Koronabirusa

«Esan digute gauero hots egingo digutela»

Kasu positiboetako bat da, Gipuzkoako gazte bat. Gurasoekin bakartuta dago: etxean. Prebentzio neurriak ezarri dizkiete haren inguruko lagun gehiagori ere; zabaldu eta zabaldu ari da amarauna

Ikertzaile bat laborategian, koronabirusari buruzko ikerlanetan. D. CROSLING / EFE.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Gipuzkoako herri bateko gazte bat da, justu atzo Gasteizen kasu positibo bat izan zela argudiatuta itxi zuten Odon de Apraiz eskolako irakaslea. Joan den ostiralean sentitu zuen, lehen aldiz, hurbilean COVID-19 gaitza. Izan ere, bilera batean jakinarazi zieten eritasuna zuela eskolako lankide batek. «Aparteko larritasunik ez zioten eman», gogoratu du gazteak. Gaitza saihesteko hainbat prebentzio neurri eman zizkieten, hala ere, eskolako langileei zenbait osasun profesionalek: eskuak sarri garbitzeko esan zieten, eta inguruko adinekoekin harremanak izatea saihesteko... Osasun azterketarik-eta egiteko ez zieten esan, hala ere.

Araba atzean utzi eta Gipuzkoarako bidean, ordea, ordura arte ia oharkabean sentitu zuen sintoma batek kezka eragin zion irakasle gazteari: «Zenbait egun neramatzan eztul pixka batekin». Horregatik, bere kabuz, bere herriko osasun zentrora joan, eta bere ezinegonaren berri eman zuen. Koronabirusa duela jakinarazi zioten handik ordu batzuetara. Orain, bakartuta dago, etxean, eta bakartu egin dituzte gurasoak ere —haiekin bizi da—: «Esan digute gauero hots egingo digutela. Tenperatura hartu behar dugu egunero; zer moduz gauden galdetuko digute». Bere kasuak ongi erakusten du zer gertatzen ari zaien herritar askori —eta, ondorioz, haien inguru osoari— birus honen ondorioz. Onartu du «egin behar ez den gauza bat» egin zuela: osasun zentrora jo zuen, gaitzaren susmoa dutenei aholkatzen ari bazaizkie ere telefonoz egiteko harremana. Horra gazte honen esperientzia, urratsez urrats:

Osasun zentroan: gela batean bakartuta

Bere herriko osasun zentroko harreran zer kezka zuen esplikatu, eta gela batean sarrarazi zuten: «Bakarrik». Gela horretara telefonoz hots egin zion sendagileak; aurrez aurreko kontakturik ez zuen izan harekin. «Esplikatu nion harremanetan izana nintzela nire lantokian positibo eman zuen lankide batekin, eta eztula nuela». Ondoren, osasun publikoaren alorreko zenbait profesionalek hots egin zioten ja zuzenean. «Esan zidaten koronabirusa nuen jakiteko testa egin beharko zidatela, eta ordura arte etxean egon beharko nuela; atera ere egin gabe». Jakin zutenean etxean ez zela bakarrik bizi, hainbat prebentzio neurri hartzeko agindu zioten: «Esaterako, sukaldean aparteko platerak eta mahai tresnak erabiltzeko esan zidaten, besteen botiletatik-eta ez edateko». Aurpegian maskara bat jarrita atera zen osasun zentrotik; etxean ere, bere gelatik ateratzen zen guztietan, soinean eramateko azaldu zioten. «Eta esan zidaten hurrengo egunean testa egitera joango zitzaizkidala etxera».

Osagileak etxera: jantzi bereziekin babestuta

«Ahoa tapatzeko maskara, betaurrekoak, jantzi bereziak...». Etxera testa egitera joan ziren sendagileak itxura horrekin ikusi zituen gazteak hurrengo goizean; etxeko atean jantzi ziren, eta soilik orduan sartu ziren. Listu lagin bat hartu zioten, eta berehala ateratzeko prestatu ziren berriz. Hurrengo goizean berriz agertuko zirela esan zioten; izan ere, testaren emaitza ziurtzat jotze aldera bitan egin behar dela azaldu zioten. Bezperan emandako prebentzio arauekin jarraitzeko esan zioten. Ordu gutxiren buruan, emaitza: «Deitu zuten esateko positibo eman nuela».

Kontaktu guztien bila: memoria ariketa bat

Koronabirusa hesitzeko hartzen diren neurri epidemiologikoek nola funtzionatzen duten ikusi zuen orduan gazteak. «Galdetu zidaten eztula noiztik nuen». Lehengo asteartetik sentitzen hasia zela erantzun zien, eta orduan esan zioten ordutik gertuan izan zituen kontaktu guztien berri emateko. Lankideak, lagunak, etxekoak... Pertsona ugari zerrendatu zituen, eta haiekin harremanetan jarriko zirela azaldu zioten. Bakoitzarekin izandako kontaktu mailaren arabera bakartze neurri ezberdinak jarri dizkietela ikusi du gazteak. Horra hainbat adibide: gurasoekin izandako harremana, esaterako, «estua» dela ondorioztatu dute, eta, beraz, haiei esan diete bakartuta egon behar dutela etxean. Aita erretiroa hartuta dago, baina ama lanean du oraindik, eta gaixo agiria eman diote, etxean geratzeko. Arrebarekin izan zuen harremana, berriz, «arinagoa» zela ondorioztatu zuten artatu zuten sendagileek, eta hari neurri samurragoak ezarri dizkiote: kontaktuen zerrendan sartu dute, eta hainbat prebentzio neurri ezarri dizkiote, garbitasunarekin-eta lotuta, baina ez du etxean bakartuta egon behar. Lanera ezin da joan hura ere, ordea: gaixo agiria eman diote. Gaztearen adiskide kuadrillakoentzat ere, prebentzio neurriak: «Esan diete ez joateko unibertsitatera, eta jende asko mugitzen den gainerako tokiak ere saihestera egiteko».

Sintomei adi, telefonoak noiz joko

Egunero deituko dituztela azaldu diete osagileek gazteari eta gurasoei. Ondo daude hirurak, baina, ezin bestela, adi. Sintomekin hasiko balira, orduan egingo liekete gurasoei birusa duten jakiteko testa; bitartean, prebentzio neurri moduan daude etxean. Birus honen ezaugarrietako bat da, hala ere, sintomak arinak direla usu, atzematen ere zailak. «Niri osasun etxera joatea otu zitzaidalako; ez banu ezer esan, ni kalean ibiliko nintzateke orain, lasai asko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.