Koronabirusa

Gaitza zuten 25 pertsona hil ziren iragan astean Hego Euskal Herrian

Bigarren aldiz, 800 kasuren langa gainditu da. Lapurdiko zenbait herritan borondatez eginiko probetan, %5era heldu dira kutsatzeak. Nafarroak edukierak murriztuko ditu

Osasun langileak PCR probak egiten aritu ziren asteartean, Donostia ospitalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«Goranzko fasean gaude, eta adierazleak okertzen ari dira». Halaxe deskribatu du pandemiaren gaur egungo egoera Osakidetzako zaintza planaren koordinatzaile Ignacio Garitanok. Egoeraren bilakaeraren adierazle argi bat gaitzak eragindako hildakoak izaten dira. Asteko txostenak argitaratu zituzten atzo nola Jaurlaritzako hala Nafarroako Osasun sailek, eta haietan jasotzen da abuztuaren 17tik 23rako astean COVID-19a zuten 25 pertsona hil zirela, horietatik hemeretzi gaitzaren ondorioz. Aurreko asteko heriotzekin alderatuta, halako bi izan dira: abuztuaren 10etik 16rako astean gaitza zuten hamabi lagun zendu baitziren, horietako lau COVID-19aren eraginez. Eta gaitzaren ondoriorik muturrekoenak bereziki ari dira igartzen zahar etxeetan. Azken egunetan, hainbat egoiliar zendu dira Hego Euskal Herriko zentroetan. Bizkaiko Diputazioak atzo jakinarazi zuen hiru egoiliar hil direla gaitzaren ondorioz; beraz, zortzi dira azken egunetan zendutako egoiliarrak. Gainera, orain, 161 egoiliar daude kutsaturik Hegoaldean; horietatik 114, Bizkaian.

Bestalde, positiboek udako kopururik handienak utzi dituzte azken orduetan: beste 822 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Bezperako datuekin alderatuta, aldea nabari da: 251 kasu gehiago atzeman dituzte. Halere, PCR proben kopurua ere handiagoa izan da: 9.980 test egin dituzte azken orduetan, atzo, berriz, 7.240. Bizkaian, 363 kasu izan dira; Gipuzkoan, 215, Nafarroan, 122 eta Araban, 96. Erkidegotik kanpo 26 kasu atzeman ditu Jaurlaritzak. Aldi berean, Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, Ipar Euskal Herrian 67 kasu detektatu dituzte gutxienez. Beraz, Euskal Herrian 889 kasu zenbatu dituzte orotara. Hegoaldeko ospitaleetan aurreko egunetan baino eri gutxiago daude gaitzaren eraginez, 286 —astelehenean, 298 ziren—; ZIUetan, aldiz, udako gaixo gehien daude azken orduetan: 39.

Lapurdiko positiboen portzentajeak adierazgarriak dira. Eskualdeko Osasun Agentziak PCR probak egiteko karpak jarri ditu egunotan Ipar Euskal Herriko zenbait herritan, nahi duen edonork testa egin ahal izateko, dohainik. Sud Ouest egunkariak herri batzuetako zenbakiak eman ditu, eta atzeman diren positiboen portzentajea %3 eta %5 bitartekoa izan da. Kontuan izan behar da kalean zebilen edonori egin dizkiotela proba horiek, kutsatzeekin loturarik izan beharrik gabe. Donibane Lohizunen (Lapurdi) 882 proba egin dituzte, eta horietako 30ek positibo eman dute, hau da %3,4k. Urruñan (Lapurdi) sei kasu atzeman dituzte eginiko 120 probetatik; hots, %5. Bidarten (Lapurdi), hamaika positibo atzeman dituzte, eta, guztira, 201 proba egin dituzte; hots, %5,4 positibo. Bestalde, Eskualdeko Osasun Agentziak Ipar Euskal Herriko beste agerraldien berri eman du. Donibane Lohizunen hiru agerraldi izan dira, bi «lan espazioetan»: hiru langile kutsatu dira batean, eta lau bestean. Kanpin batean ere hiru kasu atzeman dituzte. Baigorrin (Nafarroa Beherea), hamar kasu detektatu dituzte.

Edukiera mugak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak iragarri du neurri batzuk zorroztuko dituela. Santos Indurain Osasun kontseilariak esan du abagune «konplexua» dela hau, eta ikasturte berrirako prestatzeko egokiera dela orain. Horregatik, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du. Arlo pribatuan debekurik ezartzeko eskumenik ez izan arren, kontseilariek herritarrei galdegin die ez egiteko hamar pertsona baino gehiagoko bilkurarik, izan eremu pribatuan izan publikoan. Gainera, derrigorrez betebeharreko murrizketak ere jakinarazi ditu: gurtza eremuetako edukiera %50era murriztuko da; ezkontzetan eta antzeko ekitaldietan 35 pertsona bildu ahal izango dira gehienez ere, eta 75 kanpoan bada; ekitaldi jendetsuetako edukiera 350 pertsonaka izango da barnealdean, eta 700 pertsonakoa kanpoaldean, eta zaharren zentroetako edukiera ere erdira murriztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.