«Zerga» bat preso eta preso ohientzat

281 prozedura abiatu dituzte Auzitegi Nazionalean, zigorretan ezarritako erantzukizun zibilak ordainarazteko. Abokatuek «irregulartasunak» daudela salatu dute

Guardia zibilak, 2010ean Bizkaian eginiko operazio batean atzemandako materialarekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Zerga operazioa. Guardia Zibilak izen hori jarri zion maiatzaren 18an eginikoari. Biktimekiko «zorra kitatzeko», 50 euskal preso ohi baino gehiagoren ondasunak atxiki zituzten: besteak beste, lau ibilgailu eraman zituzten; 45 kontu korronte baino gehiago blokeatu eta enbargatu zituzten; 30 bat lan nominetan esku hartu zuten; eta hamalau higiezin identifikatu zituzten, horien salmenta edo eskualdatze eragozteko. Barne Ministerioak zabaldu zuenez, preso horiek zortzi milioi euroren zorra izango lukete Espainiarekin, estatuak biktimei kalte ordainetan emandakoarengatik zigortuek eragindako kalteak direla eta. Eta preskribatu baino lehen jasotzea litzateke gobernuaren asmoa.

Izan ere, eskaera horietako batzuek preskribatuta egon beharko lukete jada, edo gertu, bereziki 2015eko Auzipetze Zibileko Legean eginiko erreformaz geroztik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala aldaketa horiek aztertzeko bildu zen udako oporren aurretik, eta ekainaren 6an ezarri zuen irizpidea: 2020an preskribatuko dute 2015. urtea baino lehenagoko epaia irmoa duten kasuen erantzukizun zibilek; euskal gatazkarekin loturiko auzi gehien-gehienenen kasua da hori.

Horiek hala, Auzitegi Nazionaleko epaile batzuk hasiak dira horiek ordainarazteko aginduak bidaltzen presoei eta preso ohiei. Baita 1980ko, 90eko eta 2000ko hamarkadetako epaiak dituztenei ere. Terrorismoaren Biktimen Harretarako Zuzendaritzak jakinarazi du 281 prozedura abiatu dituela ofizioz. Denera, euskal presoek eta preso ohiek 330 milioi euroko «zorra» izango luketeEspainiako Estatuarekin. Biktimen Harretarako Zuzendaritzaren arabera, gobernuak 250.000 euro inguru baino ez ditu jaso.

Azken aldian, estatuak beretzat hartu ditu presoek zein preso ohiek jaso dituzten kalte-ordain batzuk —Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen batzuk direla-eta—, «zor» horren trukean. Hala gertatu da Parot doktrina ezartzeagatik kalte ordaina jaso behar duten preso ohi batzuen kasuan eta torturengatik Igor Portuk eta Mattin Sarasolak jaso behar dutenarekin.

Preso eta preso ohien defentsan aritzen direnek kezka agertu dute, ez horrenbeste legean eginiko azken aldaketengatik, baizik eta oinarrian dagoen jarreragatik eta estatuak erabilitako formengatik. «Kasu gehienek 2020an preskribatuko dutela konturatu dira, eta kontagailuan zeroan jarri nahi dute; ez dute bakar bat ere oharkabean pasatzen utzi nahi», azpimarratu du Onintza Ostolazak. Abokatuak uste du maiatzeko polizia operazioa Guardia Zibilak epaileei eta agintariei oro har bidalitako «abisua» izan zela, hori ahantz ez dezaten.

Bestelako iritzia dauka Florencio Dominguez Gasteizen dagoen Biktimen Memorialeko Zuzendariak. Uztailean Santanderren (Espainia) eginiko uda ikastaro batean aritu ziren gaiari buruz hizketan bera eta Teresa Ramos, Terrorismoaren Biktimen Arretarako zuzendari nagusia. Dominguezek nabarmendu duenez, azkenaldian «indarberritu» egin da presoei eta preso ohiei erantzukizun zibila ordainaraztearen betebeharra. «Legeak dio hori egin behar dutela, eta presoek eta preso ohiek legea bete behar dute». Gogoratu du epaietan jasotzen diren kalte-ordainak estatuak hartzen dituela bere gain, baina zigortuen ardura dela gero hori administrazioari itzultzea, «ahal duten neurrian». Dominguezek azpimarratu du eskaera horiek ez direla egin. «Garai batean hasi ziren eskatzen, baina oro har ez da egin». Dena den, ohartarazi du prozesu hori «konplexua» izan daitekeela, zigortuek baldintza batzuk—ekonomikoak bereziki— bete behar dituztelako eta zaila delako frogatzea baldintza horiek betetzen diren ala ez. «Zaila izaten da zigortuen finantzen egoeraren jarraipena egitea. Askotan, trikimailuak erabiltzen dituzte kaudimengabeak direla argudiatzeko, ez dute haien ondasunen berri ematen ogasunean...». Horren harira, «kontrol mekanismo gehiago» galdegin ditu.

