Koronabirusa

Txertoak: bakarrik ez dira aski

COVID-19aren aurkako txertaketa ez da nahikoa kutsatzeak eta transmisioa eragozteko. Adituen ustez, bestelako neurriak behar dira, eta errefortzu dosiak ere bai.

COVID-19aren aurkako txertaketa Illunben, Donostian, abuztuan. GORKA RUBIO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Goraldi betean da berriro koronabirusa mundu osoan.Kutsatzeak gora egiten ari dira Europa osoan, baita biztanleen gehiengoa txertatua duten herrialdeetan ere. Eta Euskal Herria ez da salbuespen bat: herritarren %80,46k baino gehiagok daukate txertoaren pauta osoa, baina birusa zeharo oldartua dabil. Sarritan esan izan da txertaketa kanpainek aurrera egin ahala beste egoera batean sartuko zela osasun krisia. Eta errealitateak erakutsi du COVID-19aren aurkako txertoei esker ospitaleratze eta heriotza gutxiago izaten direla, neurri handi batean, baina ez direla nahikoa birusaren transmisioa eragozteko. Gaitza hesitzekoegun dagoen tresna eraginkorrena da txertoa, baina hura bakarrik «ez da aski» birusaren transmisioa eragozteko. Iritzi horretakoa da Luis Ignacio Martinez Alkorta Espainiako Txertaketa Elkarteko kidea. COVID-19aren aurkako txertoez bestelako argibideak eman dizkio BERRIAri.

Txertoek infekzioa eragozten dute?

«Bai, baina ez erabat», azaldu du Martinezek. Txertoen eraginkortasunari buruzko azken ikerketen arabera, RNA mezulariaren txertoek — Pfizer eta Modernarenak — %90ean eragozten dute infekzioa. Delta aldaera kutsakorragoa zenean egindako beste lan batzuetan, infekzioaren aurkako eraginkortasuna % 51ra jaitsi zen Pfizerren kasuan, eta % 73ra Modernaren kasuan. Seguruenera, hilabeteak edo urteak beharko dira txertoen benetako eragina neurtzeko, baina Martinezek nabarmendu du ezen, COVID-19a desagerrarazi gabe ere, aintzat hartzekoa dela birusaren kalteak ahultzeko aukera. Hala ere, oharra egin du: «Txertoek infekzioak eragozteko eta larri gaixotzeko probabilitatea gutxitzen dute, baina denborarekin babes maila apaldu egiten da». Azaldu du pauta osoa jaso eta hiru eta sei hilabetera gaitza ez izateko aukera «ahuldu» egiten dela. «Horrek ez du esan nahi infektatzen denak sintomatologia larria garatu edo osasun aldetik konplikazioak izateko aukera gehiago dituela, baina bai birusarekin kutsatu eta transmititzeko gaitasun handiagoa duela».

Denborak ez ezik, adinak ere murriztu egiten du txertoaren eraginkortasuna. Txerto guztiekin gertatzen da hori, eta koronabirusaren aurkakoa ez da salbuespena. Gainera, patologiaren bat izateak areago apaltzen du txertoaren eraginkortasuna: «Gaitz kronikoak eta immunoeskasia duten pertsonetan eragin txikiagoa du, defentsa sistema oso ahula dutelako».

Neurri bakarra da transmisioa eteteko?

Txertoak soilik ez du balio SARS-CoV-2 birusaren transmisioa eteteko. Osasun agintari eta zientzialari guztiak bat datoz: bestelako neurri ez-farmakologikoak ere beharrezkoak dira kutsatzeak eteteko. «Txertoei oinarrizko prebentzio neurriak gehitzen bazaizkie, hala nola higienea, maskara eta distantzia, transmisioa nabarmen jaisten da», azpimarratu du Martinezek. Ikerketa ugarik islatu dute hori. BMJ zientzia aldizkariak duela gutxi argitara eman zuen horietako bat: 200 herrialdetako datuekin egindako ikerketa baten arabera, maskara erabiltzeak COVID-19aren intzidentzia erdira murrizten du. «Maskara eta gainerako oinarrizko higiene neurriak mantendu behar dira, gaur-gaurkoz hori baita birusaren transmisioa geldiarazteko dugun modu bakarra».

Hirugarren dosia, denontzat?

EMA Sendagaien Europako Agentziak gomendatu egin du COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia ematea,«segurua eta eraginkorra» delakoan. Gaur-gaurkoz, Hego Euskal Herrian 60 urtetik gorakoek, osasun langileek eta immunoeskasia dutenek daukate dosi gehigarria hartzeko aukera. Ipar Euskal Herrian, berriz, 18 urtetik gorakoek hirugarren dosia hartu behar dute osasun ziurtagiria edukitzeko. Martinezek argi duberandu baino lehen, hirugarren dosia herritar guztiek jarri beharko dutela. Hala ere, oraindik, zalantza ugari daude dosi gehigarriaren inguruan, eta ikusteko dago hirugarrena ez ezik, «laugarren dosi bat ere» beharrezkoa izango den. Zalantza horiek ez dira uxatuko txertoen epe luzeko eraginkortasuna ongi argitu arte.

Umeen txertaketa, beharrezkoa?

EMA Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman dio 5 eta 11 urte bitarteko haurrei ere Pfizerren txertoa jartzeari, eta hilabete honetan bertan era izango da haurrak txertatzen hasteko. Haurrei txertoa jartzearen aldekoa da Martinez, birusaren transmisioa eteteko modua emango duelakoan. «Umeek arrisku txikiagoa dute koronabirusarekin larri gaixotzeko, baina helduok bezala birusa transmititzeko gaitasuna dute». Osasun arrazoiez landa, Martinezek iritzi dio umeei pandemian urratu zaizkien «oinarrizko eskubideak» berreskuratzeko tresna ere badela txertoa. «Izurria dela eta, haurrak zokoratuta geratu dira esparru askotan: eskolara joan ezinik, lagunekiko harremanakmurriztuta... osasunean sor ditzakeen eraginengatik ez ezik, ondorio sozial eta ekonomikoak gutxitzeko funtsezko tresna bat ere bada txertaketa».

Aldaera berriak izkin egingo die txertoei?

Birusaren omikron aldaera berriari buruz ziurtasun gutxi daude oraindik, eta «goiz» da baieztapen irmorik egiteko, Martinezen iritziz. Mutazio denek ez dute zertan gaixotasun larriago bat eragin, baina aukera hori beti dago mahai gainean eta aintzat hartzekoa da. Martinezek uste du zaintza epidemiologikoa eta mikrobiologikoa indartu beharko liratekeela, omikron aldaerari aurre egiteko txertoek eraginkortasun aski ez dutela egiaztatuko balitz. «Ikusten bada birusaren transmisioa larriagotzen dela, eta txertoaren edo infekzio naturalaren immunitatea lortzea nekezagoa dela, zaintza epidemiologikoa indartu beharko da».

Halaber, munduaren bazter guztietara txertaketa hedatzea eta hura azkartzea ezinbestekoa dela iritzi dio: «Txertaketa maila apal egonik, aukera handiagoaematen zaiolako birusari mutatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.