Etxegarai: «Haranburu euskalduna izango ez balitz, ez legoke arazorik»

Ministerio publikoak euskal presoarekin duen jarrera deitoratu du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. Urriaren 8an emango dute Haranbururen askapen eskaeraren epaia

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, atzo, Baionako auzitegian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Haserre mintzatu zen atzo arratsaldean Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria prentsaren aitzinean. Anaiz Funosas Bake Bideako presidentearen mezua jaso berria zuen, Frederic Haranburu Xistor euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaeraren harira terrorismoaren aurkako Frantziako ministerio publikoak hartutako jarreraren berri emanez. «Proku- radoreak betiko posizioa mantendu du. Euskal Herrian bake prozesurik badela ukatzen du erabat. Hau da: bere iduriko, Xistorren askatzeak orden publikoari eraso eginen lioke, eta ez du bermatzen Xistorrek ez dituela berriz armak hartuko. Erabat onartezina da», adierazi zuen. «Etsitua» agertu zen Etxegarai.

Euskal Elkargoko lehendakariak hitz gogorrak izan zituen: «Gaur egun, kontsideratu beharko genuke euskal preso politikoak bakeak esku hartu duen herri bateko presoak direla. Xistor Haranbururen baldintzapeko askatasunak ez zuen arazorik sortuko euskalduna izango ez balitz. Hori da zailtasuna. Hainbeste urte presondegian pasatu ondotik baldintzapeko askatasun eskaerak egiten dituzten preso arruntak askatuak dira».

Uztailaren 5ean, Parisko Dei Auzitegiko zigorrak aplikatzeko ganberako epaileak erabaki zuen Haranburu baldintzapean aske uztea —30 urte daramatza kartzelan—, baina berehala jarri zuen helegitea ministerio publikoak; atzo aztertu zuten helegite hori. Urriaren 8an emanen dute dei auziaren erabakiaren berri. Maritxu Paulus Basurko Haranbururen abokatuak oroitarazi du euskal presoa baldintzapean aske uzteko «berme guztiak» dauzkala. Urriaren 8ko erabakia «itxoin» behar dela adierazi du Paulus Basurkok, aurreikuspenik egitera ausartu gabe.

Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroa Baionako auzitegian izan zen atzo arratsaldean, G7koen goi bileraren harira lan egin duten justizia arloko langileak zoriontzeko, eta Etxegaraik Haranbururen kasua ekarri zion gogora hitz erdika, ministerio publikoaren jarrera deitoratuta. Kazetarien galderei erantzunez, euskal presoaren kasuaz inolako adierazpenik egitea ukatu zuen ministroak. «Ez dut bidean diren aferei buruzko posiziorik hartzen», azaldu zuen, Justizia ministroak edozein posizio hartzea epaileen independentzia zalantzan ematea litzatekeela erranez. «Ministerio publikoari agindu orokorrak ematen dizkiot, baina ez kasu partikularrei buruz». Gatazkaren konponbide prozesua eta Euskal Herrian izan den aldaketa politikoa kontuan hartzeko agindu lezakeen galdetuta, euskal presoen gaiaz arduratzen dela erantzun zuen. «Hurbiltze batzuk egin ditugu, elementu garrantzitsu bat zela kontsideratzen genuelako. Hori erratea nire ardura da. Bidean diren aferei buruz ez dut inolako posiziorik hartuko».

Erabaki gehiagoren zain

Irailean zehar, Frantziako justiziak euskal presoen inguruko erabaki gehiago eman beharrak ditu. Hilaren 12an eginen dute Lorentza Beirieren askatasun eskaeraren dei auzia; bezperan, Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaerari buruzko bigarren auzi saioa izanen da, Parisen, estradizioen instrukzio auzitegian. Azkenik, hilaren 25ean, larri gaixo dagoen Ibon Fernandez presoaren zigorra eten ala ez erabaki beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.