G7koen goi bilera. Eraginak saltokietan eta bizilagunengan

Onurak eta kalteak neurtzen

G7koen goi bilerak lurraldearentzat izanen dituen onurak laudatu dituzte agintariek hilabeteotan, baina herritar eta komertzio anitzentzat trabak dira nagusi. Argi duten bakarra: ez dago beren esku

Baionako merkatuko plazan larunbatero egiten duten ekoizleen merkatua bertan behera utzi dute. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki. Oihana Teyseyre Koskarat
Baiona - Miarritze
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Komunikazio ekintza prestatua zuten joan den astean Miarritzeko Herriko Etxetik (Lapurdi) hurbil prestatua duten gunean. Bertan eskuratu daitezke G7koen goi bilerak iraun bitartean hiri erdigunera sartzeko ezaugarri txartelak. Bi segurtasun zona berezi prestatu dituzte, gorria eta urdina, eta biziki baldintza zorrotzak ezarri dituzte bertara sartzeko: zona horietako biztanleek eta G7koen gailurraren garaian eremu horietara sartzea ezinbestekoa zaiela frogatu ahal izan dutenek lortu dute.

Joan den astean, han ziren Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefeta eta Michel Veunac Miarritzeko auzapeza. Biztanle eta saltzaileen kezkak lasaitzera etorriak ziren. Guztira, 6.500 txartel banatu dira galdetuak izan diren 16.000etatik. Biztanle eta langileei harrera egiteko, hamar bat langile ezarri dituzte. Sartzen direnei nortasun agiria galdetu, eta bideratzen dituzte.

Zona urdinean bizi da Eugenie Laffarge, eta bere txartela eskuratzera joan da; ez du kezka izpirik: «Segurtasun neurriei esker, ez dugu arriskurik izanen; ez da tragikoki hartu behar». Haren ustez, hiru egun horietan «trabak» izanen badira ere, gerora «onurak ekarriko dizkio Miarritzeri». Denek ez dituzte gauzak hain argi. Marianne Pujo zona urdineko biztanlearen ustez, «momentuan bertan ikusi» beharko da nola aritu. Komertzio batzuei «kalte» eginen badie ere, «hiru egun soilik» ez direla uste du.

Osteopata da Olivier —ez du abizena esan nahi—. Hiri erdigunean du kabinetea, zona urdinean. Txartela dutenak baizik ez dira sartzen ahalko eremu horretara G7koen bilkura garaian. «Kontuan hartuta nire pazienteen %80 eremu horretatik kanpokoak direla, ez du merezi egun horietan nire kabinetea irekitzea», azaldu du. Mila euro inguruko galera izanen duela kalkulatu du. «Beste komertzio batzuek izanen duten diru galerari konparatuta, ez da anitz». Aitortzen du ez duela indarrik egin herriko etxean ezaugarri txartela eskatzeko; «nahiago dut kabinetea itxi». Hala ere, ez du baztertzen botere publikoen kontra jotzea. «Profesionalen kolektiborik ba ote den begira ari naiz, eta, ez balitz, beste batzuekin zerbait sortzeko asmoa dut, auzitara jo eta estatuari kalte-ordainak eskatzeko».

Marie Jose Clavet ere gune urdinean bizi da. Txartela eskuratzera joan den arren, argi du goi bilera «bost axola» zaiola eta Miarritzetik «eskapu» egingo duela. Biztanleen artean ezjakintasuna da nagusi, baina, oro har, ez dute beldurrik hautematen goi segurtasuna dela eta.

Erdigunea itxi arren, auzapezak dendak «irekitzeko» deia egin du: «Miarritze harrera herria da, turismotik bizi dena. Ez badiogu munduko goi bilera handienari harrera duina egiten, nola ohoratuko dugu gure irudia?». Delegazioetakoak eta kazetariak oroitu ditu: «Jende horrek kontsumituko du; ez da beldurtu behar».

Nicolas Casteigts gune gorriko surf denda bateko saltzailea da. Saltegia irekitzeko asmoa du, baina hondartzetan bainatzeko debekua egongo denez, surf klaseak bertan behera utzi ditu. Herriko etxearen jarrera gaitzetsi du: «Azken unean jakiten ditugu gauzak; informazioa etengabe aldatzen eta eguneratzen dute; finean, ez dakigu zer pasatuko den». Hala ere, auzapezak erran duenarekiko esperantza erakutsi du: «Delegazioetakoak eta kazetariak gure dendara hurbiltzea espero dut; hala hitzeman digute, behintzat».

Bat dator Alexandra Flao Barrada, Lartigue 1910 oihal dendako saltzailea. Herriko etxetik zenbait metrora da haren saltokia. Saiatzen da gertakariak «baikorki» hartzen, delegazioetako kideak hurbilduko direla uste baitu berak ere. Baina, nabarmendu duenez, «ukaezina da ez dugula beste urteetan bezain emaitza onik aterako, eta herriko etxeak hitzemandako kalte-ordainak ez ditugu berehala jasoko». Nahasmen handia dago gai horren inguruan: batzuek ulertu dute urte osoko irabaziak iazkoekin konparatuta erabakiko dutela kalte-ordainetarako eskubiderik duten ala ez; beste batzuek, berriz, ulertu dute azken hiru urteetako emaitzak hartuko dituztela kontuan. 2011n Frantziako Dauville herrian izan zen G8aren ondotik, hango saltzaile batzuek kalte-ordainen zain segitzen dutela entzuna du beste batek. Gehienek argi dute: ez dago beren esku.

