Hezkuntza. Bilkura Parisen

«Jarrera aldaketa» sumatu du EEPk Parisen izandako bilkuran

Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bildu dira, euskarazko irakaskuntzaz aritzeko. Brebeta euskaraz egiteko eskubideaz ondoko asteetan erabakiko du ministroak

Baionako Estitxu Robles kolegioko ikasleak, azterketak euskaraz egitea eskatzeko agerraldian. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Inpresio onarekin» atera dira Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak eta Ipar Euskal Herriko parlamentariak euskarazko irakaskuntzaz aritzeko Frantziako Hezkuntza Ministerioan atzo izan zuten bilkuratik. Bi gai nagusi zituzten aipatzeko: euskara hutsean ari diren ikasgelen irekitzea sare publiko eta pribatuan, eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea. Funtsezko emaitzarik gabe atera badira ere, ordu eta erdiko bilkura «biziki giro onean» iragan dela erran du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak, eta «jarrera aldaketa bat» sumatu dutela.«Bazen borondate bat guri hitza uzteko eta gure argumentuen entzuteko. [...] Desberdin tratatuak izan gara aitzineko urteei konparatuta». Ondoko asteetarako espero dute ministerioak erantzunak ematea.

Bost solaskide izan dituzte Parisko bilkuran; horien artean Thierry Le Goff ministroaren kabineteko zuzendariordea, Julie Benetti ministroaren aholkulari berezia, Edouard Geffray DGESCO eskola irakaskuntzako zerbitzuko zuzendaria, eta Anne Bisagni-Faure Bordeleko errektorea. Geffrayk joan den abenduan zabaldu zuten zirkularra prestatzeko bilkuretan parte hartu zuela ohartarazi du Kurutxarrik, eta errektorea hor izatea ere baikorki ikusi du: «Ministerioan errana izan den guzia entzun du».

EEPko lehendakariaren hitzetan, bilkuran zehar, ontzat eman dute Ipar Euskal Herriko erakundearen zentraltasuna, eta sare publiko eta pribatuan euskara hutsezko ikasgelen irekitzeak sor litzakeen gorabeherak hark kudeatuko dituela adostu dute. Larraineko (Zuberoa) kasua izan liteke adibide bat: herriko ama eskola publikoan euskara hutsean aritzeko adostasun zabala zegoen guraso eta irakasle taldean, baita herriko etxean ere. Guraso bakarra agertu zen kontra, eta horrek blokeatu du proiektuaren abiatzea, aterabide bat atzeman arte. Orain arte, Pirinio Atlantikoetako departamenduko akademia ikuskariak kudeatzen zituen halako aferak, auzapezarekin eta ikastetxeekin zuzenean. Hemendik aitzina, EEPn zentralizatuko dituzte, bertan biltzen baitira Ipar Euskal Herriko instituzio guziak.

Azterketak euskaraz egiteko eskubideaz, brebetaren gaia landu dute bereziki. «Aitortu dute gure argudioak onak zirela eta onartzen zituztela», adierazi du Kurutxarrik. Baina denbora eskatu dute Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroarekin gaiaz aritzeko, hark trenka zezan. «Epe onargarri batean» erantzunen dietela erran dute. Baxoarena «fiteago» aipatua izan da, eta beste bilkura bat ezartzea hitzartu dute, gaiaz sakonago aritzeko. Hala ere, Kurutxarriren arabera, Benetti aholkulariak aitortu du lizeoetako erreformak «kalte» egin ziela hizkuntza gutxituei.

Seaskak, EEPk eta Frantziako Estatuak izenpetzekoa duten hitzarmenaz ez dira aritu, baina, Kurutxarriren hitzetan, edukia da garrantzitsuena. «Brebetaren gaia trenkatzen bada, ez da arazorik izanen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.