Donostiako 67. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

Lursaguen transgresioa

Izibene Oñederra zuzendariak Zinemaldian estreinatu du 'Lursaguak. Escenas de vida' film laburra, Zabaltegi-Tabakalera sailean. Mikroistorioekin osatu du filma, narratiba konbentzionaletatik aldenduta

Izibene Oñederrareren Lursaguak. Escenas de vida film laburraren fotograma bat. BERRIA.
Miren Garate.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Helene Cixous pentsalariaren esan bat ageri da Izibene Oñederraren (Azkoitia, Gipuzkoa, 1979) Lursaguak. Escenas de vida film laburraren sinopsian: «Bizi garen garai honetan, inoiz ezagutu ez dugun espezie bateko milioika lursagu ditugu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala suntsitzen». La risa de la medusa liburukoa da, eta Oñederrak ez du oso ondo gogoratzen nola heldu zen bere eskuetara. «Tesia egiten ari nintzenean izango zen». Pentsalariaren idazketak harrapatu zuen lehenik eta behin. «Modu zatikatuan idazten du, pentsamenduak alderdi ezberdinetatik batuz bezala, eta horrekin sortzen du bere pentsamenduaren diskurtsoa, zatien bidez». Hain zuzen, horixe da zinemagileari gehien interesatzen zaion gauzetako bat ere: narrazio konbentzionalak alde batera utzi eta narratzeko beste modu batzuk bilatzea. Indar handikoa iruditu zitzaion esaldiaren edukia bera ere. Orainaldiarekin eta lursaguekin edo satorrekin egiten du lotura, lurrari lotutako animalia itsu batzuekin. «Espezie ezberdineko milaka sator egotea gure lurra birrintzen, hau da, denbora osoan zapaltzen ari garen sistema kulturala-edo, oso indartsua iruditzen zait irudi bezala. Uste dut aipuak modu oso finean laburbiltzen duela filmaren muina».

Mikroistorioekin eta transgresio bat egiten ari diren figura femeninoekin osatu du laburra. Bat baino gehiago dira transgresio horiek egiteko moduak. Tokikoagoak batzuk, intelektualagoak besteak. Giro konkretuetan gertatzen dira. Badago bat, esate baterako, baserri mundukoa, eta lursaguekin zerikusi zuzena duena. «Umetako oroitzapen bat da, gure amak egindako transgresio txiki bat, broma moduan izanda ere, botere banaketa hausten zuena baserri giroan».

Oñederrak garrantzi handia eman dio hasierako faseari, eta marrazkiak egiten pasatu zuen aurreneko hilabetea. Animatzeko nahiko konplikatuak ziren marrazkiak egin zituen, geruza askoz osatutako konposizioak zirelako, baina behar bezain konplikatuak izaten utzi zien. «Hasieratik gidoi itxi bat egin beharrean, saiatu naiz marrazkiak ez izaten funtzionalak, haien potentzialitatea ez galtzeko eta narrazioaren mendeko ez bihurtzeko». Gidoi kontrolatu baten bidez izan beharrean, irudien bidez joan zen eraikiz filma, senaren bidez eginez eraikitako irudien arteko loturak, buruan zuena adierazgarri egiteko modua bilatzeko. Storyboard bat osatu zuen gero marrazkiekin. «Orduan hasten da pelikula egiten? Ba, seguru asko ez, aurretik ari zara zeure buruan loturak sortzen, badaukazu intuizio bat zerbaiti buruz hitz egin nahi duzula, nahiz eta gaia ez izan oso argi».

Film labur mutua

Eszena bakoitza banan-banan animatu ostean, pintura lanari ekin zion, eta postprodukzio fasea etorri zen gero. Tartean, soinuarena. Alots Arregi izan du ondoan pintaketaren prozesuan, Edu Elosegi postprodukzioan eta Javier Ucarrek egin du soinua. Hezurbeltzak eta Hotzanak film laburretan bezala, oraingoan ere elkarrizketarik ez sartzea erabaki du. «Hezurbeltzak egin nuenean, jendeari galdezka ibili nintzen ea beharrezko ikusten zuten off-eko ahots batek filmaren kontakizuna argitzea, baina oraingoan elkarrizketa arrazionalak egoteko aukerarik ez nuen ikusten». Badaude soinuak, barruraino sartzen direnak, gainera. «Soinua elementu oso garrantzitsua da, hainbeste istorio txiki egonda, osotasunak izan behar duelako sendotasun bat, istorio bakoitzean soinu ezberdinak egon arren».

Atzo izan zen filmaren estreinaldia, eta astelehenera bitartean beste lau aldiz ere izango da ikusteko aukera. «Pelikula bat egin eta gero, pelikulak irautea da inportantea, eta halako jaialdi batean hasteak ematen du bizitza luzea izateko itxaropena». Zinemaldirako ez ezik, Kimuak katalogorako ere hautatu dute Lursaguak, eta horrek ere indar handia eman diola kontatu du Oñederrak. «Esan nahi du babestuta dihoala nazioarteko jaialdietara».

Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailerako aukeratu dute filma. «Nire ustez, dago egon daitekeen tokirik onenean. Narratiba konbentzional batetik aldenduta egoteak esan nahi du arriskua hartu duen film bat dela, amorfoa, irregularra, ez bakarrik gaiarengatik, baita hizkuntza zinematografikoan esploratzeagatik ere». Horri lotuta, uste du film laburraren formatuak laguntzen duela ohikoak ez diren narratiben arloan esploratzen. «Gero eta gogo gehiago dut geroeta zorrotzagoa izateko esplorazio horretan. Inportantzia eman behar zaio kontatzeko modu berriak bilatzeari, ez kontatzen denari bakarrik. Hanka sartu behar da, eta uste dut laburrek ematen dutela hanka sartzeko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.