Erakundeek arrangurak lasaitu nahi dituzten arren, Christelle Bourg Bookstore liburu dendako langileak ez du «haien erranetan sinisten». «Haien diskurtsoak lobotomia hutsa dira. Lasaitu nahi gaituzte, baina nehork ez daki zer pasatuko den; Frantziako Estatuan zer egoera dagoen ikusirik, erokeria da horrelako goi bilera bat onartzea».

Baionan, elkarri begira

Ireki ala itxi? Hori da Baionako komertzio anitzetan beren buruari egin dioten galdera. G7koen goi bilerarako astebete eskas falta dela, ezinegona, dudak eta kezkak dira nagusi saltoki anitzetako nagusientzat. Uztail eta abuztu hasieran bilkura bana egin zuten suprefetarekin eta auzapezarekin. Batetik bestera izandako tonu aldaketa nabarmendu du Laurent Bounet barazki saltzaileak. Pannecau karrikan du denda, eta G7koen goi bileraren garaian ixtea erabaki du. «Jean Rene Etxegarai auzapezaren esplikazioek ez naute konbentzitu», azaldu du. Haren arabera, uztaileko bilkuran alarma gorri guziak piztu zituzten. «Ez ziguten ixteko erran edo aholkatu, hori eginez gero kalte-ordainak ordaindu beharko zizkigutelako, baina ulertarazi ziguten hori zela erabakirik onena; Baionako bestetarako hartzen ditugun neurriak hartzea gomendatu ziguten».

Haatik, abuztu hasierako bilkuran arras beste mezu bat zabaldu zutela erran du. «Etxegarai Parisen izandako bilkura batetik zetorren, eta esplikatu zuen Baionan ez zela inolako arriskurik, 30 manifestari izanen zirela... Zer aldatu da hilabete batez?». Baionan istiluak gertatu ala ez, hornitzeko arazo handiak izanen dituela aurreikusi du, eta horregatik erabaki du bere saltegia hestea. «Nori salduko diot? Bertako anitz ez dira egonen, eta turistak ere ez dira etorriko. Produktu galkor bat saltzen dut; ezin diet kuiatxoei erran aste bat itxaroteko. Tomateak, piperrak... garai hauetako barazkiak biziki ahulak dira: gehienez ere, bizpahiru egun irauten dute». Gutxi gorabehera aste bateko galera izanen duela kalkulatu du.

Arras bestelako ikuspegia du Xina Dulong Les Pyrenees ostatuko nagusiak. Ez du «psikosian» erori nahi, eta beti bezala irekiko duela dio. «Bilkuretara ez naiz joan, baina informazioa pasatu didate; erran omen dute 'zuek zarete lehen segurtasuna'. Zer erran nahi du horrek?». Ireki edo ez erabakitzea komertzioen ardura dela, eta aseguruarekin ikusteko kalterik gertatuko balitz zer babes izanen luketeen. «Asegurukoek erran didate larunbat gau batez mozkor batek kristal bat hautsi ala manifestazio bateko istiluetan hautsi, gauza bera dela».

Baionako bestetan ostatua babesteko erabiltzen duten estruktura atxikitzea hobetsi du, «behar izanez gero» ostatua berehala itxi eta babesteko. «Beharbada inuxentea naiz, baina ez naiz kezkatua. Pentsatzen dut zerbait gertatzekotan Baiona Handian izanen dela: han dira banku eta aseguruen egoitzak. Erasoak izatekotan, horien kontra izanen dira. Parisen izan diren istiluetan ere Fouquet's jatetxea suntsitu zuten, ez auzoko kebaba». Pareko ostatuak ixtea erabaki du; auzoko beste batzuk irekiak izanen dira.

Merkatuko plazan, nahasmendua da nagusi. Larunbat goiz guziz egiten den merkatua bertan behera utzi zuten, eta merkatu estalia ere itxia izanen zela iragarri. Ezetz, azkenean irekiko dutela. «Guk ez dakigu zer egin», aitortu dute Bar Françoiseko zerbitzariek. Ondokoek ixtea erabaki dutela uste dute, haien nagusiak azken orduan erabakiko duela diote, «aitzineko egunetan gertatzen denaren arabera». Alde guzietatik oso informazio ezberdina jasotzen dutela salatu dute. «Besteek zer eginen duten badakizu?». Auzokoak bezala egitea da konponbiderik errazena. G7koen gailurra lurraldearentzat onuragarria izanen zela erran dute agintariek behin eta berriz azken hilabeteetan. Komertzioetan sortu dituen arrangurak ikusita, ez dirudi denak iritzi berekoak direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.