Bederatzi dantza, baso ilunean

Bazka taldeak lehen diskoa ondu du: 'Basoaren ilunean dantza'. Poesia egin dute bederatzi doinu bortitzen gainean, eta horien bidez adierazi dituzte gaur egungo gizarteak eragindako zenbait zauri

Bazka musika taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Erik Berganza baxu jotzailea, Fer Apoa abeslaria, Hodei Esteban gitarrista, Txomin Urriza gitarrista eta Galder Izagirre bateria jotzailea. GALDER IZAGIRRE.
Miren Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Estricalla musika taldearen errautsetatik jaio da orain gutxi Bazka taldea. Bestelako doinu batean kantatzen duten arren, berberak dira taldekideak: Fer Apoa (ahotsa), Hodei Esteban (gitarra), Txomin Urriza (gitarra) eta Erik Berganza (baxua). Eta hala eman dute argitara taldearen lehen diskoa: Basoaren ilunean dantza. Galder Izagirre batu zaie, gainera, proiektu berrira; Dut, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetako bateria jotzailea.

Bederatzi abestik osatzen dute ondu berri duten diskoa: Basati-yak, Bhiena, Zau-biak, Idi-bihotz, Balea eta izotza, Oreinak, Saguzahar eta Baletxuria. Taldeko gitarra jotzaile Estebanen hitzetan, hain zuzen, basoaren ilunean kokatzen dira kantuon hitzak. Animaliak dira kantuen hitzak lotzen dituzten haria, eta horien bitartez azaltzen dituzte, hain justu, gizarteko askotariko gai edo gatazkak; «basakeria goraipatuz eta krudelkeria salatuz».

Horrela dio, esaterako, Basati-yak kantuak: «Gure ilargiaren bila jarraitzen dugu/ zeru hautsi baten pusken artean./ Mendi urdinaren beste aldera goaz/ itzulerarik gabeko bidaia zoragarri bat». Poesia darabilte kantuetan. Izan ere, hori da, taldearen ustetan, eurak mintzen dituzten eta gustatzen ez zaizkien gauzei erantzuteko modu bat.

Min horiek guztiak oihukatzea zuten xede, eta, hitzak ez ezik, doinuak ere badira oihu horien guztien bozgorailu. Izan ere, zarata handiko melodiak sortu dituzte, eta horien gainean eraiki animalien eta gizakiaren arteko harremanean sakontzen duten hitzak. «Alea eta ahotza/ Zaila da igeri egitea/ lohi urmael hontan/ Aro bakoitzak du berea/ Guk gurean borrokatu behar».

Detaile guztiak zaindu dituzte diskoan, eta horietako bakoitzarekin jolastu dira, gainera. Esaterako, diskoaren grabaketa «zikintzen» zuten hotsak bere horretan mantendu dituztela azaldu du gitarra jotzaileak, hartara «soinu biziago» bat lortzeko. Estebanen esanetan, prozesu horretan guztian, ezinbesteko izan dute Izagirreren laguntza: «Berak lagundu digu, besteak beste, taldeari bestelako ikuspegi bat ematen, eta gure proiektua borobiltzen».

Norabide berean sortu dituzte doinuak eta hitzak, beraz. Eta hala egin dute diskoaren azalarekin ere. Izan ere, Paul de Vos margolariaren obra bat erabili dute azalerako. Hain zuzen, txakur talde batek orein bati egindako erasoa ageri da margolanean. «Ferrek [Apoa] proposatu zuen azalerako margolana; indarra eta gordintasun handia duen irudi bat da, bat datorrena diskoarekin».

Taldeak berak egin du diskoaren argazkia hedabideei bidalitako promozio testuan: «Ez dugu gorenera iritsi nahi, beste aldean dagoena ikusi baizik». Zein da, baina, beste alde hori? Bada, Estebanek azaldu du unea bizi eta sortzen dutenarekin gozatu besterik ez dutela egin nahi: «Guk ez dugu goia eta behea logikan sinesten, eta, egia esan, ez dugu goraka egiteko inolako asmorik. Hain arrotz egiten zaigun mundu hau aldatzera deitzen gaituen indar bat da bide hau. Horretan eman dugu gure ibilbide guztia, eta horretan jarraituko dugu».

Emaitzarekin «pozik»

Estebanek azaldu du, halaber,ahoko zapore goxoa utzi dielaemaitzak, eta ontzat jo du diskoa argitaratu osteko denbora ere: «Uda ez da garairik onena izango disko bat ateratzeko, baina guk ez genuen aurretik espektatibarik sortu nahi izan. Taldekideok bagabiltza bestelako proiektu batzuetan ere, eta honako hau gozatzeko izan zedin nahi genuen». Entzuleen artean harrera ona izan du diskoak, eta ari dira jasotzen, poliki-poliki, kontzertuetarako eskaerak. «Batzuetan, eskaeretara ezin iritsi gabiltza, baina oso seinale ona da hori. Oso eskertuta gaude publikoarekin». Urrian eta azaroan ekingo diote, beraz, agendak betetzeari, orduantxe hasiko baitira plazak baso iluneko dantza bihurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.