Donostiako 66. Zinemaldia

'Bihar dok 13' filma,Culinary Zinema saileko zazpi lanen artean

Argentina, Singapur, Frantzia, Japonia, Espainia, Hego Korea, Kanada eta Euskal Herrikoak dira filmak. Ander Iriarte eta Aitor Bereziartuaren lanak itxiko du saila

Ander Iriarteren eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Hilabete baino gutxiago falta da jada Donostiako 66. Zinemaldia hasteko. Egunetik egunera, jaialdia aurtengo programazioaren berri ematen ari da, eta Culinary Zinema saila izan da xehatzen azkena. Denera, zazpi pelikula erakutsiko ditu aurten, eta, ohi duenez, nazioarteko zenbait sukaldarik gertatutako afaria eskainiko dute film bakoitzaren ondotik. Zinemaldiak Basque Culinary Centerrekin eta Berlinalerekin antolatzen du saila.

Inaugurazio filma Alfred Oliveri argentinarraren Tegui: un asunto de familia izango da, irailaren 22an. Oliverik German Martitegui sukaldariaren inguruan ardaztu du lehen film luzea, eta 40 egunez jatetxea itxi eta Andeetako mendikatean beste bat hutsetik sortzearen ingurukoak kontatu ditu. Martiteguik berak prestatuko du film osteko afaria.

Hurrengo egunean, igandez, Eric Khoo zuzendari singapurtarraren Ramen Shop fikziozko filma ikusi ahal izango da. Singapur, Frantzia eta Hego Korearen artean ekotzi dute lana, eta ramen sukaldari gazte batek Singapurren egindako bidaia gastronomiko bat du oinarrian. Khook aurretik ere erakutsi izan ditu zenbait lan Donostian; Recipe aurkeztu zuen (Culinary Zinema) 2014an, eta In the Room (Zabaltegi) eta Wanton Me (Culinary Zinema) 2015ean. Pang Seng Meng eta Alexander Pang aita-semeek gertatuko dute ikusleentzako afaria.

Segidako egunean, Y en cada lenteja un dios filma aurkeztuko du Miguel Angel Jimenezek—Khorosho (Zinemira, 2010), Ori (Zuzendari Berriak, 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak, 2012)—. Filmak L'escaletaren atzeko aldea erakusten du; bi Michelin izar ditu, eta munduko jatetxerik onenen artean dago. Bada, L'escaleta jatetxeko Kiko Moya eta Alberto Redrado ariko dira sukaldari pelikularen ondoren.

Jose Luis Lopez Linaresek dokumental onenaren saria eskuratu zuen Un instante en la vida ajena (2003) filmarekin, eta Jaen, Virgen & Extra aurkeztuko du hilaren 25ean; Paco Morales ariko da ondoren sukaldean. Hurrengoa, Soon-rye Yim korearraren Little Forest izango da, eta Luke Jang eta Mikel Gallo ariko dira sukaldean.

Maya Gallus kanadarraren The Heat: A Kitchen (R)evolution lanarena izango da azken-aurreko emanaldia, eta «emakume sukaldarien fenomenoa» erakutsiko du. Emanaldi horretan, Norvegiako Heidi Bjerkanen esku izango da filmaren osteko afaria.

'Bihar dok 13,' klausurarako

Ander Iriarteren eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmak itxiko du saila, irailaren 28an, ostiralez. Filmak aurrez aurre jarri nahi ditu 1960ko hamarkadako Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduak eta egun Basque Culinary Centerren ari diren ikasleak. Hartara, sukaldaritza eskolako ikasleek prestatuko dute proiekzioaren osteko afaria. Proiekzio eta afarietarako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 70 euroan; pelikulak soilik ikusteko sarrerak, aldiz, irailaren 16tik aurrera izango dira eskuragai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.