martxelo otamendi
Kataluniako hauteskundeak. ANALISIA

Legelarientzako interesgarria

2017ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ikusi gabeko jokalekua utz diezagukete osteguneko hauteskunde derrigortuek. Ikusi gabeko gertakizunen katean beste begi bat izango da, aurrez ikusi eta pentsaezinezko gauza larri asko gertatu baitira Katalunian.

Zerrendaburu bat, Puigdemont, Junts per Catalunyakoa, deserrian dago, derrigorrez plasma bidezko kanpaina egiten. Beste bat, Junqueras ERCkoa, kartzelan dago, kanpainan parte zuzena ezin harturik. Ikusi ote da horrelakorik inoiz demokrazia elektoralak munduan abiatu zirenetik? Beti dago bakarren bat, bat baino gehiago zoritxarrez, oso gustu gutxi erakutsiz argudia dezakeena egoera horrek mesede egiten diela hautagai horiei, errepresioak sinpatia korronteak sortzen dituelako botoa nori eman erabakitzeko orduan. Ez dut ezagutzen kanpaina hasieran kartzelara sartzeko motiborik nahita egin duen hautagairik, lau burdinen atzean egoteak mesede egingo diolakoan. Zer edo zergatik izango da.

Ostegun gauean JPC, ERC eta CUPen eserlekuen batura 68ra iristen bada, alegia, legebiltzar berrian gehiengoa badaukate, oso litekeena dena, presidente nor izendatuko duten pentsatu eta negoziatzen hasi beharko dute Katalunia estatu izatea nahi dutela esan duten hiru alderdi horiek. Legelarien arteko eztabaidarako oso osagarri interesgarriak dituen eszenatokia zabaltzen da.

Ikusita gaude, Gasteizko legebiltzarrean gertatu zen 1987ko otsailean, Juan Carlos Ioldi parlamentaria kartzelatik atera eta legebiltzarreko osoko bilkurara eramaten, lehendakarigaia zelako. Behin-behineko espetxealdian zegoenez gero, hau da oraindik epaiketa egin eta zigorra jaso gabekoa izanik, hautagai izateko eskubidea zeukan, eta praktikan jarri zuen. Ardanza aukeratu zuten lehendakari, Ioldi kartzelara itzuli zen eta ez zen gehiago joan legebiltzarrera. Antzeko egoeran egongo dira Puigdemont eta Junqueras. Presidentearen kasuan, hanka bat Principateko lurrean jarri orduko atxilotu eta kartzelara eramango dute.

Espainiako Auzitegi Goreneko Llarena magistratuak Espainiatik kanpo atxilotzeko nazioarteko agindua indargabetu izanak ez du esan nahi, bistan da, epaile horrek «territorio nacional» deitzen duen eremu horretan atxilotuko ez dutenik. Horrela gertatuz gero, biak, Puigdemot eta Junqueras egoera berean egongo dira, biak kartzelan, instrukzioaren eta ondorengo epaiketaren zain, eta kondenatu bitartean presidente, kontseilari eta parlamentari izateko eskubide osoarekin. Ez da baztertu behar, nahiz ondoren akordio bat egin dezaketen, biak aurkeztea presidente izateko, historiara pasatuko den irudi gogoangarria bezain salataria eskainiz: bi presidentegai parlamentuan diskurtsoa ematen eta saioa bukatutakoan Poliziaren furgonetan sartzen kartzelara itzultzeko.

Ikusi dugu, eta ikasi, behin- behineko espetxealdian dagoen preso bat izan litekeela presidentegai. Baina izan liteke presidente, edo parlamentari? Izan liteke presidente kargu horrek eskatzen dituen bete behar guztiak eginda? Lana bulego ofizialean, legebiltzarreko saioetara joan, jendaurreko saioetan parte hartu, bisitak egin bere administrazioko eskola eta ospitaletara, nazioarteko bidaiak egin, kanpoko agintariak hartu, Camp Nouko palkora joan Barçaren partidak ikustera, Liceura opera ikustera… Eta, argudioa are gehiago kiribilduta, presidente presoak izenda ditzake bere gobernuko kontseilari berarekin batera kartzelan egoera berean dauden hautagaiak. Ez dira auzi honekin aspertuko juristak datozen asteotan, jurisprudentziarik ez dagoelako, ez baita orain arte tamaina horretako aurrekaririk egon.

Espainiako Gobernuaren egoera asko zailduko du hori gertatzeak, eta prest edukiko du dagokion karpeta, 155ekoa eduki zuen bezala. Gobernu horren demofobia Europan salatzeko paregabeko beste aukera bat edukiko dute Kataluniako independentziazaleek, Madrilek erabakitzen badu presidente izendatu berriaren jarduna debekatzea edo eragoztea. Ezin izango die epaileei eskatu instrukzio express bat egitea, bermeen sistema batean epeak errespetatu egin behar direlako, eta presidentearen defentsak, komeni bazaio, instrukzioa luzatzeko estrategia landuko duelako. Kontua da, orain artekoak ikusita, Rajoyri eta Europako bere aliatu arduragabeei horrek asko axola dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.