Kataluniako prozesu subiranista. Espainiako aurrekontuak

Sanchezek bihar jakinaraziko du bozak aurreratuko ote dituen

Espainiako Kongresuak atzera bota ditu gobernuaren aurrekontuak, eta kolokan jarri da legealdia. PPko Pablo Casadok «fronte komun bat» nahi du Ciudadanosekin eta Voxekin

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, atzo, Kongresuan aurrekontuen lege proiektuaz izan zuten eztabaidan. CHEMA MOYA / EFE.
ander perez zala
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bihar jakinaraziko du hauteskunde orokorrak aurreratuko ote dituen, ostiraleroko ministroen kontseiluaren ostean. Espainiako Gobernuak atzo adierazi zuen bilera horren ondoren dela Sanchez hitz egitekoa, eta orduan jakinaraziko dutela «gobernuko presidentearen erabakia». Hauteskunderik aipatu ez arren, litekeena da Sanchezek jakinaraztea boz orokorrak aurreratuko dituela, eta, horrekin batera, zer egunetan izango diren. Jose Luis Abalos Sustapen ministroak atzo adierazitakoaren arabera, «laster emango dituzte albisteak» hauteskundeei buruz; Isabel Zelaa gobernuaren eledunak ere aurrerapen hori iradoki zuen: «Pena da honek hain amaiera azkarra izatea».

Aste honen hasieran, Espainiako Gobernuan jakitun zeuden legealdia amaitzear egon zitekeela. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak iragan ostiralean eman zituen amaitutzat negoziazioak, alderdi katalan independentistek autodeterminazioaz negoziatu nahi zutelako. Esquerra Republicanaren (ERC) eta Alderdi Demokrata Europar Katalanaren (PDeCAT) babesik gabe, gobernuaren aurrekontuen lege proiektuak bide gutxi zuen egiteko; eta hala izan da, Espainiako Kongresuak atzera bota baitzituen atzo presidentearen kontuak. Mariano Rajoyren (PP) aurkako zentsura mozioa irabazi zuenetik, Sanchez PPren aurrekontuekin ari zen lanean, eta legealdia luzatzeko une giltzarria zen bereak onartzea. Baina, Generalitatearekin izandako elkarrizketek porrot egin zutenez, ERCk, PDeCATek, PPk, Ciudadanosek (C's), Foro Asturiasek eta Coalicion Canariak aurkezturiko osoko sei zuzenketak onartu zituen ganberak, aldeko 191 botorekin eta kontrako 158rekin.

Calvok iragan ostiralean aitortu zuen agintaldia «laburtuko» dela aurrekontuak atzera botaz gero. Testuinguru horretan dago orain gobernua, eta biharko ministroen kontseiluan eztabaidatuko dute hauteskundeak aurreratu ala ez; Espainiako hedabideek zabaldurikoaren arabera, Sanchezek erabakiko du bozak lehenago egitea, zehazki apirilaren 28an. Bestelako aukera bat litzateke maiatzaren 26an egitea, udal, erkidego eta Europako hauteskundeekin batera, baina PSOEren erkidegoetako buruzagiek ez lukete begi onez ikusiko aukera hori, ez dutelako nahastu nahi estatu mailako kanpaina erkidegoetakoekin. Hauteskundeak aurreratzeko eta, beraz, apiril amaieran egiteko erabakia hartuko balute, bozak Kataluniako prozesu subiranistaren epaiketaren erdi-erdian izango lirateke —baita hauteskunde kanpaina ere—; kasu horretan, martxo hasieran desegin beharko lukete Kongresua.

Aurrekontuen eztabaidan, talde politikoek agerian utzi zuten hauteskundeak erortzear daudela. Ekonomikoak baino politikoagoak izan ziren diputatuen adierazpenak, baita aurrekontuak defendatzeaz arduratu zen Maria Jesus Montero Ogasun ministroarena ere; alderdi katalan independentistek eskaturiko autodeterminazio eskubidea eta joan den astean amaituriko negoziazioak hainbatetan aipatu baitzituzten. Gainera, Sanchezek aurrekontuetan zehazturikoa bozen kanpainan erabil lezake PSOEk, eta estrategia horri bidea ireki zioten atzoko eta herenegungo saioetan.

Ordea, hauteskundeetan eskuinak gehiengoa lor dezakeelakoan, hainbat talde politikok uste dute ezinbestekoa zela aurrekontuak onartzea, tartean Podemos; Twitter sare sozialaren bidez, alderdiak «arduragabetzat» jo zituen atzo ERC eta PDeCAT. Bi alderdi horien ordezkariak herenegun mintzatu ziren Kongresuan, eztabaidaren lehen egunean, eta biek ala biek elkarrizketara itzultzeko eskatu zioten gobernuari. ERCko Joan Tardak mahai gainean autodeterminazioa jartzeko beharraz ohartarazi zion Sanchezi, eta PDeCATeko Ferran Belek gauza bera gogorarazi zion, «oraindik denbora» zegoelako osoko zuzenketak kentzeko. Baina gobernuarentzat marra gorri bat da autodeterminazioa, eta denbora hori amaitu egin zen atzo.

Eskuina, hauteskunde eske

Gaurtik aurrera, Sanchezek «ezin du atzeratu» bozen iragarpena, Pablo Casado PPren buruzagiaren iritziz: «Gaurkoa [atzokoa] inflexio puntu bat izan da, gobernuaren buruzagitzan Sanchezen bidea amaitutzat ematen duena», adierazi zuen atzo.

Balizko hauteskunde horiei begira, PPren buruzagiak jakinarazi zuen haren alderdia «prest» dagoela gobernura itzultzeko, eta aurreratu zuen haren lehen neurrietako bat izango dela «Konstituzioa Katalunian aplikatzea», presidente hautatuko balute. Horrekin batera, Casadok atea ireki zion C's-ekin eta Voxekin aliantza bat osatzeari, «populistei eta separatistei» aurre egiteko: «Beharrezkoa da fronte komun bat».

C's-en buruzagi Albert Riverak ere atea ireki zion PPrekin eta Voxekin aliantza bat egiteari, hark helburu bakarra baitu bozei begira, egungo Espainiako presidentea boteretik botatzea: «Argiago esango dut: Sanchezekin ez». Halere, ez zuen baztertu PSOErekin adostasunetara heltzea, betiere Sanchez alde batera utzita.

Oposizioko ia alderdi guztiek eskatu diote Espainiako presidenteari bozak aurreratzeko. Bihar emango du erabakiaren berri: hori egin, boterean jarraitu 84 diputaturekin, edo Kongresuan konfiantza mozio bat aurkeztu. Kasu horretan, ganberaren konfiantza lortuko balu, boterean jarraituko luke; hori lortuko ez balu, Felipe VI.a erregeari dimisioa aurkeztu beharko lioke, eta azken horrek alderdiekin hitz egin beharko luke beste presidentegai bat zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.