Kontagailua zeroan

Baina epaiak duela 30-20 urtekoak izanik, eskaera horiek ez al dute preskribatu? Ostolazak azaldu duenez, «kontagailua martxan jartzeko» gakoa da zehaztea noizkoa den auzitegiak preso eta preso ohiei bidalitako ordaina pagatzeko azken agindua —halakorik baldin badago—. Lege berriaren arabera, eskaera hori egin eta bost urtera preskribatzen du presoek estatuarekin duten zorra kitatzeko betebeharrak: ez badu egiten, horretatik aske geratzen da. Epea nabarmen murriztu dute aurreko legetik —hamabost urtetik bostera—, eta, 2015aren aurretik pagatzeko agindua jaso dutenentzat ere bost urtekoa izango den arren, zenbaketa lege berria ezarri zen urtetik hasten da: alegia, 2020ra arte.

Salbuespena lirateke azken abisutik hamabost urte pasatu diren kasuak. Preskribatuta egon beharko lirateke, baina abokatuak susmoa du horrekin «jokatu» nahi dutela. «Guk uste dugu urteen zenbaketaren hasiera markatu behar duena dela eskaera edo erreklamazio judizial bat, epaia eman zuen epaitegiak egina, eta ez administrazioak —izan ogasunak edota beste sailen batek— bidalitako gutun edo ohar bat, eta abokatuok jasotzen ez ditugunak. Askotan horiek erabiltzen dituzte erreklamazioa egin dela argudiatzeko».

Ostolazak maiatzeko operazioa jarri du adibide gisa. «Guardia Zibila errekerimendu judizialik gabe hasi zen ondasunak eramaten eta blokeatzen». Abokatuaren arabera, operazio hura «erabat propagandistikoa» izan zen: «Baina balio izan zuen presoek 'biktimekin duten zorraren gaia' lehen lerrora ekartzeko eta presioa egiteko».

Abokatuek zenbait helegite jarri zituzten auzitegian, «formengatik», baina epaileek ez diete arrazoia eman. Orain, preskripzioei buruz jarritakoak aztertzen ari dira: «Guk uste dugu kasu batzuetan hamabost urte baino gehiago pasatu direla azken errekerimendutik, baina ikusiko dugu». Epaileek mahai gainean dituzte, halaber, preso ohiei eskatutako eta kendutako diru kopuruen artean dauden «bat ez etortzeei» buruzko kexak.

Abokatuak gogoratu du auzitegiari dagokiola zehaztea zenbait «itzuli» behar zaion estatuari, eta nola ordaindu behar duen hori zigortuak, haren egoera eta baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, besteak beste: ondasunak enbargatuz, hileroko soldatatik diru kopuru bat emanez... «Legeak dio gutxieneko soldata profesionala jasotzen duen preso ohi bati ezin zaiola kendu, eta batzuetan hori egin dute. Edo, beste batzuetan, zorra kitatua zuen preso ohi batzuei enbargatu dizkiete ondasunak». Ostolazak ohartarazi du adi egon beharko dutela «irregulartasun» horiekin.

Presoei, graduz aldatzeko

Badu beste alde bat auzitegiek erantzukizun zibilaren preskripzioaren auzian arreta jarri izanak: presoena. Ostolazak nabarmendu duenez, Espainiako eta Frantziako legeen arabera, presoek ordainketa horri aurre egin behar diote graduz aldatu ahal izateko.Frantzian, baldintzapeko askatasunak eskatzeko; eta Espainian, hirugarren graduan dauden presoek baldintzapekoa eskuratzeko, eta bigarrenetik hirugarrenera pasatzeko —7/2003 legearen arabera zigortuek; 70 euskal preso inguru—. Baldintza hori betetzen hasi ziren Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) agintaldian Langraiz bideko gizarteratze programara batu ziren presoak.

Abokatuak azpimarratu duenez, egun horrek ez die eragiten euskal presoei —lehen graduan daudelako ia denak—, baina uste du «gaurkotasun» handia izango duela aurrera begira. «Gradua aldatzeak ere izango du kostu ekonomiko bat; ikusi beharko da zenbatekoa, eta ea hori erabiliko duten presoak eta senideak estutzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.