Nafarroako gobernu berria

Eskualdaketa, «elkarlanean»

Nafarroako Gobernuaren trantsizioa «ongi egiteko» asmoz batzartu dira Uxue Barkos eta Maria Txibite. Txibitek gaur egingo du lehendakari karguaren zina; kontseilariek, bihar

Uxue Barkos eta Maria Txibite, atzo, gobernuen arteko eskualdaketari buruzko batzarraren ostean. JESUS DIGES / EFE.
jon olano
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean Nafarroako Parlamentuak Maria Txibite PSNko idazkari nagusia Nafarroako Gobernuko lehendakari izendatu eta gero, jarduneko gobernutik 2019-2023 legealdian ariko denerako trantsizioaren lehen pausoa eman zuten atzo Uxue Barkos jarduneko lehendakariak eta Txibitek. Ordubetez batzartu ziren biak atzo goizean, botere eskualdaketa gauzatzen hasteko, eta biek nabarmendu zuten bi taldeen «prestasuna» eta eskualdaketaren «erabateko normaltasuna». Giro «atseginean» ari dira zeregin horretan, eta asmoa da trantsizio hori «ongi egitea».

Lankidetza giroa azpimarratu zuten Txibitek eta Barkosek, PSNk eta Geroa Baik, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin batera, gobernu programa adostu dutenez gero. Hori horrela, Txibitek «mamia eta moduak» eskertu dizkio Barkosi: «Beti erakutsi du jarrera erraztailea gobernu batetik besterako aldaketan». Formei dagokienez, Barkosek «hasiera-hasieratik» azaldu du «elkarlanerako» jarrera, Txibiteren esanetan; edukien inguruan, berriz, jarduneko lehendakariak dokumentu batean laburbildu dizkio «alderdi esanguratsuenak».

Txibitek gaur egingo du lehendakari karguaren zina, Nafarroako Parlamentuan. Ekitaldia 11:30ean da hastekoa. Gonbidatuta daude Txibiteren aurretik Nafarroako Gobernuko lehendakari izandakoak, jarduneko gobernuko kideak, 2019-2023 legealdiko parlamentariak eta eragile politiko, ekonomiko eta sozial ugari ere. Nafarroarekin muga duten lurraldeetako ordezkariak ere gonbidatu dituzte —Ipar Euskal Herrikorik ez—, eta han egongo dela baieztatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gobernuak hamahiru kontseilari izango ditu, eta horiek bihar egingo dute karguaren zina, 12:00etan.

Tramite hori beteta, Txibitek abuztua baliatu nahi du «departamentuak antolatzen, izendapenak egiten, taldeak osatzen eta programa akordioa nola betetzen den ikusten». Atzo azaldu zuenez, abuztua «barne lanerako eta prestakuntzarako» hilabetea izango da; hala, irailean, urte politikoari ekitean, kontseilariek arloz arlo azalduko dute zeintzuk izango diren beren departamentuen gidalerro nagusiak.

Txibiteren hitzekiko sintonian mintzatu zen Barkos, adierazita atzoko topaketa «tonu atseginean» egin zutela, «lankidetza osoan» ariko direla eta ezin duela «bestela» izan, «irteten den gobernuak eta hamargarren legealdikoak ere harremana dutelako talde parlamentarioen eta bi gobernuen edukietan». Gaineratu zuenez, botere eskualdaketa kontseilarien arteko bilkurekin «borobilduko» dute, eta hori «datozen egunetan» izango da.

Atzoko bileraz harago, ordea, gobernuaren osaketak PSOE barruan duen onarpenaz ere galdetu zioten Radio Euskadin Santos Cerdan PSOEko Lurralde Koordinaziorako idazkariari. Aitortu zuen alderdiko ordezkari ugarirekin solastatu dela PSN-Geroa Bai-Ahal Dugu gobernuaz, eta erantsi horietatik inor ez dagoela «deseroso» formularekin; haren hitzetan, «guztien artean» lortu dute «beharrezko pedagogia» egitea PSNren jokabidea ulertzeko: «Aspertuta gaude eskuin politiko eta mediatikoak Nafarroa erabiltzeko duen moduaz».

Babesa Guardia Zibilari

Inbestiduran Txibiteren kontra bozkatu eta gero, PPNk lehen eskaria luzatu zion atzo gobernuburu berriari: galarazi dezala Etxarri-Aranatzen ostiralean egitekoak diren Inutilaren Eguna. Herri horretan, ohitura da festetan Inutilaren Eguna ospatzea, soldadutza egiteaz salbuetsita zeudenak gogoan hartzeko —adjektibo hori jartzen zieten Espainiako Armadara joateko ezintasunen bat zutenei—, baina PPNk salatu du «Guardia Zibila jazartzeko eguna» izango dela etzidamukoa, eta debekatzeko eskatu du: «Mundu abertzale erradikalak Inutilaren Eguna esaten dion horren helburu nagusia da Guardia Zibila jazartzea, ekitaldi eta ospakizun ustez umoretsuekin».

PPNk «gaitzespen irmoa» azaldu du, eta Txibiteri galdegin dio «baliabide guztiak» jar ditzala ospakizuna bertan behera uzteko: «Inbestidura diskurtsoan, konpromisoa azaldu zuen aurrerabidearekin, bakearekin eta elkarbizitzarekin; aukera ona da erakusteko Nafarroako presidenteak irmoa izan nahi duen gisa horretako ekitaldien aurka, edo bere bazkide nazionalisten interesen mende jarraitu nahi duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.