'Brexit'-a. Balizko aukerak

Askatzen ez den korapiloa

Mayk gobernuaren aurkako zentsura mozioa gainditu badu ere, 'brexit'-aren egoera argitzetik urruti dago. B planak zehaztuko du epe motzerako bide orria, baina aukera anitz daude zabalik

Askatzen ez den korapiloa.
mikel rodriguez
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Brexit-erako erreferenduma egin zenetik (2016ko ekainaren 23tik) korapilo etengabeak sortu dira prozesuan, eta horietako bat askatu den aldi oro bertze bat sortu da. Erresuma Batuko Gobernuaren aurkako zentsura mozioa izan da azkena; lortu du gainditzea, baina horrek ez du egoera orokorra argitu. Ziurgabetasuna izan da prozesuaren ezaugarri nagusia, eta Erresuma Batuak EB Europako Batasuna uzteko eguna (martxoaren 29a) hurbil badago ere, hala jarraitzen du egoerak. Honakoak dira gerta litekeenaren aukera posible batzuk.

B PLANA

Epe motzean bide orria markatuko duen gertaera da. Theresa May lehen ministroak astelehenera arteko epea du herenegun Komunen Ganberak baztertu zuen planaren alternatiba bat aurkezteko. Lehen ministroak asmoa zuen bart bertan bilerak hasteko alderdi guztiekin, baina atzo ikusitakoaren arabera, zaila dirudi gaiztotuta dauden harremanak hain agudo aldatzea. B plan hori astelehenean aurkeztuz gero, Komunen Ganberak gehienez hilaren 30era arteko epea dauka bozkatzeko. Egoera aldatu eta Mayk gehiengoaren babesa lortuko balu, EB konbentzitu beharko luke berriz negoziatzeko. Datozen egunotan horretan ahaleginduko da May, baina Bruselak marra gorritzat paratua du azaroan itxitako akordioa berriz negoziatzea. Jarrerari eutsiko balio, kale itsu batean sartuko litzateke egoera. Lehen ministroak bigarren bozketa hori galduko balu, berriz, herenegungo egoerara itzuliko litzateke, baina aitzinetik denbora gutxiagorekin.

HAUTESKUNDEAK

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiaren helburu nagusia da hauteskundeetara deitzea, eta horretarako aurkeztu zuen konfiantza mozioa. Hiru aukera daude hauteskundeetara deitzeko: bata, Mayk amore ematea eta hark deitzea; bertzea, oposizioak bertze konfiantza mozio bat aurkeztu, hori irabazi, eta hamalau eguneko epean bertze gobernu bat ez osatzea; hirugarrena, Komunen Ganberako bi herenek eskatzea. Dena den, hauteskundeek bere horretan ez lukete irtenbiderik ekarriko. Hasteko, bortz edo sei astetako tartea behar delako hauteskundeak deitzen diren egunetik horiek egin arte. Martxoaren 29a baino lehen eginen balituzte ere, gobernu berriak berehala eskatu beharko lioke EBri batasuna uzteko irteera data gibelatzea, akordiorik gabeko brexit bat eragotzi nahi balu.

'BREXIT'-A GIBELATU

Hain zuzen, brexit-a indarrean sartzeko eguna hurbiltzen ari dela ikusita, eta paralisia erabatekoa denez, azken asteotan indartu den hipotesia izan da epea handitzea, eta Erresuma Batuak martxoaren 29aren ondoren EBn jarraitzea. Neurri horren helburu argia da denbora gehiago irabaztea adostasun bat lortzeko. Horretarako, alde batetik, Erresuma Batuak Bruselari eskatu beharko lioke brexit-erako data gibelatzea; eta, bertzetik, EBko bertze 27 estatuek aho batez onartu beharko lukete eskaera. Erronkak ez dira gutxi.

Izan ere, Mayk bertze behin aurre egin beharko lioke alderdikideen sektore gogorrenari, EBri lotuta mantentzea esan nahi duen edozeren aurka baitaude. Eta lehen ministroa, alderdikideen eta oposizioaren konfiantza mozio bana gainditu baditu ere, posizio ahulean dago. EBk, berriz, mezu kontraerrankorrak eman ditu epea luzatzearen inguruan, baina badirudi horren aldekoa dela —TheTimes egunkariak atzo argitaratu zuenez, 2020ra arteko luzapena emateko prest legoke—. Irlandako Errepublikako ordezkariak dira epea luzatzearen alde esplizituen agertu direnak, Ipar Irlandarekin duten mugan egoera ezegonkor bat sortzea eragotzi nahi baitute nola edo hala.

BIGARREN ERREFERENDUMA

Gero eta gehiago aipatu den bertze alternatiba bat da brexit-ari buruz bertze erreferendum bat egitea. Presio taldeak egituratu dira horren inguruan, eta aukera horren alde daude, bertzeak bertze, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala eta Alderdi Liberal Demokrata. Oposizioko indar nagusian, Alderdi Laboristan, ez dago kontsentsurik. Jeremy Corbynen aitzineko zuzendaritzaren ildokoak daude bertze erreferendum bat egitearen alde, eta atzo 71 diputatuk alderdiko liderrari eskatu zioten babes dezala hori.

Aukera horren zailtasunak handiak dira, ordea; bai prozedurazkoak, bai politikoak. Prozedurari dagokionez, Hauteskunde Batzordeak errana du gutxienez sei hilabeteko epea behar dela erreferendum batera deitzeko. Beraz, martxoaren 29ko langa gaindituko luke, eta, ezinbertzean, Erresuma Batuak eskatu beharko luke brexit-a gibelatzea. Gainera, bai gobernua, bai brexit-aren aldeko sektore gogorrena erabat aurka agertu dira, eta Corbynek ere errana du aukera hori ez duela gustuko.

Dilema politiko handi baten aitzinean egon daitezke, lehenbiziko erreferendumaren emaitza baliogabetzea bailitzateke bertze batera deitzea, eta horrek herritarren sektore bat anitz aztoratu lezake, gehienbat Ingalaterran eta Ipar Irlandan.

'BREXIT'-A AKORDIORIK GABE

Anabasa politikoa konponduko ez balitz, eta Erresuma Batuak ez balu eskatuko brexit-aren data gibelatzea, martxoaren 29an EB utziko luke, Bruselarekin dibortziorako neurririk zehaztu gabe. Nazioartean lurrikara politiko eta ekonomiko handi bat gertatuko dela uste dute eragile ugarik. Egun batetik bertzera, Erresuma Batuak ez luke EBren arauak jarraitzeko betebeharrik izanen, ezta harengandik jasotzen dituen onuretarako eskubiderik ere. Eragin ekonomikoak berehalakoak izanen liratekeela uste dute alde guztiek, eta aspalditik dabiltza erraten horri aurre egiteko neurriak hartzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.