Migrazioak. Erreskate ontziak

Ahuldu egin nahi izan dituzte

Ozeanoak irensten dituen txalupei babesa emateko itsasontzien jardunbidea estatuen erabakiek zaildu dute usu; horrekin lotutako berriz josita egon dira iragan hilabeteak.

'Sea Watch' itsasontzia, iragan ekainean, Lampedusara heldu berri. ELIO DESIDERIO / EFE.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Milaka errefuxiatu hil dira azken hilabeteotan Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko ahalegin etsietan. Haien txalupa txikiei laguntza emateko ahaleginetan ari diren erreskate itsasontziek, ordea, zailtasunak izan dituzte sarri jardunbide horretarako. Erreskateak egiteko baimena lortzeko zailtasunen adibide argia da, esaterako, Aita Mari ontzia. Beste hainbat ontzi, erreskateak eginda ere, itsas zabalean geratu dira behin baino gehiagotan, zain, portu seguru baterako ateak noiz zabalduko, lehorrera heltzeko zailtasun handiekin. Arazoen zerrenda luzea da; ontzi horien jarduna «kriminalizatzeko» zabaldu diren mezu ozenena ere bai.

Ugariak izan dira itsasontzien jarduna gerarazteko ahaleginak. 2018ko martxoan, adibidez, Open Arms itsasontziko arduradunak atxilotu zituzten Italian, «giza trafikoan» aritzea egotzita. Ate itxiak ere ugariak izan dira. Iazko abenduan, esaterako, Open Arms Cadizko portuan (Espainia) lehorreratu zen, erreskatatutako 311 migratzailerekin, aurrez Italiak eta Maltak horretarako modua ukatuta. Itsasontzi horrek ere arazoak izan ditu usu erreskateak egiteko modua emango dien itsasoratzeko baimena lortzeko, eta hori gabe ere jardun dute pertsonak salbatzen.

Erreskate lanetan ari diren ontzietako arduradunek uko egin diete beti errefuxiatuak Libiara eramateko proposamenei. Gertu dago, baina maiz argudiatu dute herrialde horretan giza eskubideak errespetatzen ez direnez ez dela portu seguru bat. Jarrera irmoa dute, oro har: Europan utzi behar dira beti errefuxiatuak, egoera oso kalteberan baitaude, eta haien eskubide guztiak bermatzera egin behar baita. Libiako kostazainekin arazoak izan dituzte sarri, eta herrialde horretako agintariek beren itsas eremuan sartzea egotzi diete maiz.

2018ko ekainean, Aquarius ontziak bete zituen lerroburu ugari. Mediterraneoko uretan zegoen, 629 migratzaile erreskatatuta, Italiara sartu nahian, baina Matteo Salvini Barne ministroak esan zuen ez zutela onartuko ontzia. Espainiako Gobernuak ireki zuen orduan atea: Valentziako portuan (Herrialde Katalanak) porturatzeko era izan zuen. Handik gutxira, ordea, abuztuan, ataka oso antzekoan zegoen berriz ontzia: 141 iheslari zeramatzala, lehorreratzeko tokirik gabe. Italiak eta Maltak ukatu egin zioten horretarako era. Eta jarrera aldaketa izan zuen Espainiako Gobernuak orduan: esan zuen ez zela «kairik seguruena», eta horretarako eman zuen argudioa izan zen «nazioarteko zuzenbideak» aurreikusten duela «kairik gertukoenean» lehorreratu behar direla ontziak. Areago ere egin zuen Espainiako Gobernuak jarrera aldaketa defendatzeko; adierazi zuen bigarren aldi honetan ez zegoela «lehengo krisi humanitariorik».

Iazko abuztuan, arazoak izan zituen Diccioti ontziak ere. Italiako kostazainen ontzi bat da; 177 migratzaile erreskatatu zituen. Traba handiak izan zituen, ordea, lehorreratzeko, berriz Matteo Salvinik ipinitako eragozpenen ondorioz. Aurtengo udan Ocean Viking itsasontzia egon zen antzeko atakan; hamalau egun egin behar izan zituen itsasoan erreskatatutako 356 pertsonarekin, azkenean Maltako hiriburuko Valleta portuan lehorreratzea lortu arte. Portuan sartzeko baimena eman zuela esan zuen Maltako lehen ministro Joseph Muscat-ek, baina heldu orduko alde egin beharko zutela: «Migratzaile bat bera ere ez da geratuko Maltan».

Rackete kapitaina

Ataka zailean sartu zen iragan ekainaren 29an Sea Watch itsasontziko kapitaina ere, Carola Rackete: izan ere, Lampedusan porturatu zen, berrogei migratzailerekin, eta atxilotu egin zuten. Salvinik «jarrera kriminala» egotzi zion. Aurreko egunetan, itsas zabaletik, itsasontziko egoera larriaren berri eman zuen kapitainak: barruan zihoazen migratzaileak fisikoki eta mentalki gero eta okerrago zeudela esan zuen, eta itsasontziko egoera jasangaitza bihurtzen ari zela. Lampedusan lehorreratu baino egun batzuk lehenago, kasurako, bi migratzaile ebakuatu behar izan zituzten, osasun arazoak tarteko. «Iristen ez den irtenbide baten zain jarraitzen dugu. Horregatik erabaki dugu porturatzea», esan zuen kapitainak lehorreratu aurretik. Ahuldu egin nahi izan dituzten indarren kontra egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.