Erlea Maneros Zabalak emango dio jarraipena 'Museo bikoitza'-ri

Urtebete izango du San Telmo museoaren ondareaz eta haren kontakizunez hausnartu eta bere esku hartze artistikoa garatzeko. Ibon Aranberriren lekukoa hartuko du artistak

Ezkerretik eskuinera, Jon Insausti Donostiako kultura zinegotzia, Erlea Maneros Zabala eta Ibon Aranberri artistak eta Susana Soto San Telmo museoko zuzendaria, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Asier Mendizabal artistaren ekimenez abiatu zen, iaz, Museo bikoitza programa, Donostiako San Telmo museoan, urtebeteko denbora tartean sortzaile bat museoaren ondarean eta narratibetan murgildu, eta esku hartze bat garatzean datzana. Hiru dira proposatzen diren langaiak: San Telmoren funtsa, museologia eta museoaren beraren testuingurua. Horiek oinarri hartu, eta, lana osatuta, museoaren bildumaren parte bihurtzen da obra, museoaren kontakizunari segida emateko. Mendizabalek berak hautatu zuen nork abiatu zuen programa, eta hala aritu da urtebetez Ibon Aranberri, museoan lanean. Ekainean aurkeztu zuen emaitza: Itzal marra instalazio bikoitza. Orain, hari egokitu zaio hurrengo artista gonbidatua aukeratzea, eta Erlea Maneros Zabalari pasatu dio lekukoa, «artxibo eta hari ezberdinak gurutzatuz irudikari berriak sortzeko erakutsi duen trebeziarengatik».

Maneros hautatzerakoan «hurbiltasunetik, memoria propiotik eta ezagutzatik» jokatu duela aipatu du Aranberrik. Garbi izan du hurrengo etorriko zen artistak «bestelako begirada bat» ekarri behar ziola proiektuari, eta artista bilbotarra apropos jo du horretarako, urteak daramatzalako museotik eta haren testuingurutik aldenduta: «Bizitzaren erdia kanpoan darama, eta distantzia horrek uste dut eskaintzen diola beste angelu bat, beste optika bat, hemen gabiltzanok ohituretan galtzen duguna».

Horrekin batera, Manerosen praktika artistikoa izan da irizpide erabakigarriena Aranberrirentzat; nola lotzen diren Manerosek bere ibilbidean egindako ikerketak eta erabilitako teknikak museoaren konplexutasunarekin. Aranberriren hitzetan, hori baita programaren lehen edizioetako artistek egin beharrekoa: museoak bere historian zehar pilatutako geruzak aztertzea. Haren ustetan, Manerosen lanak badu loturarik jardun horrekin: «Oso hurbiletik landu izan ditu irudiaren eraikuntza, irudiaren politikak, irudiaren baldintzak... Artxiboa, geruza eta artelana gurutzatzen diren eremuak. Oso modu pertsonalean egin izan du hori, baina, maila batean, baita modu oso zientifikoan ere». Aukeraketa bat izan den heinean, eta horrek beste aukera batzuk kanpoan uztea dakarrenez, erabaki zaila izan dela aitortu du Aranberrik, baina segurtasunez hartu du: «Haren lanaren jarraitzaile izanik, oso erabaki ziurra izan da niretzat».

Mendizabal Aranberriren lanarekin aritu bezala, Aranberri ariko da orain Manerosena koordinatzen. Programan parte hartu duen lehena izanik, «molde eta muga batzuk» jarri dituela jakitun dago, eta, Manerosek hutsetik hasi beharrik izan ez dezan, transmisio bide bat jorratu nahi luke harekin, «interakzio bat».

Maneros Kaliforniatik (AEB) etorri da programan parte hartzera. Lehen hilabeteak ikerketan emango ditu, eta ez du aurreratzerik izan norantz eramango duen hasierako murgiltze fase horrek. 18 urte zituenetik atzerrian dabilela nabarmendu du berak ere, eta ezohikoa izango zaiola horregatik egonaldia. «Lehenengo aldia izango da ia urte oso batez Euskal Herrian egongo naizena. Beste batzuetan, artxiboekin lan egin izan dudanean, nirekin pertsonalki erlazio hain estua ez duten materialekin izan da. Horregatik, hau erronka berezia izango da, euskal historia eta etnografiarekin lan egitea, erlazio sentimental edo txikitako hori daukadalako. Zailagoa ez dakit, baina beste kasu batzuetan baino bereziagoa izango da».

Aranberriren argitalpena

Manerosen parte hartzea iragartzearekin batera, Aranberrik bere instalazioaren argitalpen proiektua aurkeztu zuen atzo, San Telmon egindako agerraldian. Argitu zuen argitalpen bat izanagatik ez dela liburu bat; ez dela Itzal-marra-ren errepresentazio bat, lanaren «luzapen bat» baizik, beste osagai bat. Batez ere, lan grafiko bat izango da, irudia eta hitzak uztartuko dituena. Testuen edizioa amaitutakoan jarriko dute eskuragarri, edizio mugatu batean. Horrekin eta Manerosen alboan egingo duen lanarekin itxiko du Museo bikoitza programako bere ekarpena. Manerosek, berriz, urtebeteren bueltan aurkeztuko du bere esku hartzea, eta berak hautatuko du zein izango den hurrengo artista gonbidatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.