Migratzaileak. Frantziaren jarrera

Poliziak 1.606 migratzaile atera ditu bi kanpalekutatik Parisen

Frantziako Gobernuak migrazio politikak gogortu eta biharamunean egin dute operazioa. Errefuxiatuak gimnasio batzuetara eraman dituzte, haien kasuak banan-banan aztertzeko

Migratzaileetako batzuk, jendarmeak parean dituztela, atzo goizaldean, Parisen. Ile-de-France eskualdeko hamabost gimnasiotara eraman zituzten. J. DE ROSA / EFE.
ander perez zala
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
2015etik egindako 52. operazioa da, baina testuinguru berezian gauzatu zuten atzo goizekoa: Frantziako Gobernuak migrazio politikak gogortu eta biharamunean, seiehun poliziak Paris hiriburuaren iparraldean zeuden errefuxiatuen bi kanpaleku desegin zituen. 1.606 lagun bizi ziren haietan, baldintza prekarioetan, eta, Didier Lallement Parisko Poliziaren prefetak jakinarazi zuenez, Ile-de-France eskualdeko hamabost gimnasiotara eraman zituzten, haien kasuak banan-banan aztertzeko. Errefuxiatu estatusa duen jendea dago haien artean, asilo eskatzaileak eta asiloa ukatu zaien pertsonak ere bai, Christophe Castaner Barne ministroaren arabera.

Atzoko operazioak helburu zehatz bat zuen: «Ez dut onartuko mota horretako instalaziorik egotea hemen edo Parisko beste toki batean», adierazi zuen Lallementek mugimenduaren berri ematean. Frantziako hiriburuaren ipar-ekialdean daude migratzaileen kanpaleku gehienak, eta horiek «urtea amaitu baino lehen» desegiteko asmoa jakinarazi zuen herenegun Castanerrek.

1.500 eta 3.000 lagun artean leudeke horietan bizitzen, migratzaileen eskubideen aldeko taldeen arabera. Gobernuak zehaztua du «paperik gabekoen» etorkizuna: Barne ministroak atzo France Info irratian adierazi zuenez, martxan jarriko dituzte Frantziatik kanporatzeko prozedurak.

Frantzian migrazioaren auziak zeresan handia eman du azken urteotan, eta testuinguru horretan aurkeztu zituen gobernuak migrazio politika gogorragoak; esanguratsuenak, asilo eskatzaileen osasun zerbitzua mugatzea eta migratzaileak hartzeko kuotak ezartzea.

Finean, eskuinari begirako neurriak dira, baita 2022ko presidentetzarako hauteskundeei begirakoak ere, ezustekorik ezean Emmanuel Macron presidentea Marine Le Pen ultraeskuindarrarekin lehiatuko baita berriz ere, 2017ko bigarren itzulian egin bezala.

Egutegi kontua ere bada: Macron agintaldiaren erdira iritsi berri da, eta datorren martxoaren 15ean udal hauteskundeak dituzte Frantzian —bigarren itzulia martxoaren 22an litzateke—.

Barne ministroak eta Parisko Poliziaren prefetak atzo ere oroitarazi zuten aurten mota horretako operazio gehiago egingo dituztela; horietako asko «datozen asteetan» izango dira, osasun zerbitzuek Paris ipar-ekialdeko kanpalekuetan dauden migratzaileentzako tokia aurkitzen dutenean.

Atzo desegindako eremuetan ere patruilatzen arituko dira, gaurtik hasita, toki berean kanpaleku gehiago eraiki ez ditzaten. Izan ere, Parisko Udalaren arabera, poliziak iritsi aurretik ehunka migratzailek ihes egin zuten bi kanpalekuetatik; dena den, aurtengo operaziorik handiena izan zen atzokoa, atzemandako migratzaile kopuruari erreparatuz gero.

Horrelako erabakiekin, Parisko Poliziaren prefetak helburutzat jarri du «zero itzulera» deritzona, migratzaileek eremu horietan kanpalekuak berriz eraiki ez ditzaten.

Errefuxiatuen egoera arautzeko, Dublingo Ituna adostu zuten ; haren arabera, asiloa eskatu duten migratzaileen egoera aztertzea Europako Batasunera sartzeko erabili duten herrialdeari dagokio. Hortaz, Frantziako Gobernuak estatu horretara bidal litzake atzeman dituenak, betiere sei hilabete eta urte eta erdiko epean baldin bada. Tarte hori ez badu errespetatzen, Parisi dagokio migratzaileen egoera eta asilo eskaria aztertzea.

Alemaniaren deportazioak

Alemaniako Gobernuak asiloa ukatu die Afganistango 36 laguni, eta, ondorioz, haien herrialdera deportatu zituzten atzo. Afganistango agintariek jakinarazi zutenez, goizaldean iritsi ziren herrialdera.

2016ko abenduaz geroztik, 29 afganistandar talde deportatu dituzte Europako herrialde horretatik: denera 756 eskatzaile izan dira. Deportazio horiek kritika handiak eragin dituzte Alemanian, uste baitute migratzaileak arriskuan jartzen dituztela euren herrialdera itzularazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.