Zerrendetan ere, errepikapena

EAJk eta Elkarrekin Podemosek iragarria dute zerrenda berberak aurkeztuko dituztela. EH Bilduk astelehenean erabakiko du. Navarra Sumak ere aurreko formula bera erabiliko du

Javier Esparza, atzo, Juan Luis Sanchez eta Yolanda Ibañez taldeko parlamentariekin. Esparzak apirileko «arrakastaren formula» errepikatu nahi du. JESUS DIGES / EFE.
Gotzon Hermosilla-Joxerra Senar
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak azaroaren 10ean egingo direla berretsi ostean, alderdiak hasi dira ohiko prozedura abian jartzen. Eta lehenengo urratsa zerrendak osatu eta aurkeztea da: urriaren 15ean argitaratuko dira behin betiko zerrendak Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta, hortaz, azkar mugitu beharko dute aurkezteko asmotan dauden indar politikoek. Dena dela, azaroko hauteskundeak apirilean egin zirenen errepikapena izateak gauzak errazten ditu: hilabete gutxi batzuk baino ez dira igaro, eta, hortaz, alderdi askok orduko hautagaiak berriro aurkeztea erabakiko dute.

Hori da, esaterako, EAJren kasua. Jeltzaleek Aberri Batzarraalderdiaren erabakigune gorena egingo dute irailaren 23an, eta, han, eztabaidatu, eta, seguru asko, onartu egingo dute EBB Euskadi Buru Batzarrak egindako proposamena: apirilaren 28ko bozetara aurkezturiko zerrendak berrestea, alegia. 2016an, Espainiako hauteskundeak berriro egin behar izan zituztenean, prozedura horri jarraitu zion EAJk, eta orduan ere hilabete batzuk lehenago aurkezturiko zerrendak berretsi zituen Nazio Batzarrak.

Egun berean, irailaren 23an, egingo du EH Bilduk Mahai Politikoaren bilera, eta han onartuko da zer prozedurari jarraitu zerrendak osatzeko edo, hala erabakiz gero, apirilekoak berriro aurkezteko.

Elkarrekin Podemosek, berriz, erabakita dauka apirilean osaturiko zerrendak aurkeztuko dituela azaroan ere, eta ez du aurreikusten bestelako prozedurarik abian jarri beharrik.

PSE-EEk BERRIAri azaldu dionez, PSOEri dagokio zerrenden inguruko erabakia hartzea, eta alderdiak Madrilgo Ferraz kalean duen egoitzatik bidaliko dizkieten irizpideen zain daude orain.

Korapilatsuagoa da PPren egoera, aurreko hauteskundeetan izandako emaitza txarren ostean argi baitago aldaketak egongo direla, baina ez dute erabaki zenbat eta nolakoak izango diren. Adibidez, Javier Maroto ez da Arabako zerrendaburua izango Senaturako bozetan, orain Segovian (Espainia) dagoelako, baina gainerako zerrendaburuak ere zalantzan daude. Erabakia Espainiako PPk hartuko du, astelehenean, Madrilen.

Nafarroan, antzera

Nafarroan ere azaroaren 10era begira jarri dira alderdiak. Gaur egingo da ofizial hauteskundeak berriz egingo direla, eta, egun gutxi geratzen badira ere, ez da espero aldaketa handirik.

Hain zuzen ere, apirileko bozei begira aurkeztu zen Navarra Suma koalizioa, eta atzo bertan nabarmendu zuen Javier Esparzak «arrakastaren formula» erabiliko dutela berriro. Ez du baztertzen eredu hori bera Espainiara eramatea España Suma koalizioaren bitartez. Oso kritiko agertu zen atzo Esparza Pedro Sanchezekin, eta bozak berriro egitea haren «porrotari» egotzi zion. Nafarroan, Navarra Sumak UPNko bi hautagai aurkeztu zituen —Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero—, eta, Senatuko hiru hautagaien artean, alderdi bakoitzak hautagai bana aurkeztu zuen: Alberto Catalan (UPN), Amelia Salanueva (PP) eta Ruth Goñi (Ciudadanos). Ez da espero aldaketarik.

Hauteskunde osteko testuinguruari begira, Esparzak ez du uste PPk edo Ciudadanosek Sanchezen gobernu posible bat ahalbidetuko dutenik: «Biek akordio bat dute gurekin hitzartuta, eta, Nafarroan Bilduren menpeko gobernu sozialista bat badago, ezin dute Sanchez babestu».

Apirilean, PSN-PSOE geratu zen Navarra Sumaren atzetik, etabi diputatu eskuratu zituen: Santos Cerdan eta Conchi Ruiz. Kasu honetan ere, espero da hautagaitzak berak izatea. Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak espero du «emaitza onak» izatea, nahiz eta onartu berriro bozetara joatea ez dela egoera desiragarria.

Unidas Podemosek diputatu bakarra lortu zuen apirilean (Ione Belarra). Bai bera, bai Guillen Carroza primario bidez hautatuak izan ziren, baina ez da espero prozedura bera erabiltzea. Alderdiko iturrien arabera, 2015eko eta 2016ko hauteskunde zikloan bezala, hautagaitza berak aurkeztera mugatuko dira. Hala ere, lehenik Madrilen erabaki beharko dute Unidas Podemos formula berriz erabiliko den.

EH Bilduk Bel Pozueta aurkeztu zuen hautagai gisa, eta diputatu akta lortzetik oso gertu geratu zen. Nafarroako bosgarren eserlekua sozialistentzat izan zen azkenean. Ikusteko dago koalizioak oraingoan zer hautagai aurkeztuko duen. Bakartxo Ruizen esanetan, hauteskundeak berriz egitearen ardura «PSOEren eta Podemosen artekoa» da.

Geroa Bairen kasuan, beste hautagai bat aurkeztuko dute—Koldo Martinez senatari autonomiko izateko hautagai da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.