Sareko kultur edukiez arduratuta

'Armiarma', 'Badok', 'Bilketa', 'Dantzan', 'Ganbara' eta Katakrak solastatu dira Tabakalerako Medialab teknologia eta kultura digitaleko laborategian. Kultur edukiak sareratzen dituzten atariak egiturazko laguntzen premian dira

Jon Eskisabelek, Oier Araolazak, Mikel Elorzak, Nora Arbelbidek, Marie-Andree Ouretek, Hedoi Etxartek eta Ritxi Lizartzak parte hartu dute lan saioan, Donostian, Tabakalerako Medialaben. GORKA RUBIO / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Tabakalerako Medialabeko Arantxa Mariskalek harrera eginik eta Literatur Emailuak agerkari digitaleko Patxi Gaztelumendik antolaturik, lehendabiziko aldia da sareko kultur edukien sortzaile, biltzaile eta hedatzaile garrantzitsu zenbait elkarrekin batzartzen direla. Donostiako Medialab gunean, Kultur edukiak sarean jardunaldian izan dira Armiarma, Badok, Bilketa, Dantzan, Ganbara eta Katakrak, aitzakiatzat harturik Armiarma literatura atariak hogei urte bete berri dituela.

Sei proiektu zabal horien arteko solasaldia Miarritzeko Mediatekako Nora Arbelbidek zuzendu du. Entzuleen artean izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta Euskal Wikizaleen Elkarteko Galder Gonzalez.

Bi ordu eta laurdeneko lan saio bat izan da, elkar entzuteko eta bakoitzaren arazoez eta erronkez iritziak trukatzeko. Gaztelumendik aurkeztu ditu sei proiektuak eta hizlariak. Mikel Elorza arduratzen da 2001ean abiatutako Armiarma atariaz. BERRIAk 2009an sortutakoa da Badok euskal musikaren ataria, Jon Eskisabelek gidatua. Ipar Euskal Herriko dokumentuen funtsa sareratzeko ekimen bat da Bilketa, Baionako Mediatekatik Marie-Andree Ouretek kudeatzen duena, eta 2015etik erabilgarri dagoena. Oier Araolaza da Dantzan atariaren sustatzailea, eta gune horrek ere hogei urteko ibilbidea egina du, 2001etik. Ritxi Lizartzak hitz egin du 2014an lantzen hasitako Ganbara eta Zinea atari digitalez. Eta, azkenik, Hedoi Etxart Katakrak gune sozialaz eta hango liburugintzaz aritu da.

Egiturak sendotu nahian

Nora Arbelbidek, sarrera gisa, bi kontu nagusi azaltzeko gonbidapena egin die lan saioan parte hartu duten sei ordezkariei; aurrena, gaur egungo panoramaren berri eman dezaten, eta ager ditzaten bakoitzaren esperientziak, zailtasunak; gero, erronkak marrazteko ahalegina egin dezaten, nabarmenduz zein izan litezkeen lehentasunak. «Agian, euskal liburu, film eta musikak elkartuko lituzkeen liburutegi nazional baten ideiarekin bururatuko dugu solasaldia», proposatu du azkenik.

Bilketa.eus atariko Ouretek ohar egin du: hastapenetik Frantziako Estatuaren aldetik jasotzen zituzten laguntzak bertan behera utziak izan dira 2020az geroztik, eta Herriko Etxeak pentsatu omen du Euskal Hirigune Elkargoak bere gain hartu behar lukeela ardura osoa. «Ez dira oraindik ados jarri, eta dena gainbehera etortzeko arriskuan gaude».

Lan bilkuran izan diren beste bost proiektuak euren ekimen pribatuari eta borondateari esker garatu dira, erakunde publikoetatik aske, aldian behin horien diruzko laguntzak jasotzen dituzten arren. Atari horiek zerbitzu doakoa eta publikoa ematen ari dira etenik gabe, baina jasotzen dituzten laguntzak beti ez dira ez nahikoak, ez erregularrak. Ados dira denak ezegonkortasun sentipenarekin: arriskuan egon litezke gaur egun sarean eskaintzen dituzten eduki horiek guztiak, baldin eta atariak mantentzeko eta lantzeko grina eta borondatea moteltzen bada, diru laguntza publikoak ez badira bihurtzen egonkorrak eta jarraitutasun mailaren batekoak. Bizi duten ahultasun egiturazkoaren kausaz, ez daukate bermatzerik kultur eduki horien guztien erabilgarritasuna eta iraupena.

«Erakundeen laguntza jasotzeko, lehiatu egiten gara hemen gaudenon artean», esan du Araolazak. Denak ohartuta daude, ordea, lehia egoeratik kooperaziozkora eta koordinaziozkora igarotzea bilakatu dela orain premiazkoa. Izan ere, proiektu gehienek larritasun ekonomikoak dauzkate.

Kultur edukiak sareratzeko garaian, era askotako arazoak eta eragozpenak izaten dituzte: edukien gaineko eskubideak gero eta estuagoak bihurtu dira; dohaintzan utzitako ondareak bereganatu eta kapitalizatu ere egiten dituzte erakunde batzuek; baimen zerrenda luzeak lortu behar izaten dira eduki bat argitara emateko, eta baldintza zorrotzak bete. «Litekeena da gero eta eragozpen eta oztopo gehiago jartzea sareko kultur edukiak hedatzeari»: susmo hori agertu du Elorzak. «Legezko arazoak hain handiak dira, ezen liburutegi digital nazional bat egituratu ahal izateko asmoak zailtzen ari baitira egunetik egunera». Kultur edukien difusioari hesiak jarri ordez, ezinbestekoa bihurtu da euskarazko kulturaren transmisio mekanismoentzat erraztasunak bideratzea. «Erabaki beharko da non egin behar duten topo gure egitasmoek eta erakunde publikoek».

Euskal Wikilarien Elkarteko Galder Gonzalezek argi esan die: «Zuen premia daukagu, eta badihardugu elkarlanean. Zuen edukiak eskura eduki gabe ez dezakegu gauza askotan aurrera egin». Gaztelumendik iradoki du amaieran: «Wikipediak agian egin lezake traktore lan bat, eta denentzat aterpe bat egokitu» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.