Brasil. 'Lula'-ren epaiketa

'Lula'-ren aurkako auziak arrazoi politikoak zituela dio ikerketa batek

Epailea eta fiskalburua elkarlanean aritu ziren PT alderdia ez zedin boterera itzuli, 'The Intercept'-en arabera. Presidente ohia kartzelan dago, ia hamahiru urteko bi zigor betetzen

Lula Brasilgo presidente ohia Sao Paulo hirian, iaz, hari babesa emateko egindako ekitaldi batean. F. BIZERRA JR / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Luiz Inacio Da Silva Lula Brasilgo presidente ohiaren (2003-2011) aurkako auziaren inpartzialtasuna ezbaian jarri du The Intercept aldizkari digitalaren ikerketa batek. Besteak beste, erreportajeak dio Sergio Moro epailea —egun Justizia ministroa— eta Deltan Dallagnol fiskalburua elkarlanean aritu zirela Langileen Alderdia (PT) ez zedin boterera itzuli iazko urriko bozetan, nahiz eta bi figura horien arteko hartu-emana legez kanpokoa den Konstituzioak eta Zigor Kodeak debekatzen dute—. Ez hori bakarrik: Morok gomendioak eman zizkion Dallagnoli ikerketa eta kasua bideratzearen inguruan. Epaileek neutroak izan behar dute, baina aldizkariaren erreportajeak argitara eman du ez zela halakorik gertatu presidente ohiaren aurkako auzibidean. Oinarri gisa hartuta ehunka dokumentu eta fiskalen Telegram mezularitza aplikazioko taldearen edukia, aldizkariak dio Lularen aurkako auziak arrazoi politikoak zituela.

Morok berak bederatzi urteko eta 11 hilabete kartzela zigorra ezarri zion Lulari, 2017an, ustelkeria eta dirua zuritzea egotzita; Lava Jato (auto garbiketa) polizia operazioak Petrobras auzira eraman zuen, eta horren harira eman zuen zigor hori. Zehazki, honako hau leporatu zioten Brasilgo presidente ohiari: OAS eraikuntza enpresak Sao Pauloko luxuzko etxe bat eman ziola Petrobraseko kontratuak eskuratzearen truke. Gerora, Porto Alegreko 2. instantziako auzitegiak bederatzi urtetik hamabira igo zion espetxe zigorra. Eta iragan otsailean iritsi zen beste albistea, bigarren sententziarena: eraikuntza enpresa batzuek Sao Pauloko etxe batean egindako erreforma lanak epaitu zituzten, eta horiek «fabore politikotzat» jota zigortu zuten Lula hamabi urteko eta 11 hilabeteko kartzelaldira.

The Intercept-en erreportajeak, bada, beste paisaia bat marraztu du, adierazita Petrobras auziko fiskalek zalantzak zituztela esku artean zituzten frogak nahikoa izango ote ziren Lula erruduntzat jotzeko. Fiskalburuak, esaterako, zalantzak zituen bi elementuri buruz: batetik, luxuzko etxea Brasilgo presidente ohiarena ote zen, eta, bestetik, harena izanda ere Petrobrasekin zerikusirik ote zuen. Ustezko lotura hori ezinbestekoa zen, lege oinarria ematen baitzien; izan ere, Petrobras gabe kasua akusazioaren jurisdikziotik kanpo geratuko zen. Eta, jakina, etxea ez bazen Lularena, kasuak ez zuen izango aurrera jarraitzeko oinarririk. Baina Moro eta Dallagnol elkarlanean aritu ziren presidente ohia ez zedin aurkeztu hauteskundeetara; esaterako, epaileak bere erabakien berri eman zion aurrez, eta akusazioen ikerkuntzei buruzko iritzia helarazi zien. The Intercept-en arabera, 2015eko abenduaren 7an Morok honako hau idatzi zion Dallagnoli: «[...] Badirudi pertsona hori informazioa emateko prest dagoela. Pasatuko dizuet. Iturria serioa da». Dallagnolen erantzuna: «Eskerrik asko! [Harekin] Harremanetan jarriko gara».

Haddad eta elkarrizketa

Kartzelan zegoen arren, PTk Lula izendatu zuen presidentegai iazko abuztuan; inkesta guztien arabera, hura zen faboritoa. Hauteskunde Auzitegi Nagusiak, baina, hautagaitza baliogabetu zuen irailean eta, hautagairik gabe ez geratzeko, PTk eta Lulak beste bat izendatzea erabaki zuten: Fernando Haddad, Sao Pauloko alkate ohia eta unibertsitateko irakaslea. Hark, ordea, ez zituen xarma eta ospe berak.

Horregatik, PTrentzat aukera ezin hobea zen Folha de Sao Paulo-k Lulari kartzelan egin behar zion elkarrizketa; egunkari horrek Auzitegi Gorenaren baimena jaso zuen, eta honela erreakzionatu zuen Laura Tessler fiskalak, The Intercept-en arabera: «A zer txistea! Bigarren itzuliaren aurreko prentsaurreko batek Haddadi lagun liezaioke hautatua izaten». Januario Paludo fiskalak proposatu zuen «denei elkarrizketa egiteko aukera ematea, eta denek egun berean egitea»; fiskalak beldur ziren Lularen hitzak Haddadentzako bultzada politiko bat izango ziren. Azkenean, eskuin muturreko Novo alderdiak helegite bat aurkeztu zuen, eta onartu zioten. Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak irabazi zituen bozak, bigarren itzulian, botoen %55,1 lortuta.

Bolsonarok zin egin dio Morori Auzitegi Gorenerako izendatuko duela han tokiren bat libre geratzen denean. Argitaraturiko informazioak, ordea, zaildu egingo dio hori; egungo Justizia ministroak atzo adierazi zuen bere mezuak «testuingurutik kanpo» hartuta daudela, eta akusazioaz arduratu zen lantaldeak ziurtatu zuen froga guztiak eta dokumentuak «legez» lortu zituztela.

Kongresuak egunotan erabakiko du ikerketa parlamentariorako batzorde bat eratuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.