Errusiak Afganistanerako «bakea» eskatu die talibanei

Moskuk integristen ahaleginak goraipatu ditu, baina ohartarazi die «gobernu inklusibo bat» behar dela egonkortasuna lortzeko. Sunitek herrialdearen «bakartzea» kritikatu dute

Talibanen ordezkaritzako kideak, atzo, Moskun, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa haien atzetik pasatzen ari zenean. ALEXANDER ZEMLIANICHENKO / EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Errusiak interes berezia du Afganistanen, besteak beste, ez duelako nahi herrialde horretako egoera ingurukoetara zabaltzea, eta, gerora, domino efektu baten bidez desegonkortasuna bere mugaraino iristea. Horregatik, Moskuk arreta berezia jarri du Ekialde Hurbileko estatu horretan «segurtasuna» eta «egonkortasuna» ezinbestekoak diren ideian, eta horiek finkatzeko talibanen ahaleginak goraipatu ditu. Kremlinaren iritziz, baina, testuingururik egokiena oraindik ez da iritsi: «Bakearena».

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak atzo egin zituen adierazpenok, inguruko hamar herrialde eta talibanak elkartu zituen nazioarteko konferentziaren lehen bilkuraren ostean. Moskun izan ziren, Errusiako eta Afganistango ordezkariez gain, Indiakoak, Irangoak, Pakistangoak, Txinakoak, Uzbekistangoak, Turkmenistangoak, Tajikistangoak, Kirgizistangoak eta Kazakhstangoak. AEB Ameriketako Estatu Batuak ere gonbidatu zituzten hitzordu horretara, baina, «arazo teknikoak» argudiatuta, ez zen Etxe Zuriko inor joan Errusiara.

Nazioarteko bilkura horren lehen aldian ez zuten hartu erabaki praktikorik, baina Lavrovek aukera baliatu zuen Afganistanek eta batez ere integristek dituzten helburuak finkatzeko; betiere, Moskuren ikuspuntutik, herrialde horretan duen eragina handitu nahi baitu: «Egoera militarra egonkortzeko egindako ahaleginak laudagarriak dira, baina bake egonkor bat lortzeko egitekoa garrantzitsua da oraindik ere. Talibanei eskatzen diegu eragotz dezatela Afganistango eremuaren erabilera beste herrialdeen kontra, batez ere bizilagunen aurka».

«Bake» horri begira, Errusiako Atzerri ministroak «giltzarritzat» jo zuen Afganistanek «egiazko gobernu inklusibo bat» izatea, eta gobernu horrek «herrialdeko politikak» eta talde etniko guztiak «egiazki islatzea».

Integristek iragan irailaren 6an eman zuten lantalde horren berri, eta hainbestetan hitzemandako «inklusibotik» gutxi du, nahiz eta talibanek kontrakoa baieztatu zuten; baita atzo ere, Abdul Salam Hanafi lehen ministrordeak kazetari bati adierazi zionez: «Jakin badakizu aurreko gobernuko 500.000 langile inguru ari direla gurekin lanean».

Bakea eta gobernabidea ez ezik, ekonomiaren egoera eta laguntza humanitarioa ere badira talibanen eta nazioartearen beste kezketako bat. Talibanek boterea hartzeak eta, ondotik, nazioarteko funtsen iturria itxi izanak hondoratuta utzi du Afganistango ekonomia, eta horren ondorioak geroz eta larriagoak dira herrialdean. Zabalik daude berriz banku gehienak, baina herritar bakoitzak gehienez ere 196,71 euro eskuratu ditzake astean.

Mendebaldeko gobernuek behin eta berriz esan dute laguntza humanitarioa bideratzeko asmoa dutela, baina ez dute nahi hori talibanen eskuetan utzi. Hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak konferentzia bat egin zuen iragan irailaren 13an, helburutzat jarrita 509 milioi euro biltzea Afganistanera bidaltzeko. Kopuru hori aise gainditu zuten, eta denera 847 milioi euro emateko prest azaldu ziren konferentzian parte hartutako herrialdeak; egun, baina, funts horien ehuneko txiki bat baino ez dute bidali.

Gerora, hilaren 12an egindako bilkura telematiko batean, G20koek Afganistanera laguntza humanitarioa bidaltzea adostu zuten. Kopuruei dagokienez, Europako Batzordeak proposatu zuen laguntzetan 1.000 milioi euro inguru ematea Asiako herrialdeari, eta Joe Biden AEBetako presidenteak 260 milioi euro inguru bideratzeko konpromisoa hartu zuen.

Horiekin batera, atzoko bilkuran aritu ziren herrialdeek ezinbestekotzat jo zuten kopuruak handitzea, eta NBEri eskatu zioten diru emaileen konferentzia bat antolatzeko.

Aitortzarik ez

Talibanek laguntza humanitarioa eskuratu zuten atzoko bilkuran NBEren arabera, 18 milioi lagunek behar dute, biztanleriaren erdiak—, baina oraindik ez daukate nazioartearen aitortzarik.

Afganistango lehen ministrordeak gainontzeko herrialdeei adierazi zien «bakartzeak» ez diola «onik egingo inori». Izan ere, mahaikideek erantzun ziotenez, «garai hori irits» liteke, baina, aurrez, integristek «nazioarteko komunitatearen itxaropenak betetzen» hasi behar dute. Oraingoz, hori da talibanek jaso duten baldintza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.