Klima larrialdia. COP25

Desadostasunak indarrean dira negoziazioen azken txanpan

Guterresek ahalegin bat eskatu du CO2 murrizketa planak handitzeko. Isurketen merkatuari buruzko desadostasunak konpontzeko itxaropen gutxi dute negoziatzaileek

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, COP25eko prentsaurreko batean, joan den astean, Madrilen. ZIPI / EFE.
inaki petxarroman
Madril
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Klima aldaketari buruzko COP25 goi bileraren hasieran zeuden desadostasun berak mahai gainean daude oraindik ere, negoziazioak amaitzeko bi egun eskas falta direla. Atzo atzera-aurrera zebiltzan negoziatzaileak, desadostasunak leundu eta gerturatzeak errazteko; alabaina, eguna ixterako, puntu batzuetan akordio zehatzak izatea zaila izango zela aitortu zuten negoziazioa gertutik jarraitzen ari direnek.

Antonio Guterresek goi bileraren batzar aretoko agerraldian laburbildu zuen zeintzuk diren gatazka eragiten duten puntuak: herrialdeek Parisen berotegi gasen isurketak murrizteko hartutako konpromisoak areagotzea, eta karbono merkatuaren arautzea adostea. Horrez gain, oraindik lotu gabe segitzen du nortzuek eta nola jarriko duten Parisko Hitzarmenak aurreikusitako 100.000 milioi dolarreko diru funtsa herrialde pobretuei laguntzeko.

Jakina denez, Madrilgo COP25eko goi bilera trantsiziokotzat jotzen dute adituek. Izan ere, hurrengo urtean Glasgowen (Eskozia) egingo den bilerara bitartean, Parisko Hitzarmenean aurreikusitako hainbat puntu zehaztu behar dituzte, ituna hurrengo urtean jarriko baita martxan. Batetik, atal politikoa dago. Eta, horretan, herrialdeek berotegi gasen isurketak murrizteko plan indartsuagoak aurkeztu behar dituzte. Izan ere, Parisen hartu zituzten konpromisoekin, 3,2 gradu igoko litzateke planetaren tenperatura mendearen amaierarako. Atzo, esaterako, jakinarazi zuten Kanadak bat egin duela Anbizio Klimatikorako Aliantzarekin. 73 herrialdek osatzen dute talde hori, eta 2050erako karbono neutraltasuna eskuratzeko asmoa azaldu dute.

Bestetik, kontu teknikoagoak daude. Esate baterako, Parisko Hitzarmeneko 6. artikulua edo, zehazkiago, berotegi gasen isurketen merkatua arautzen duen tresneria juridikoa. Eta hor azaldu da talkarik handiena. Izan ere, 1997an indarrean jarri zen Kyotoko Protokoloak aurreikusi zuen herrialdeek eta enpresek aukera izatea CO2 isurketak erosteko. Horren arabera, sektore kutsatzaileek isurtzen jarraitzeko tresna bat eskura zezaketen, eta, horretarako, isurketaren kalteak konpentsatzeko proiekturen bat jarri behar zuten martxan beste herrialde batean; adibidez, baso bat landatzea.

Salerosketa horretan, herrialde batzuek kredituak pilatu dituzte, eta horiek erabiltzen segitu nahi dute aurrerantzean ere. Beste herrialde batzuek, ordea, uste dute horiek agortutzat eman behar direla, Parisek aldi berri bat irekitzen duelako. Puntu honetan trabatu ziren negoziazioak Poloniako COP24an ere. 1997tik hona kreditu gehien pilatu dituztenetako bat da Brasil, eta, hain zuzen ere, herrialde hori ari da negoziazioa gehien trabatzen puntu horretan.

Gainera, kontabilitate bikoitzaren gaiak ere sortzen du desadostasunik. Izan ere, Kyoton garbi zegoen nortzuk izango ziren erosleak eta nortzuk saltzaileak. Orain, baina, ez dago hain garbi. Herrialde guztiek aurkeztu behar dituzte isurketak murrizteko planak, eta hor ez dago hain garbi ez ote dituzten proiektu horiek erabiliko bai erosleek eta bai saltzaileek euren murrizketak gizentzeko. Kontabilitate bikoitz hori saihesteko tresna indartsu bat jarri nahi dute martxan Madrilen.

