Obra eta museoa, interakzioan

Maria Jose Gurbindo argazkilariak Oteiza museoaren interpretazio pertsonal bat egin du 'Ibidem. Oteiza Museoa' izeneko erakusketan. Eskultura bat balitz bezala landu du eraikina bera. Iruñeko Ziudadelan dago ikusgai

Oteiza museoaren hiru argazki, Maria Jose Gurbindo artistaren erakusketan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Eraikin bat eta barruko obrak; edukia eta edukitzailea; arkitektura eta eskultura, eskutik helduta, elkar elikatzen, bata besteari eragiten. Osotasun bat. Horrela ulertzen du Maria Jose Gurbindo argazkilariak Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoaren espazioa. Toki horren xehetasun ugari fotografiatu ditu, lekuaren ikuspegi pertsonal baten bitartez, espazioari, hutsari, argiari, itzalari eta koloreari buruzko bere interpretazioa eskaintzeko. Emaitza Ibidem. Oteiza Museoa izeneko erakusketa da, Iruñeko Ziudadelako bolborategian ikus daitekeena, maiatzaren 2ra arte.

Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatu zuen Oteiza museoaren eraikina, 1992 eta 2003 artean, eta Jorge Oteizarekin batera lankidetzan egin zuen azken proiektua izan zen. Arkitektoak «sinpletasuna» bilatu zuen, eraikinaren eta barruko elementuen arteko «oreka» lortzeko helburuarekin. Uste zuen ez zela egokia eskultura bat sortzea barruan eskultura gehiago gordetzeko. Horren ordez, zerbait «oinarrizkoa eta sinplea» egin nahi zuen, barruko artelanak nabarmen zitezen.

Idatziz azaldu zuenez, obraren mesederako sinpletasuna bilatuz, saiatu zen «ohiko tenplu erlijiosoaren alderantzizko ideia» eraikinera eramaten: «Elizan, beira arasek erdiko habeartea argiztatzen dute, eta argi txikia, berriz, alboko habearteetara iristen da. Horrela, argi intentsitate handiagoak garrantzi erlijioso handiagoa adierazten du. Nik kontrakoa egin nahi izan dut: tenplu profano bat, non argia alboetatik jasoko den, eta erdira kontrako argia iritsiko den, espazio ilun eta misteriotsu bat sortuz».

Saenz de Oizak eta Oteizak Arantzazun (Gipuzkoa) elkar ezagutu zuten, eta han Oteizak tunel batean lan egin ohi zuen; arkitektoa toki horretan oinarritu zen eraikina sortzean, «argi gutxiko baina misterio xarmagarriko» toki bat zelako.

Hortaz, Saenz de Oizaren asmoa ez zen Oteizaren obrak bilduko zituen artelan bat sortzea. Haatik, Gurbindoren ikuspegia bestelakoa da: aintzat hartuta eskultoreak berak proiektuan parte hartu zuela eta haren oinarri estetikoak ezarri zituela, uste du eraikina «beste arte elementu baten gisan» ulertu beharko litzatekeela. Erakusketaren aurkezpenean azaldu zuenez, Saenz de Oizaren eraikina «horren indartsua» da, Oteizaren obran modu aktiboan eragiten duela; edukitzaileak edukian eragiten duela,baita ikusleak barruan izaten duen esperientzian ere.

«Arkitekturaren eta eskulturaren arteko lotura, oro har, estua da, eta hori antzematen da bai Oteizaren obran, baita espazio horretan ere. Oinarri estetiko berekoak dira bi diziplinak», azpimarratu du argazkilariak. Ideia horri jarraituz, ez du Oteizaren eskulturari buruzko serie bat osatu nahi izan, ezta ohiko arkitektura argazki lan bat ere. Irudietan obrak ikus daitezke, baina inguruko koloreei, materialei, argiei eta itzalei esker hartzen dute esanahia, testuinguruari esker; era berean, eraikinaren argazkiek barruan dauden obrei esker hartzen dute zentzua.

Iritzia aldatu zuen

32 argazkik osatzen dute erakusketa; 21 koloretan daude, eta gainerakoak, zuri-beltzean. Fotografia gehienak iaz egin zituen, kanpoaldeko irudiak izan ezik; horiek 2017koak dira. Azaldu duenez, «paretetako koloreak, barnealdeko argiaren indarra eta eraikinaren material nobleak» izan dira argazkien sorkuntzan gehien eragin duten elementuak. Izenburura eraman duen ibidem latineko hitzak «leku berean» esanahia du.

Serie osoa Oteiza museoan egin du, baina hasieran, proiektua bururatu zitzaionean, bere asmoa zen eraikin enblematiko gehiagoren bere ikuspegia islatzea. Zehazki, hiru eraikin ezagun lotu nahi zituen; kameraren eta esperimentazioaren bitartez, bere burua toki horietan guztietan «harritzen eta eramaten utzi» nahi zuen. Altzuzako museoan izandako esperientziak iritzia aldarazi zion, ordea. «Oteiza museoak hainbeste gauza iradoki zizkidan, azkenean proiektu monografiko bat egitea erabaki bainuen». Han izandako esperientzia eta aurkitutako ñabardura guztiak bere ikuspegitik iragazi, eta esanahiz betetako irudi pertsonal bihurtu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.