Albistea entzun

Etxeko sekretuak, egiak eta lotsak

Vaiven konpainiaren 'Familia sarekada' antzezlana emango dute gaur eta bihar Donostiako Antzoki Zaharrean. Konpainiaren 25. urteurrena dela eta, X5 kolektiboaren 'Abestiak gogoan' diskoa argitaratuko dute gaur
Ezkerretik eskuinera, Mikel Laskurain (Koldo), Xanti Korkostegi (Aitor) eta Ana Pimenta (Monika), <em>Familia sarekada</em> obra berria antzezten.
Ezkerretik eskuinera, Mikel Laskurain (Koldo), Xanti Korkostegi (Aitor) eta Ana Pimenta (Monika), Familia sarekada obra berria antzezten. VAIVEN KONPAINIA Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko urriak 14

Ez da giro Villaorduña sendiaren etxean. Izan ere, Informatika Delituen Unitateko komisario Anderrek (Nerea Gorriti), familiako kideen ezkutuko intimitate eta lotsa guztiak agerian utziko ditu haien etxeko txirrina jo orduko. Komisarioak leporatuko die familiako kideren batek pornografia sare bat daukala zerbitzari informatiko partekatu batean. Orduantxe abiatuko da Familia sarekada antzezlana, Vaiven konpainiak taularatua. Gaur eta bihar izango da ikusgai, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Hankaz gora jarriko da, beraz, Villaorduñatarren etxeko giroa. Egozten zaizkien delituen erruduntzat joko ditu tramaren hasierak, baina ikusleak pixkanaka jakingo du akusazioen oinarri diren artxiboak ez direla hasieran ziruditenak. Ana Pimenta konpainiako zuzendariak egin du istorioaren argazkia: «Ikusleak pertsonaien errugabetasunaz ohartzen diren neurrian, komisarioaren galderen eta akusazioen eraginez, familiako kideek susmoa hartuko diote elkarri, baita nork bere burua zalantzan jarriko ere».

Lau dira familiako kideak. Gurasoak: Koldo (Mikel Laskurain) eta Monika (Ainhoa Aierbe) —gaztelerazko bertsioan, Pimentak egingo du Monikarena—, eta seme-alabak: Aitor (Xanti Korkostegi) eta Nora (Aitziber Garmendia). Istorioak aurrera egin ahala, beti sarera konektatuta egon arren, euren artean erabat deskonektatuta daudela konturatuko dira lau protagonistak. «Zenbat eta gehiago konektatu, orduan eta gutxiago ezagutzen dute elkar, eta orduan eta gehiago traizio egiten diote elkarri», nabarmendu du konpainiako zuzendariak.

Azkenerako, errugabetzat joko ditu inspektoreak Villaorduñatarrak. Horrek, ordea, ez ditu bere tokian jarriko gauzak; sekretuak eta lotsak jangelako mahaiaren gainean utzita egingo baitu alde etxetik inspektoreak.

«Zenbateraino lotsatzen zara zeure intimitateaz algoritmoen moral puritanoak epaitzen zaituenean?». Bada, Pimentaren arabera, galdera hori planteatuko dio obrak ikusleari. Argitu du, halaber, ez dutela moralista izatea xede: «Gure konpainia antzerki independentearen oinordekoa da. Hortik abiatuta, ikusleengan eragiten saiatzen gara».

Umorea erabiliko dute ikusleak hausnartzera bultzatzeko zubi gisa. Hortaz, Interneteko pribatutasunari lotutako jazarpenaren garaian, «komedia basati» gisa izendatu du konpainiak antzezlana. Horren bidez, beraz, Vaiveneko zuzendariaren hitzetan, gaur egungo teknologiarekiko mendekotasuna salatzea izango du helburu lanak: «Sareetan ez bazaude, ez zara existitzen, baina egoteko zure irudi autozentsuratua sortu behar duzu. Autozentsurak pobretze intelektuala eragiten du beti, eta hori aprobetxatuko dugu komedia tonuan erretratatzeko».

Vaiven konpainia ez du talde handi batek osatzen, eta, hain justu, horrek batu ditu gaur egun hartan diharduten kideak. Gaztelerazko testua, esaterako, Antonio Muñoz de Mesa gidoilari eta ekoizlearena da, eta euskarazkoa, berriz, Aizpea Goenagarena. Olga Margallo aritu da zuzendari lanetan, eta harekin batera, Dorleta Urretabizkaia. Iñaki Salvadorrena da musika, eta Jose Tomerena, berriz, eszenaratze espazioa. Eszenografiaz eta atrezzoaz Monica Teijeiro arduratu da, eta argiztapen diseinuaz, berriz, Xabier Lozano.

30 emanaldi egingo dituzte denera. 21 euskaraz eta bederatzi gazteleraz. Ikuskizunen erdiak baino gehiago euskaraz egingo ditu Vaivenek, eta Pimentak honela arrazoitu du erabakia: «Kanpora zabaldu nahi dugu egiten dugun lana, baina, era berean, ondo dakigu nondik gatozen eta non sortuak garen».

25. urteurrena

Efemeride bat ospatzearekin batera sortu da Familia sarekada. Izan ere, konpainiak ez ditu alferrik 25 urte egin aurten. Horrekin batera, X5 (Biderbost) kolektiboaren Abestiak gogoan albuma kaleratuko du bihar Vaivenek; hain justu, Xabier Leteren, Imanol Larzabalen, Joseba Sarrionandiaren eta Orixeren doinuei beste bizialdi bat emango dien diskoa. Bost artista dira X5 taldeko kide: Karlos Gimenez (pianoa), Nerea Gorriti (ahotsa), Iñaki Salvador (pianoa), Franciso Herrero (biolina) eta Petti (harmonika eta ahotsa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

2023ko Bertsoaoa zikloko irudia, Leire Urbeltzek egina. ©Nafarroako Bertsozale Elkartea

Iruñeko Bertsoaroa otsailaren 9tik martxoaren 2ra eginen dute

Berria

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolaturik, sei emanaldirekin osatu dute zikloaren egitaraua. Lehenbiziko aldiz, bertso afari bat ere izanen da.

Gorka Moreno, Amaia Ozerin eta Patxo Telleria, gaur goizean, 'Sormen Ola' proiektuaren aurkezpenean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gazteentzako tailer sorta bat antolatu dute Loraldiak eta EHUk

Olatz Enzunza Mallona

Gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko asmoz, Sormen Ola programa abiatu dute Loraldiak eta EHUk. Parte hartzaileek formakuntza tailerrak jasoko dituzte hilean behin, sortzaile profesionalek gidatuta. Larunbatean egingo dute lehenengo saioa.

Slawka Grabowska eta Amaia Garcia antolatzaileak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Kultura diputatua eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, gaur goizean, jaialdiaren aurkezpenean. ©Jon Urbe / Foku

Otsailean egingo dute Lumafest jaialdia Donostian, bigarrenez

Naroa Torralba Rodriguez

Zabalik dago mikrokontakizunak bidaltzeko epea. Otsailaren 9tik 11ra tailerrak eta hitzaldiak izango dira Koldo Mitxelena kulturunean.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.