Negoziazioen zailtasuna ikusita, Txilek hainbat herrialderi eman die ardura prozesua errazteko: Espainia, Singapur, Zeelanda Berria eta Hego Afrikari, besteak beste. «Ohikoa da goi bileretako akordioak azken unekoak izatea. Madrilgo bilera hau oso esanguratsua izateko beharrezkoa da 6. artikuluari buruz adostasunera iristea», esan zuen Guterresek.

Baikortasun gutxi

Negoziazioak ixteko zorian direla, baina, emaitza zehatzak izateko baikortasun gutxi zuen Costa Ricako ordezkaritzak. Andrea Meza Klima Aldaketarako zuzendariak itxaropen gutxi zuen 6. artikuluaren inguruan akordio bat lortzeko. «Eta agian ez da txarrena, akordio txar bat baino, agian hobe baita itxarotea eta denbora gehiago izatea 6. artikulu on bat izateko. Besteak beste, ingurumen osotasuna kontuan har dadin eta kontabilitate bikoitzari atea ixteko», adierazi zion BERRIAri, atzo iluntzean, talde negoziatzaileak jada COP25eko instalazioetatik joaten ari zirenean.

Karbonoaren merkatu horri buruz jarrera ezberdinak daudela adierazi zuen. «Batzuek merkatu hori nahi dute karbonogabetuz joateko, eta beste batzuek, berriz, diru errazerako sarbide bat ikusten dute hor». Alde horretatik, Mezak erreparoak azaldu zituen Brasili Kyotoko aldian pilatutako kreditu zaharrak onartzeko, salbuespen moduan bada ere: «Hari onartuz gero, Indiak eta Txinak ere badituzte eurenak, eta nonbait itxi behar da kontu hau».

Afrikarrak, diru eske

Afrikarrak kezkatuago zeuden Parisko Akordioak aurreikusten duen 100.000 milioi dolarreko diru funtsarekin. Do Etienne Traore Burkina Fasoko negoziazioetako eledunak kazeta honi esan zion negoziazio zuzenak zeudela puntu gatazkatsuei dagokienez, eta atzoko eta gaurko egunak erabakigarriak izango direla akordiorik egongo den edo ez jakiteko. Parisko Ituneko artikuluaren 6. artikuluari dagokionez, hauxe zioen: «Badira martxan hainbat kontsulta ordezkaritzen artean, eta uste dut horri dagokionez egongo direla aurrerapenak, oinarrizko puntua baita. Gogoratu Polonian ere antzera egon ginela, eta azkenean egon zirela aurrerapenak, baina puntu hori salbuetsita geratu zela. Orain litekeena da COP25aren amaieran planteamendu zehatzak egotea».

Iaz bezala, aurten ere Brasil «traba» izaten ari dela aitortu zuen, baina onartu zuen bakoitzak bere interesak defendatzen dituela. «Negoziatu egin beharko da denok aseko gaituen akordio baten bila».

Kezkatua azaldu zen oraindik ez dagoelako mahai gainean Parisko Akordioak herrialde pobretuei agintzen dien diru poltsa: «Badira promesak. Agintzen zaigu dirua, baina konpromisozehatzik ez da hartzen, eta 2020rako funts hori egotea da lehenengo baldintza. Momentuz, baina, hitzak baino ez daude, eta Afrikak dirua behar du».

Izan ere, gogoratu du Parisko Hitzarmenak aitortu egin zuela Afrikaren egoera berezia eta kalteberatasuna. «Denok onartua da klima aldaketaren aurrean kontinenterik ahulena garela, eta badira hori erakusten duten dozenaka froga ere. Beraz, egoera berezi horri erantzunak eman behar zaizkio, Afrikaren garapena bermatu eta haren arrisku klimatikoa nolabait leuntzeko».

Guterresek ere diru horren garrantzia azpimarratu zuen, munduko zenbait uhartetan eta Afrikan klima krisia «oso gogor» jotzen ari delako. «Hondamendiei erantzuteko eta erresilientzia handitzeko, oso inportantea da finantzaketa indartsu bat egotea eta herrialdeek euren konpromisoak gauzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.