Albistea entzun

Nafarroako Termopiletako bataila

Amaiurko gazteluan gotortutako nafar erresistentziaren nondik norakoak kontatzen dituen komiki liburuxka bat argitaratu dute Angel Rekalde gidoigileak eta Amaia Ballesteros marrazkilariak: 'Amaiur, gaztelu baltza'
Amaiurko gazteluko bataila kontatzen du Angel Rekaldek eta Amaia Ballesterosek elkarrekin sortutako 22 orrialde inguruko <em>Amaiur, gaztelu baltza</em> komiki liburuxkak.
Amaiurko gazteluko bataila kontatzen du Angel Rekaldek eta Amaia Ballesterosek elkarrekin sortutako 22 orrialde inguruko Amaiur, gaztelu baltza komiki liburuxkak. NABARRALDE Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko ekainak 16

«Baina zergatik ez dugu lortzen gazteluan sartzea?». 1522ko uztaila da, egunak daramatza Mirandako kondeak gidaturiko 10.000 soldaduko gudarosteak Amaiurko gazteluan gotortutako ehun soldadu inguruko taldea mendean hartu ezinik. 1512az geroztik konkistatua du lurraldea Gaztelak, baina Nafarroako Erresumaren aldeko erresistentzia ez dago lo. Bataila hasterako, ia ziurra da nafarren porrota Amaiurren, baina oraindik ezinean dabiltza gaztelarrak, eta amorratuta dauka horrek kondea. «Ez dakit zertaz harritzen den jauna», egin dio oharra albotik soldadu kide batek, «haiek nafarrak dira».

Epika puntu horrekin kontatu dute bataila Angel Rekalde idazle eta Nabarralde elkarteko zuzendariak eta Amaia Ballesteros marrazkilariak Amaiur, gaztelu baltza komiki liburuxkan. Nabarraldek eman du argitara, Sabino Arana fundazioak lagunduta.

«Aurten derrigorrezkoa zen Amaiurkoa lantzea». Rekaldek gogora ekarri duenez, Nabarraldek denbora darama Nafarroako historiako pasarteei eskainitako komiki liburuxkak argitaratzen, eta, batailaren bosgarren mendeurrenean, ezinbestekotzat zeukaten Amaiurrez aritzea. «Entzuna dugu denok zerbait Amaiurko gazteluari buruz, baina jendeak ez daki nola gertatu zen, eta gu saiatzen gara jendeak jakin dezan zein den hor egon zen gertaera. Ze, hasi, gu hutsetik hasten gara. Oso kontziente gara gure herriko historia ezabatuta dagoela».

Eta, Rekaldek kontatzen duenez, Daviden eta Goliathen arteko bataila bat da han gertatutakoa. Txikia handiaren aurka. Gutxi batzuk milaka batzuen kontra. Eta, besteak beste, horregatik da ikonikoa bataila hura. «Han zeudenek beren erresuma propioa nahi zuten, beren estatua, beren hizkuntza propioa, beren euskara... Eurena zen guztia defendatzen ari ziren».

Sakon ezagutzen du gaiari buruzko bibliografia Rekaldek, eta, dioenez, oinarri historiko hori du komikiak. Benetakoak dira agertzen diren pertsonaien izenetako asko, eta benetakoak bertan datozen datuak ere. Xabierko Migel izenekoak Elizondoko Juan notarioari idatzitako eskutitz bat dago komikiaren oinarrian, esaterako. Benetako bi pertsonaia, Amaiurri lotutakoak biak, eta sasoian eskutitzak idazten ibilitakoak biak, baina, Rekaldek dioenez, asmatutakoa da komikian datorren eskutitza.

Komikian kontatzen denez, Gaztelako konkistak goitik behera aldatu zuen Amaiurko gazteluaren funtzioa ere. «Nafarroa libre zenean, gotorleku hori dorre txikia zen, mendiko pasabide bat ia kontrolatzen ez zuena». Gaztelaren konkistaren ostean, ordea, erabat aldatu zen gotorlekuaren egitekoa. «Espainiak okupatuz geroztik, euskal lurra izan arren, frantziar etsaiarekin muga bihurtu zuten gaztelarrek». Eta garapen militar hori ilustratzen dute komikiko irudiek ere.

Akzioa eta satira

Ez da Ballesterosek egindako lehen komiki historikoa, baina lehen aldia izan du XVI. mendean. Ezkutuak, zaldiak, kanoiak, ezpatak... «Gogoan dut Angelek [Rekaldek] galdetu zidala ea gai ote nintzen testosteronaz betetako komiki bat egiteko, eta, noski, baietz esan nion».

Hain zuzen, akzioa da nagusi kontakizunean: leherketak, setioak, aurrez aurreko borrokaldiak, ihesaldiak...«Batailetan dinamismoa lortzen saiatu naiz», azaldu du Ballesterosek, «eta forma bereziak eman dizkiet binetei horretarako, ez daitezen denak karratuak izan».

Satira tanta bat txertatzeko ere baliatu du aukera marrazkilariak, eta Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko buruaren aurpegia jarri dio Mirandako kondeari. Barrez eman du azalpena egileak. «Ez badakizu nor den, ez duzu nabaritzen, baina ikusten baduzu, ikusi egiten duzu».

Azkenean, 10.000 gaztelarrek garaitu zituzten ehun nafarrak, noski, baina garaipenaren ostean gaztelua nola suntsitu zuten ere kontatzen du komikiak. Eta airean geratzen da galdera: zergatik eraitsi zuten eurek handitu eta gotortutako gaztelua? Rekaldek eman du zergati posible bat: «Segur aski, ez zen izan bakarrik borrokaldiak eragin zien erresuminagatik, baizik eta, batez ere, ez zirelako batere fio han bizi zen jendearekin, eta erabaki zuten han harri bakar bat ere ez uztea, nafarrek harri bakar hori ere euren kontra erabiliko zutela uste zutelako».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean. ©JON URBE / FOKU

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Olaia L. Garaialde

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.
Irene Nemirovsky. ©BERRIA

Literaturaren maleta galduak

Joannes Jauregi

Aurten laurogei urte dira Irene Nemirovsky idazlea Auschwitzen hil zutela. Haren 'Suite frantsesa' eleberriak naziek Frantzia okupatu zutenekoa kontatzen du.

Amazona anakroniko bat

Nagore Fernandez

Idazlea: Marina Tsvetaieva. Itzultzailea: Jose Mari Berasategi. Argitaletxea: Erein/ Igela.

Nahi eta ezinen artean igerika

Asier Urkiza

Idazlea: Jon Benito. Argitaletxea: Farmazia beltza..

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...