Martxoak 8: greba feminista. Mundua

Pizgailuaren garra, mundura

Europako eta Latinoamerikako zenbait herrialdetan, lehen aldiz egingo dute gaur greba orokorra. Portugalgo Gobernuak dolu nazionalera deitu du indarkeria matxistagatik

Martxoaren 8an egindako manifestazio bat Argentinako Buenos Aires hiriburuan, iaz. DAVID FERNANDEZ / EFE.
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Iaz baino herrialde gehiago batu dira gaurko Martxoaren 8ko greba feministara: 170 herrialde, gutxienez. Zenbait herrialdetan greba orokorra egingo den lehen aldia izango da —Belgikan, Turkian, Txilen eta Erresuma Batuan, esaterako—, eta beste hainbatetan espero dute orain arteko protestarik handienak egitea. 2018ko greba feministan Argentina, Espainia eta Herrialde Katalanak izan ziren oihartzunik handiena izan zutenak, eta herrialde horietan lortutako arrakastaren ondorioz batuko dira beste hainbat. Deialdi gehienen xedea izango da salatzea emakumearen aurkako indarkeria, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna eta emakumeen eskubideen aldarrikapena egitea.

2018an Espainian, UGT eta CCOO sindikatuek jakinarazi zutenaren arabera, 5,3 milioi herritarrek parte hartu zuten greban—Hego Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako datuak kontuan hartuta—. Aurten, Frantzian eta Belgikan ere antolatu dituzte greba orokorrak. Greba hori Belgikako talde feministentzat «pizgarri» bat izan zela adierazi du Marina Vidal Collecti.e.f 8 maars deituriko talde feministako kideak. Hori dela eta, urtebetez aritu dira gaurko greba antolatzen, eta hainbat sindikaturen laguntzarekin, greba feminista orokorra antolatu dute Belgikan, lehen aldiz. «Ez genuen uste erakunde desberdinetako sindikatuek hainbeste lagundu eta babestuko gintuztenik. Pozik gaude, aurtengo xedea zelako greba antolatzea, eta Belgikako emakumeak maila nazionalean mobilizatzea». Belgikako emakumeak lanuzteak egitera deitu dituzte, baina, horretaz gain, eskatu diete zaintza lanak ez egiteko eta ez kontsumitzeko.

Belgika ez da izango, ordea, lehen aldiz greba orokorra antolatzen duen Europako herrialde bakarra. Turkiaren kasuan ere, lehen aldiz deitu dute Martxoaren 8an greba orokorrera. Urtarrilaren 5ean, 165 LGTBI talde eta erakunde feminista bildu ziren Istanbulen, Emakumeak batera indartsuagoak gara lelopean. Mila emakume inguru joan ziren, eta erabaki zuten Turkiako emakume turkiar eta kurduek Latinoamerikako eta Europako ereduak hartuko zituztela oinarri, aurtengo greba deialdia egiteko. «Matxinadaren parte izan nahi dugu, eta, egun batez bada ere, gure bizitzak geldituko ditugu», adierazi zuen Seda Can Turkiako Emakume Sozialisten Batzordeko kideak.

Europatik kanpo ere hasi dira mobilizazioak areagotzen. Txilen, adibidez, iazko Martxoaren 8an hasi ziren gaurko greba antolatzen. 50 topaketa baino gehiago antolatu ditu Txileko batzorde feministak, eta herrialde osoko 1.300 emakumek baino gehiagok hartu dute parte batzordean. Modu horretan, lortu dute nazio mailako greba deialdi bat egitea, eta mobilizazio ugari antolatu dituzte gaurko. «Lehengo urtean sentsazioa genuen zerbait egiten ari ginela, baina aurten egun honetara historia askorekin iritsi gara, urte osoan egin ditugun ekintza askorekin, eta horrek eman dio edukia gaurko grebari; ez gara bigarren ilarara gehiago itzuli», azpimarratu du Alondra Carrillo batzorde feministako kideak.

Indarkeria matxista, dolu

Gaurko egunean egingo diren aldarrikapenez gain, atzo ere oihartzuna izan zuen Emakumeen Nazioarteko Egunak. Portugalen dolu nazionala egin zuten atzo, indarkeria matxistagatik. Gobernuak deitu zuen dolu nazionalera, indarkeria matxistaren larritasuna aitortzeko. Izan ere, 2019an 11 emakumeren heriotza eragin du Portugalen indarkeria matxistak. Atzoko egunaren helburua zen politikaren, justiziaren eta hedabideen ikuspegia aldatzea.

Portugalgo herritarrak asko harritu dira gobernuak hartutako neurriarekin, orain arte bat-bateko ezbeharrengatik deitu baita Portugalen dolu nazionalera—2017an, adibidez, 100 hildako baino gehiago eragin zituen suteagatik—. Dena den, Portugalgo datuak kontuan izanik, ezin esan daiteke gaia larria ez denik: 2005ean datuak zenbatzen hasi zirenetik, 500 emakume baino gehiago hil ditu indarkeria matxistak herrialdean.

Aldarrikapenak egiteko egunak dira, beraz, gaurko eta atzoko egunak, baina txanponaren beste aldean Nikaragua bezalako herrialdeak daude. Iaz piztu zen krisi politikoaren ondorioz, tentsio handiko eguna izatea espero da Nikaraguan. Izan ere, iazko azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean hain zuzen, gatazka handiak izan ziren antolatutako mobilizazioetan, Polizia manifestarien aurka oldartu baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.