Lan merkatua. Langabezia

Hego Euskal Herrian, 2019ko abenduan baino 489 langabe gutxiago zenbatu dira

Gizarte Segurantzan, 2020aren amaieran baino 38.800 kotizatzaile gehiago daude. Lau lurraldeetan nabarmen egin du behera langabeziak, eta tasa %10,7raino jaitsi da

joxerra senar
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bi urteotan, pandemiak utzitako lorratz sakona ezabatzen ari da lan munduan. Edo, bederen, hori adierazten dute datu orokorrek. Langabeziak behera egin zuen iaz nabarmen, eta 2019aren amaierako mailara heldu zen. Zehazki, iragan abenduan, duela bi urte baino 489 langabe gutxiago zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan. Ondorioz, nahiz eta ekonomiari koska bat falta zaion konfinamendua ezarri aurreko egoerara itzultzeko, enpleguan iritsi da helmuga horretara. Iazko urtarriletik abenduraino 38.868 langile gehiagok izena eman zuten Gizarte Segurantzan. Aurreko urtean izandako lanpostu galera berreskuratzeaz gain, 15.500 gehiago erregistratu ziren, 2019ko datuekin alderatuta.

LANGABEZIA
Alderantzizko errebotea


Iragan urtean galdu zena berreskuratzeko urtea izan da amaitu berri dena. Nolabait, alderantzizko errebotea jo du langabeziak. Hego Euskal Herriko langabezia tasak bi puntu egin du atzera: 2020aren amaieran %12,7 zen, eta orain %10,8. Izan ere, 2020an, langabeziak nabarmen egin zuen gora (22.514 langabe gehiago). Iaz, pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketek jarraitu zuen zerbitzuen jarduera baldintzatzen, eta industrian hornidura arazoak izan ziren: hala ere, 23.006 langabe gutxiago egon dira abenduaren amaieran Nafarroako Lansareren eta EAEko Lanbideren bulegoetan.

Urrian alarma egoera kendu ostean, zerbitzuen alorrak hilabete ona izan zuen azaroan, eta, Eguberrien kanpainak hauspoturik, joera horri eutsi zion abenduan: 2.467 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe, aurreko hileko datuekin alderatuta. Alderantziz, industriak aurreko hilabeteetako joera gelditu egin zuen, eta 612 langabe gehiago izan ziren sektore horretan. Azpimarragarria da bolada handi batez lana topatu ezinik ibili diren kolektiboan langabeziak nabarmen egin duela behera (-804), batik bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Urtebete atzera eginez gero, jaitsiera nabarmena izan da lau lurraldeetan. Jaitsierarik handiena Nafarroan izan da, urtebetean %21,2 egin baitu behera, eta, guztira, 8.611 langabe gutxiago daude. 2019ko datuekin konparatuta, Nafarroan 1.172 langabe gutxiago daude. Araban, urtebetean %10,6 egin du behera langabeziak: aurreko urteko abenduan baino 2.313 langabe gutxiago daude. Bizkaian eta Gipuzkoan, %11,2 jaitsi da langabezia: 8.202 langabe gutxiago daude Bizkaian, eta 3.880 gutxiago Gipuzkoan.

SEXU ARRAKALA
Egiturazko arazoa


Pandemiak ez du aldaketa handirik eragin lan merkatuko egiturazko arazoetan. Hau da, pandemiaren aurretik langabe guztien %57 emakumeak ziren, eta gutxi gorabehera ehuneko horretan dago oraindik ere: abenduan langabeen %56 emakumezkoak ziren. Gazteen artean, orekatu egin da joera hori, 25 urtetik beherako langabeen %51 baitira emakumeak. Arrakala are handiagoa da sexu bakoitzeko biztanleria aktiboa aintzat hartuz gero: emakumeen artean %12,5ekoa da langabezia tasa, eta gizonezkoen artean, %9,2koa.

LANERREGULAZIOAK
4.313 langile oraindik ere


Pandemiak lan merkatuan zulo handiagoa eragin zezakeen baldin eta aldi baterako lan erregulazioak (ABEE) aplikatu izan ez balira. Konfinamendua kendu zenetik, logikoki, espediente horien pean dauden langile kopuruak beherantz egin du nabarmen, baina ez da guztiz desagertu, oraindik ere egoera ekonomikoa jarduera batzuei eragiten ari zaien seinale. Hala, 2020ko apirilean, konfinamenduaren gordinean, 208.281 langile egon ziren batez beste aldi baterako erregulazio batean, eta abenduan 4.313 zeuden ABEE batean, Gizarte Segurantzaren datuen arabera. Adierazgarria dagobernuek alarma egoera kendu zutenetik, urritik (8.733), erdira murriztu dela erregulazioan zeudenen kopurua. Era berean, egun egoera horretan dauden langileen %64 emakumeak dira.

KONTRATAZIOAK
Behin-behinekoak nagusi


Lan merkatuan, beste egiturazko joera batek bere horretan jarraitu zuen iragan urtean ere. Orotara, 1,2 milioi kontratu izenpetu ziren Hego Euskal Herrian: %91,3 behin-behinekoak izan ziren, eta gainerakoak, mugagabeak. Adierazgarria da 2020an baino 183.000 kontratu gehiago izenpetu dituztela administrazioek eta enpresek, baina 2019an baino 183.000 gutxiago.

LANGABEZIA SARIAK
%55, babesik gabe


Hegoaldeko lau lurraldeetako langabeen erdiek baino gehiagok ez dute inolako estaldurarik: zehazki, %55,5ek. Laurden batek langabezia sari arrunta jasotzen dute (iaz, %34.5eraino igo zen), eta beste %17k, subsidioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.