bonbardatuko dut!». Hori erantzun zuen AEBek eta NATOk posizio serbiarrak bonbardatzeko asmoa zutela jakinarazi ziotenean.

Haren defentsak, aldiz, kontrako bertsioari eutsi dio epaiketan. Abokatuen txostenek diote goitik zituen agintariek agintzen ziotela serbiarrak ez ziren zibilei jazartzea, eta Mladicek agindu horiek «aldatu» zituela.

Janzkera aldatu du haren kontrako prozesu judiziala abiatu zutenetik. Hasieran, buruko militarrarekin jantzita joaten zen, eta mehatxu keinuak egiten zituen. Atzo, ordea, trajea eta gorbata aukeratu zituen, eta kamerei irribarre ere egin zien hasieran. Baina auzitegiko presidentea ebazpena irakurtzen hasi zenean, Mladicek komunera joateko baimena eskatu zuen. Handik itzultzen ez zenez, haren abokatuak jakinarazi zuen bere bezeroak «tentsioarekin arazoak» zituela, eta, hortaz, epaia atzeratzeko eskatu zuen. Darko semeak kontatu zuen, gainera, bere aitak lau bihotzeko jasan dituela «jada». Bueltatu zen ordubete geroago, eta orduan hasi zitzaion presidenteari garrasika.

Bizitza eta heriotzaren jabe

Jugoslaviako armadaren garaian kide izan zituen musulmanen eta kroaziarrek inoiz adierazi dutenez, komunista sutsua zen orduan Mladic. Ondoren bihurtu zen muturreko nazionalista serbiarra; ondoren bilakatu zen, epaiak nabarmendu duen moduan, «bizitzaren eta heriotzaren jabe».

Serge Brammertz fiskaltzako buruaren hitzetan, epaia «mugarria» da. Eta horren edukia dela-eta pozik zeuden Srebrenicako herritarrak. Camil Durakovic 1995ean alkate zenak esan zuen hango hainbat lagunek «pozez» negar egin zutela. «Pozik nago. Espero dut eskualdean ulertzea halako gertakariak ukaezinak direla», gaineratu zuen. Izan ere, serbiar askok ez dute onartzen Srebrenican genozidio bat gertatu zenik; are, heroitzat dute Mladic. Aleksander Vucik Serbiako presidenteak «etorkizunera» begiratzeko eskatu zuen. Nabarmendu zuen epaiak ez duela ezustean harrapatu. «Ezin dira justifikatu izen eta abizen serbiarrak dituen norbaitek egindako krimenak». Andrej Plenkovic Kroaziako lehen ministroari «egokia» iruditzen zaio ebazpena. Dena den, epaiketak berak ez du asebete: «Zoritxarrez, epaiketa honek ez ditu helburu izan Mladicek Kroazian ere egindako gerra krimenak».

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak ebazpena «ospatu» zuen, iruditzen baitzaio Balkanetan «bakea eta adiskidetzea» hauspotzen dituela. Eta Zeid Ra'ad Al Husein NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariak pentsatzen du justiziaren «garaipen transzendentala» dela ebazpena, «Mladicek deabrua haragitzen baitu». Human Rights Watchentzat, zigorrak «mezu bat» helarazten die egunero «basakeriak» egiten dituztenei. AI Amnesty Internationaleko John Dalhuisenek gogorarazi zuen, dena dela, gerra hartan behartuta desagertutakoen «milaka kasu» argitu gabe daudela oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.