Koronabirusa

Orain ere, azkenetan azkenak

Etxegabeek, etorkinek, adinekoek eta beste gizatalde babesgabeek krisiaren alderik makurrena pairatzen dute; salatu dute haiek aintzat hartu gabe hartu direla neurriak.

Etxerik gabeko herritarrak, hutsik dagoen kale batean, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Gotzon Hermosilla Joana Ibargarai
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Etxetik ez ateratzeko gomendatu dute, baina badago etxerik ez duenik. Produkturik premiazkoenak erostera baino ezin da kalera irten, baina batzuek produkturik premiazkoenak erosteko aukerarik ere ez dute. Etxean bakartzeko aholkatu dute, eta askorentzat, bakardadea da gaitzik latzena. Krisi guztietan bezala, larrialdi hau ere gizatalderik zaurgarrienei erasaten ari zaie: etxerik ez dutenei, etorkinei, adinekoei, lan prekarioetan aritzen direnei, emakumeei. «Azkenetan azkenak», Bizkaiko Caritaseko bozeramaile Begoña Reyk esan bezala.

Bilboko Udalak 321 leku eskaintzen ditu gaua non igaro ez dutenentzat, hiriburuan dauden zazpi aterpetxeetan. COVID-19 birusak hankaz gora jarri du egoera: leku horietako gehienetan ezinezkoa da behar adinako distantziari eustea, eta, horri irtenbidea emateko, Casilla kiroldegia atondu dute. Asmoa ez da gaua emateko leku gehiago eskaintzea, baizik daudenak banatzea eta segurtasun tarte hori bermatu ahal izatea. Hala ere, egoera arriskutsuak sortzen dira oraindik: Uribitarte kaleko aterpetxean, pilaketak egon dira otorduetarako txartelak banatzean. Datu ofizialen arabera, Bilbon etxerik gabeko 214 lagun daude.

Caritasen bestelako neurriak ere hartu dituzte. Bizkaiko bozeramaile Begoña Reyk azaldu duenez, kudeatzen dituzten jantoki sozialetan saiatzen ari dira pilaketarik sor ez dadin: «Ordutegia zabaldu dugu, eta, aukera dagoenean, otordua plastikozko ontzi batean edo ogitarteko moduan ematen diegu, jantokitik kanpo hartzeko. Baina beti dago nora joan ez daukan jendea, eta horiei uzten diegu jantokian gelditzen, segurtasun neurriak gordeta».

Adinekoena ere gizatalderik babesgabeenetako bat da krisi honetan. Haietako askok behar larriak dituzte, baina, aldi berean, gaixotasuna haientzat da arriskutsuen. Zaila da laguntza eta kontaktuak saihestu beharra uztartzea: «Guk badugu sare indartsu bat, adinekoei bisitak egiten dizkiena. Laguntza hori bertan behera utzi behar izan dugu, baina uste dugu telefono bidez kontaktuei eusteak lagun dezakeela egoera honetan. Gainera, kontaktu horien bidez beste gabezia batzuk antzematen dira».

Elikagai bankuak, itxita

Elikagai bankuek ateak itxi dituzte, premiazko kasuetarako izan ezik: «Gurean, batera datoz arazo guztiak», azaldu du Nafarroako Elikagai Bankuko bozeramaile Gemma Santamariak: «Hemen, jende asko batzen da; elikagaiekin lan egiten dugu; eta, gainera, gure boluntario gehienak 65 urte baino gehiagokoak dira. Baldintza horietan, ezinezkoa zen zerbitzuari eustea».

Abantaila bat badute: bankuan elikagaiz hornitzen diren elkarte gehienek hilean behin hartzen dute dagokien elikagai kantitatea, eta haietako askok alarma egoera ezarri aurretik hartu zuten martxokoa: «Nafarroako Gobernuarekin hitz egin dugu, eta, larrialdiren bat baldin badago, saiatuko gara janaria helarazten udaltzain, suhiltzaile edo antzeko beste erakunderen baten bidez».

«Halakoetan, babesgabeenak izaten dira kaltetuenak, beti», esan du Santamariak. «Herritar gehienok badugu aukera dendetara jotzeko, baina badaude hori egiteko zailtasun handiak dituztenak».

Elena Rincon Zubeldia Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kidea da: «Normalean, gizatalde horietako pertsonak bigarren mailako herritartzat hartzen dira. Oraingoan, baina, herritar gisa ere ez dituzte aintzat hartu. Birusari aurre egiteko neurri batzuk hartu dituzte, eta ez dute kontuan hartu, adibidez, etxerik ez duten pertsonak ere badaudela».

Harrera Sareak etorkinekin lan egiten du. Rinconek salatzen du erakundeek «ahaztu» egin dituela pertsona horiek, baina balorazio horretatik kanpo utzi nahi du udaltzainak, gizarte zerbitzuetako langileak eta lehen lerroan ari diren bestelako beharginak: «Inpotentzia handia sentitzen dute. Agindu eta irizpideen zain daudela ikusten dugu».

Etorkin horietako asko gazteak dira, eta kalean ematen dute egun osoa. «Herritar gutxi batzuek, kalean daudela ikusten dutenean, agiraka egiten diete, eta Poliziari deitzen diote. Udaltzainak agertzen dira, horretara behartuta daudelako, baina badakite beraiek ezin dutela arazoa konpondu. Etxerik ez dutenak ezin dituzte etxera bidali».

Mohamed gazte horietako bat da. 21 urte ditu, Donostian bizi da, gizarte aterpetxe batean lo egiten du, eta, handik 09:00etan ateratzen denean, ez dauka itzultzerik 21:00ak arte. Tarte horretan, kalean egotea beste irtenbiderik ez du: «Gu ez gaude ondo. Jendea etxean babestuta dago, eta gu inork ez gaitu babesten. Guk babesa nahi dugu, gainerakoek bezala, gu ere pertsonak garelako. Ez dugu nahi gaixotasunak kutsatzerik. Kaleko iturrietan garbitzen ditugu eskuak, baina xaboirik ez dugu».

Rinconek gogorarazi du gazte horientzat oso garrantzitsua dela lagunekin egotea: «Bakarrik sentitzen dira; beldurtuta daude egoerarekin, eta haientzat beharrezkoa da elkarrekin egotea, gorde beharreko tartea gordeta bada ere».

Gaueko mahaia

«Pairatzen ari garen krisi egoeraren ondorioz eta denen segurtasuna bermatzeko xedez, Table du Soir [Gaueko mahaia] hestea erabaki dugu azaro hondarrera bitarte». Hala dio erantzungailuak. Table du Soir laguntzaile kolektiboa azken 25 urteetan ibilia da afariak ematen Baionan, eta aurten, gainera, sekula baino gehiago. Ehun pertsonatik gora hurbildu zaizkie gauero. Birusaren kalteak ez dituzte denek berdin ordaintzen; joan den igandetik geroz, jantokirik gabe gelditu dira Baiona inguruko ehun bat pertsona.

Ez hori bakarrik; lo egiteko zentroetan neurri zorrotzak hartu dituzte, hala nola Atherbeak, Euskal Hirigune Elkargoak eta HJLZ Herriko Jendarte Laguntza Zerbitzuak kudeaturiko Angeluko eta Miarritzeko Manuit zentroetan (Lapurdi). Angelun, adibidez, hamabi pertsonak lo egin zezaketen orain arte, baina zazpi lekura murriztu dute gaueko harrera gunea, «segurtasun» neurriengatik. Denek etxean egon omen behar dute, baina Angelun beste bost pertsona karrikan egonen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.