Zubiak etenda daude Iraken

Armadak 34 manifestari hil ditu Nasiriyan eta Bagdaden, gobernuaren aurkako protestetan ari zirela. Gobernuari «azkar dimititzeko» eskatu dio orain arte babesa eman dion buruzagi xiita ezagun batek

Nasiriya hiriko zubi batean manifestari asko bildu ziren atzo, zubia blokeatzeko, gobernuaren aurkako protestetan. HAIDER AL-ASSADEE/ EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Erabat gaiztotuta segitzen du giroak Iraken, eta atzoko istiluetan, armadak 34 manifestari hil eta 118 zauritu zituen Nasiriya hirian eta Bagdad hiriburuan, Giza Eskubideen Irakeko Behatokiaren arabera. Herritarrak kalera atera ziren atzo ere, Abdul Mahdi lehen ministroaren gobernuaren aurka protesta egitera, eta parez pare izan zuten armada.

Nasiriyan, Abdul Mahdi lehen ministroaren jaioterrian, bi zubi blokeatzen saiatu ziren manifestariak, eta militarrek balak eta negar gasak erabili zituzten zubian eserita zeudenen aurka; 30 lagun hil zituzten. Protestan ari zirenen erantzuna izan zen polizia etxe bati su ematea. Bagdaden, parlamentuaren ingurura gerturatzen saiatu ziren manifestariak, eta lau hildako eragin zituzten armadako kideek. Nasiriyako gertakari horien harira, AFP agentziak atzo bertan zabaldu zuen, Irakeko hedabideak aipatuz, Mahdi lehen ministroak Yamil al-Xamry jenerala kargugabetu duela, Nasiriyan «ordena jartzera» bidalitako bat.

Militarrek, «protestak amaitze aldera», bi erabaki ere hartu zituzten atzo: batetik, «krisi taldeak» sortu dituzte, eta, bestetik, «larrialdietarako unitate bat» ere bai. Haien esanetan, probintzietako gobernadoreei «euren lanean laguntzeko neurriak dira».

Kontrako norabidean doaz Muqtada al-Sadr erlijioso eta politikari xiita garrantzitsuenetako batek egindako adierazpenak: «Berehala dimititu behar du gobernuak, odolusteari amaiera emateko, eta, ez badu hori egiten, Iraken amaiera oso gertu egongo da». Gobernuaren jarduna oso gogor zigortu zuen: «Ustelak dira». Al-Sadren Sairun koalizioak jaso zuen boto gehien iazko bozetan, eta babestu egin du Mahdi orain arte.

Ikusi egin beharko da armadaren neurriak eta Al-Sadren adierazpenek izango duten eragina, baina istiluek ez dute azkar amaitzeko itxurarik. Urriaren hasieran hasi ziren herritarrak kalera ateratzen, gobernuari hainbat neurri eskatzeko asmoz: langabezia tasa handia amaitzeko eskatzen hasi ziren, ustelkeriaren kontra ere haserretu ziren, eta zerbitzurik eza ere salatu zuten. Protestek sei egun iraun zuten, eta 149 hildako izan ziren, armadak manifestarien aurka jo ostean.

Egoera baretzeko asmoz, Mahdi lehen ministroak aldaketak iragarri zituen gobernuan, eta baita beste neurri hau ere: goi kargudunen soldatak jaistea. Lasaitu zen giroa egun batzuetan, baina ez luzerako. Izan ere, urri amaieran berriz egin zuten eztanda lehen ministroaren eta gobernuaren aurkako oldarraldiek. Egoera gaiztoa ikusita, Barham Saleh presidenteak lehen ministroaren lepoa eskaini zien herritarrei, alderdiei eginiko honako proposamen honekin: «Lortzen baduzue Mahliren ordezko bat denen artean adostea, kendu egingo dut».

Bi aste joan dira presidenteak adierazpen horiek egin zituenetik, eta egoerak bere horretan segitzen du: herritarrak, kalean protestan; armada, manifestariak hiltzen eta eskumenak beretzat hartzen, eta etxeratze agindua Nasiriyan. Protestak hasi zirenetik, duela ia bi hilabete, 350 lagunetik gora hil dira, eta 15.000tik gora dira zaurituak. Heriotza gehienak Irak hegoaldean eta Bagdad hiriburuan izan dira. Bada beste datu bat ere kontuan hartzekoa: protesta gehienak xiitak gehiengoa diren probintzietan ari dira gertatzen. Mahdi lehen ministroa bera ere xiita da, hain zuzen. Oso aspaldikoak dira xiiten eta sunien arteko gatazkak Iraken, eta ez dira gutxi izan bien jarraitzaileen arteko gerrak herrialde horretan eta Ekialde Hurbileko beste leku batzuetan.

Irango enbaxada erre dute

Irakeko protestetan, manifestarien jomuga ez da soilik herrialdeko gobernua, Iran ere helburuen artean daukatelako —xiitak nagusi dira han— haien ustez «auzoko herrialdearen eragina handitu» egin delako Iraken, AEBek 2003an gerra piztu zutenetik.

Kontrako jarrera horren harira, hainbat lagunek Irango kontsuletxeari su eman zioten herenegun Najafen, eta bertako langileak ozta-ozta atera ziren eraikinak su hartu aurretik.

Eraso horrez gain, manifestariek xiiten erlijio agintarien aurka ere egin zuten asteazkenean, eta baita Imam Ali santutegiaren kontra ere —Mahomaren suhia dago hilobiratua bertan—. Bi kasuetan, Irango kontsuletxeari bezala, protestan ari diren manifestariek su eman zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.