Hamalau lan lehiatuko dira Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean

Lehian izango direnen artean, Europako, Ameriketako eta Asiako ekoizpenak daude. Tartean dago Maider Fernandez euskal herritarraren 'Las letras de Jordi' filma

Hinde Boujeema tunisiarraren Le Rêve de Noura filmeko irudi bat; egilearen bigarren lan luzea da. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Miren Garate.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Idoia Elorbe Kutxabankeko ordezkariak atzo goizean aurkeztu zituzten jaialdiko Zuzendari Berriak sailean parte hartuko duten filmak. Zinema Eraikitzen 35, Glocal in Progress eta Ikusmira Berriak programetako saridunak daude horien artean, eta badago nabarmentzen den gai bat ere: familiako gatazkak eta seme-alaben eta gurasoen arteko harremanak.

Lehen edo bigarren filma duten zinemagileen lanak bildu ohi dira sail horretan; hori izaten da baldintzetako bat. Hautatuen artean zortzi opera prima daude, eta sei bigarren film. Hain zuzen, bigarren filma duten zuzendari horietako hiru aurrez ere egon izan dira Zuzendari Berriak sailean izendatuta.

Ignas Jonynas da horietako bat (Vilnius, Lituania, 1971). Losejas erakutsi zuen 2013an, eta Nematoma ekarriko du aurten, dantza lehiaketa batean itsuarena egingo duen gizon bati buruzkoa. Lituanieraz filmatutako lan hori saritu zuten iaz Glocal in Progressen.

Svetla Tsotsorkova zuzendari bulgariarra (Burgas, 1977) Jadja lanarekin izan zen 2015ean, eta pelikula hartan parte hartu zuten Monika Naydenova eta Svetlana Yancheva aktoreekin lan egin du oraingoan ere Sestra izeneko filmean. Nerabe baten gezurretik abiatzen da istorioa, eta gezur horrek, ahizpa nagusiaren mundua suntsitzeaz gain, amari buruzko egia ezagutzeko aukera emango dio.

Aurrez ere sail horretan parte hartu duen beste zuzendaria Delphine Lehericey da (Lausana, Suitza, 1975). 1976. urtean Suitzako landa ingurua hondatu zuen lehortean kokatu du Le milieu de l'horizon, eta, egoera hori ardatz hartuta, familia ingurua eta inozentzia desagertzen ikusiko dituen gazte baten istorioa kontatu du. Orain lau urte, Puppy Love erakutsi zuen.

Beren bigarren lan luzea erakutsiko dute Donostian Jorunn Myklebust Syversen norvegiarrak (Disco), Jorge Riquelme Serrano txiletarrak (Algunas bestias) eta Hinde Boujeema tunisiarrak (La Rêve de Noura).

1985. urtetik abian den saila

Jakinekoa zen Maider Fernandez zuzendariaren (Donostia, 1988) Las letras de Jordi Zuzendari Berriak sailean erakutsiko zutela, orain bi aste jakinarazi baitzuten antolatzaileek. Aurrez film laburrak ere egin izan ditu, baina lehen film luzea du, eta Ikusmira Berriak egoitza programan garatu du proiektua Fernandezek. Haren eta garuneko paralisia duen 51 urteko gizon baten arteko harremana jasotzen du.

Lucia Alamanyren La inocencia, Ana Garciaren Las buenas intenciones, Lee Jihyoungen eta Kim Solen Scattered Nigth, David Raboyren The Giant, Fyzal Boulifaren Lynn+Lucy, Koichi Doiren Yoake No Takibi eta Oren Gernerren Africa ere aipatu zuzendarien lehen film luzeak dira.

Zuzendari Berriak saila 1985. urtean sortu zuten, eta, besteak beste, Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Laurent Cantet, Lucile Hadzihalilovic, Walter Salles, Kevin Smith, Lee Daniels, Ciro Guerra, Isabel Coixet, Alberto Rodriguez, Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek parte hartu izan dute bertan ordutik. Halaber, irabazleak maiz aukeratu dituzte beste jaialdi batzuetarako, eta Euskal Herriko zinema aretoetan ere izan da haiek ikusteko aukera. Hain zuzen, Hiroshi Okuyamaren Jesus filma, 2018ko irabazlearena, joan den uztailaren 26an estreinatu zuten areto komertzialetan.

Saria 50.000 eurokoa da, eta film garailearen zuzendariaren eta Espainiako banatzailearen artean banatzen da, erdi bana. Sail horretako lanak Gazteriaren Saria lortzeko hautagai ere izaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.