Gizonen kontrazepzioari heltzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari

Gizonezkoen kontrazepzioaren gaiari hel diezaiotela eskatzen duen gutun bat izenpetu dute 24 gizonek 'Liberation' egunkarian. Ana Galarraga Aiestaran zientzia dibulgatzailearen ustez, ez dago arrazoi zientifikorik neurririk ez hartzeko

Pilula antisorgailu bat, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Leire Casamajou Elkegarai - Oihana Teyseyre Koskarat
Baiona
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun

Eragile publikoak eta laborategi farmazeutikoak kontrazepzio maskulinoaz arduratzea eskatzeko gutun ireki bat izenpetu dute 24 gizonek Libération Frantziako egunkarian —egunkariak berak bat egin du aldarriarekin—. «Sexu osasunaren arloko berdintasun erronka nagusietariko bat da», diote bertan. Sinatzaileen artean da Jean Noel Etxeberri, Txetx, Ipar Euskal Herriko militante ekologista. «Gauzak aldatzeko» deia egin dute 24 gizonek gutunaren bidez: «Alternatibak badira: galtzontzillo berogarriak, hormona injekzioa, espermatozoideak blokeatzeko gela... Baina oraindik ere ikerketak geldi daude, politikarien eta industria farmazeutikoaren gogo faltagatik». Hala, Frantziako Osasun ministro François Braun eta Berdintasun ministro Isabelle Rome akuilatu dituzte gaiaz ardura daitezen.

Libération egunkariko gutunean agertzen diren datuen arabera, Frantzian Planning Familial egiturak 2020an egin dituen kontrazepzioari buruzko 21.000 kontsultetarik 200 baizik ez ditu gizonezkoekin egin. Ukaezina da, beraz, kontrazepzioaren ardura emakumeek betetzen dutela gaur egun.

Gizonezkoentzako pilula antisorgailua batere normalizatu gabeko metodoa da oraino. «Laborategi pribatuek eta iritzi publikoak geldirik segitzen dute, kontrazepzioa emazteen ardura dela uste ukanez, nahiz eta aterabideak eta metodoak badiren», gaitzetsi du Etxeberrik. Uste du, halaber, arazo «kulturala» dela. Basektomiaren adibidea jarri du: «Frantziako herritarren %1ek baizik ez du basektomia egin; Ingalaterran, berriz, bost gizonetik batek». Haren kasua horren adibide izan dela esplikatu du; izan ere, basektomia egin zuen garaian ez zuen haurrik, eta, beraz, Ipar Euskal Herriko mediku batek ere ez zion onartu ebakuntza egitea. Hego Euskal Herrira jo behar izan zuen.

Beste desoreka bat aipatu dute gutunean: emakumezkoek kontrazepzioa urririk eskura dezakete 25 urte arte, Gizarte Segurantzak osoki diruztatzen baitu. 25 urtera arteko gizonek, ordea, preserbatiboak erosten segitu behar dute; bi marka baizik ez ditu Gizarte Segurantzak bere gain hartzen, eta %60ko heinean itzultzen die aurreratutako dirua. Salatu dute, bestalde, Frantziako Asanbleak txosten bat itzuli behar zuela iragan udaberrirako gizonezkoen kontrazepzioa bultzatzeko: ez du oraino egina.

Zientzia prest, gizartea ez

Zientzian, gizonezkoen antisorgailuen ikerketak aitzina doaz, eta, emaitza onak ateratzen diren arren, merkatuan ez da ezer berririk agertu azken hogei urteetan. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyar taldeko zientzia dibulgatzailea da, eta, azaldu duenez, «ikuspegi biologiko batetik begiratuta, gizonezkoen fisiologia edo hormona sistema ez da emakumezkoena baino konplikatuagoa». Hala, «ez dago arrazoi zientifikorik preserbatiboa edo basektomia ez den beste antisorgailuren bat merkatuan ez egoteko».

Gutxi baizik eskura ez diren arren, gizonezkoen antisorgailu asko garatu dira azken urteetan. Hiru motatako aukerak dira espermatozoidea obuluraino ez iristeko: hormonen bidez espermatozoideak gutxitzea, espermatozoideak hiltzea eta mekanikoki espermatozoideak oztopatzea.

Aukera hormonala pilula, injekzioa edo larru azalean gel bat aplikatzea izan daiteke. Azken hori entseguen hirugarren fasean sartu da dagoeneko, merkatura iritsi aurreko pausua, hots, Ameriketako Estatu Batuetan. Galarragaren arabera, «ikusi da aukera segurua eta eraginkorra dela». Gainera, «metodo itzulgarria» dela zehaztu du. Espermatozoideen hiltzeko, espermizidak erabiltzen dira, «baina ez dira oso eraginkorrak, eta normalean preserbatiboarekin batera baliatzen dira». Modu mekanikoan, beste hiru aukera daude: alde batetik, basektomia dago, espermatozoideen oztopatzeko hodi deferenteak moztuz. Bestetik, manera itzulgarri bat ere badago: «Barrabilaren eta zakilaren arteko lotura egiten duten hodi deferenteetan gel bat ezarriz, hodia hetsi egiten da». Nahi izanez gero, gel hori desegin daiteke. «Hori ere oso aurreratuta dago».

Bukatzeko, berotasunak espermatozoideen ekoizpena oztopatzen du. Orduan, «galtzontzillo berezi batzuekin barrabilak goratu daitezke, gorputzetik hurbilago izanez, berotu daitezen».

Gaur egun, zientziak onartutako aukerak bi dira: basektomia eta preserbatiboa. Galarragak dioenez, «aterabide asko dira, emakumezkoentzako bezainbat edo gehiago; kontua ez da zientzia, baina bai indar politiko ekonomikoa: ekonomian politikek eragiten dute, eta horren bidezko diskriminazioa sortzen da, merkaturaino ez baitituzte iristen uzten». Arazoa, orduan, soziala eta kulturala da, «gizontasunarekin eta patriarkatuaren zutabeetako batekin lotua».

Eta merkatuan balira?

Frantziako mugimendu feministan, bi galdera atera dira, besteak beste: lehena, ea gizonezkoek antisorgailuen hartzeko aukera izanen balute emazteek haurdunaldiaren ardura utziko zieten edo ez; eta, bestea, ea gizonek aukera gehiago izanen balituzte antisorgailuen zama egiazki hartuko luketen.

Lehen galderari dagokionez, Galarragari iruditzen zaio «edozein sexu harremanek hitzartua» izan behar duela, eta hitzarmen horretan erabakitzekoa dela «harremanak zein helburu duen: plazera, afektua edo haurdunaldia». Haurdunaldiaren helburua baztertuz gero, orduan, «ardura nork hartzen duen erabaki behar da, eta bien aukera izateak askatasuna ekartzen du. Hautuan askatasuna izatea da inportantea; sexu harremanetan beste motako harremanetan bezala».

Bigarren galderari erantzuteko, Galarragak uste du «sistema oso bat birpentsatzekoa» dela: «Gizonek aukeran antisorgailu gehiago izateak ez luke, besterik gabe, egoera aldatuko; aitzitik, zerbait aldatu dela adieraziko luke: gizonak ugalketaz orain arte baino gehiago arduratzen direla esan nahiko luke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.