EAJ eta PDeCAT ez dira batera aurkeztuko, «elkarlanari» eutsi arren

EAJk dio «ulertu» egiten duela PDeCATek hartutako erabakia. Bi alderdiek ituna egingo dute, bozen ostean batera aritzeko. EAJk, CC eta CxGrekin egingo du koalizioa

David Bonvehi PDeCATeko presidentea EAJko burukideek inguraturik, iazko Alderdi Egunaren ospakizunetan. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

EAJ eta PDeCAT ez dira elkarrekin aurkeztuko Europako hauteskundeetara. Orain dela aste batzuk, denek egintzat ematen zuten akordioa, eta urtarrilaren 15ean aukera hori berretsi zuen PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalaneko presidente David Bonvehik elkarrizketa batean, baina gauzak okertu egin dira alderdi katalanak lehenetsi duenean preso eta erbesteratuak —Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia buru— zerrendan sartzea. Orain EAJk baieztatu egin du ez dela koaliziorik egongo bi alderdien artean, eta nor bere aldetik aurkeztuko direla Europako hauteskundeetara.

Hala ere, EAJk ez du erabateko hausturaren irudirik eman nahi izan. Jeltzaleek azaldu dutenez, «ulertu, errespetatu eta onartu» egiten dute PDeCATek «gaur egungo egoera politikoari erreparatuta Kataluniako alderdiek osatutako hautagaitza osatzea» —Junts per Catalunya izena erabiliko du hautagaitza horrek, eta Puigdemont hautagai izango da—, eta erabaki horri «koherente» deritzo Kataluniaren prozesu subiranistarekin. Halaber, ez dute baztertzen «elkarlanean jarduten jarraitu» ahal izatea, kontuan hartuta bi alderdiak lotzen dituzten «harreman politikoa eta adiskidetasuna».

Hauteskundeen ostean elkarrekin aritzeko asmo hori ofizialtzeko, bi alderdiek itun bat izenpetuko dute datozen egunotan. Akordio horren xedea izango da «Europako Parlamentuan Euskadi eta Katalunia aldeztea», Europaren etorkizunean «nazio biontzako ahots eta ordezkaritza aldarrikatzea» eta «Euskadik eta Kataluniak izan beharko luketen tokiari buruz konpondu gabe jarraitzen duen arazoari irtenbidea bilatzea».

Orain, CC Coalicion Canaria eta CxG Compromiso por Galicia alderdiekin koalizioa osatzera bideratuko ditu EAJk bere ahalegin guztiak. Jeltzaleek esan dutenez, elkarrizketak «nahiko aurreratuta» daude bi alderdi horiekin, eta aurreikusten dute datozen egunetan koalizio akordioa izenpetzea.

Coalicion Canariak ziurtzat jo du koalizioa osatuko dutela, berri agentziei adierazi dietenez.

«Jokaldi makurrik» ez

EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzar ere ahalegindu da auziari larritasuna kentzen. Bruselatik mintzatu da Ortuzar, hara joan baita Europako Alderdi Demokrataren batzarrean parte hartzera, eta azaldu du Europako hauteskundeetara bananduta aurkeztearena «bi alderdiek batera hartutako erabakia» izan dela, eta ez duela uste PDeCATek «jokaldi makurrik» egin dienik hauteskunde itunak egiteko prozesu honetan.

«Ikusi dugu Katalunian azken urteotan egon den prozesu politikoak pentsarazi diela [PDeCATeko zuzendaritzakoei] egokiagoa dela hautagaitza katalan petoa aurkeztea nolabaiteko ekintza batasun politikoa emateko Espainiako hauteskundeetan, Kataluniakoetan eta gainerakoetan egin nahi dutenari», esan du Ortuzarrek. EBBko lehendakariak «zilegi» deritzo horrela jokatzeari, baina uste du «zaila» dela asmo hori EAJk, CCk eta CxGk osatu nahi duten koalizioarekin «uztartzea».

Ortuzarrek gogorarazi du lehenago ere —90etako hamarraldian— EAJ eta CiU nor bere aldetik aurkeztu zirela Europako hauteskundeetara —EAJk BNGrekin egin zuen koalizioa—, eta ukatu egin du bi alderdien artean «aldentzerik» egon denik. «Nork bere herriari onena opa dio, nork bere bidea hautatzen du eta, ondorioz, batzuetan estrategiak desberdinak dira, nahiz eta gero bat egin helburu batzuk lortzeko».

Jeltzaleek badakite PDeCATekin batera ez joateak zaildu egiten diela europarlamentaria lortzeko aukera. Hala ere, Ortuzar ziur dago hauteskundeen ostean Izaskun Bilbao EAJren hautagaiak diputatu izaten jarraituko duela. «Ez du Bruselan duen pisuaren alogera etengo», esan du.

PDeCATek ere eman du iritzia auzi honen inguruan, eta ez da askorik aldendu EAJk adierazitakoetatik. Esan dutenez, «Kataluniako gatazka nazioartekotzea eta errepresioa salatzea» izan dute xede zerrendak osatzean, eta, hortaz, «Kataluniako interesen ikuspegia» gailendu da haien erabakian. Hala ere, EAJ «aliatutzat» jotzen dute, eta «hauteskundeen osteko lankidetza instituzionala» bermatzeko ituna egin nahi dute haiekin.

EAJ eta PDeCAT

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.