Koronabirusa

Txalorik jasotzen ez dutenak

Egunero kalera atera behar duten beharginek lan isila eta ezinbestekoa egiten dute. Koronabirusari aurre egiteko baliabideak «urriegiak» direla salatu dute gehienek.

Bi garbitzaile, atzo, Bilboko kaleetako edukiontziak husten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ez dira medikuak, ezta erizainak ere, baina koronabirusaren mehatxuari lehen lerrotik egin behar diote aurre, egunero. Hainbatek borondatez egiten dute lan; beste askok, halabeharrez. Kualifikazio handiko postuetan nahiz txikikoetan. Garraio publikoko gidariak dira, garbitzaileak, dendariak, banatzaileak, kutxazainak, teknikariak... Eta, egunotan, arrisku eremu bihurtu zaie lanpostua.

MIKEL SESMA Banatzailea

«Zaran 'online' erostea ez da lehentasun bat; kalte egiten digu banatzaileoi»

Furgoneta hartuta, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan gora eta behera ibiltzen da Mikel Sesma burlatarra, banaketa enpresa batentzat paketeak eramaten. Espainiako Gobernuak larrialdi egoera deklaratu eta etxeko konfinamendua ezarri zuenetik, asko murriztu diote lan karga, baina, hala ere, egunero atera behar du kalera: «Denda txikiak itxita daudenez, bidalketa gutxiago daude. Dauzkadan paketeak norbanakoenak izan ohi dira, etxeraino eramatekoak». Hala ere, berak nahiago luke etxean gelditu eta konfinamendua errespetatu. «Etxerik etxe ibiltzeak badu arriskurik guretzat; baina, kamioilariek ez bezala, guk garraiatzen ditugun gauza gehienak ez dira lehentasunezkoak edo behar handikoak». Banatu dituen azken paketeei erreparatu die. Gehienek Inditex enpresaren zigilua daramate: «Zer nezesidade du jendeak, orain, Zararen webgunetik produktu bat erosteko? Hori ez da lehentasun bat, eta kalte egiten ahal digu banatzaileoi, arriskuan jartzen gaituelako».

Enpresek jarritako segurtasun neurriak ere «oso eskasak» direla nabarmendu du Sesmak. «Ezarri duten prebentzio neurri bakarra da banatzaileoi eskularruak ematea. Esan digute une oro erabili behar ditugula, eta bezeroek ezin dutela gure PDA ukitu. Lehen, pantailan sinatzen zuten, paketea jaso zutela egiaztatzeko; orain, guk eskatu behar dizkiegu izen-deiturak eta NAN zenbakia. Hori da dena. Lankide batzuek erabaki dute paketea igogailuan uztea, bezeroak berak har dezan, baina langileek beren kabuz hartutako erabakiak dira horiek, ez enpresaren irizpideak».

EBA BEGIRISTAIN Garbitzailea Txagorritxu ospitalean

«Ez dakigu zer gertatuko den babes jantzirik gabe geratzen bagara»

Eba Begiristain garbitzailea da Gasteizko Txagorritxu ospitalean. Gaueko txandan egiten du lan. Orain arte, bi langileren artean banatzen zuten egitekoa, baina, COVID-19ak jo zuenetik, alde batetik bestera dabiltza, denera ezin iritsita: «Izugarri handitu zaigu lan karga. Gauza batzuk egin gabe utzi behar izaten ditugu, gorputzak ez duelako gehiagorako ematen». Aste honetan, beste lankide bat hasi da haiekin lanean, eta hala ere «ezinean» dabiltzala dio: «Protokolo berriekin, askoz gehiago kostatzen zaigu dena garbitzea. Lehen, 10-15 minutu ematen genituen logela bat garbitzen. Orain, 40 bat behar ditugu. Azkenean, lan bera egiteko, zazpi orduko lanaldia motz geratzen zaigu».

Protokolo horien arabera, NBE Norbera Babesteko Ekipamendua jantzitza egin behar dute lan, baina baliabideak agortzen hasiak direla ohartarazi du Begiristainek: «NBEak gero eta urriagoak dira. Ez da Txagorritxuko arazoa bakarrik. Toki guztietan gertatzen ari da gauza bera. Ekipamendu horiek oso garr antzitsuak dira guretzat, segurtasuna ematen baitigute. Momentuz ez dira falta, baina, egunen batean faltako balira, ezinen genuke gure lana egin». Baliabideen eskasiak, baina, ez du garbitzaileen konpromisoa higatu: «Denok ari gara malgutasunez jokatzen, argi dugulako egoera larria dela. Alde batera utzi ditugu oporrak eta baimenak, etortzeko».

MENTXU MARTINEZ Kutxazaina supermerkatu batean

«Aparteko orduekez naute kezkatzen;neke psikologikoak, bai»

Larrialdi egoerak gogorren jotako lan sektoreetako bat da elikagai denda eta supermerkatuena. Lanaldiak luzatzeaz eta aparteko orduak egiteaz gain, bezero askoren jokabide «axolagabeei» aurre egin behar izan diete langileek. Mentxu Martinezek marka ezagun bateko supermerkatu batean egiten du lan —ez du izenik aipatu nahi—. Egoerak eztanda egin zuenean, jendea tropelean joan zen dendetara, oinarrizko produktuak erostera. «Ezustean harrapatu gintuen. Egunetik egunera aldatu zen dena, eta ez geunden behar bezala prestatuta egoerari aurre egiteko. Ez genuen stock nahikorik, eginak genituen produktu eskaerak urriak ziren, ez zegoen segurtasun neurririk...».

Orain, egoera berrira egokitzen ari dira, bezero kopurua mugatuta eta pertsonen arteko distantziak gordeta. Martinezen esanetan, baina, bezero askok ez dituzte neurriak ulertzen: «Batzuek barre egiten digute aurpegira segurtasun neurriak gogorarazten dizkiegunean, edo haserretu egiten dira. Bada oso axolagabeki jokatzen duen jendea: erosketak bikoteka egiten dituztenak, supermerkatuko pasabidean solasaldi gozoan egoten direnak, edo erosketak egitera egunean bitan edo hirutan etortzen direnak, etxetik ateratzeko aitzakia gisa». Horregatik, lan baldintzek bainoago, «neke psikologikoak» kezkatzen duela aitortu du beharginak: «Aparteko orduak sartu behar badira, sartuko ditugu; estres egoera etenik gabeko honek kezkatzen nau».

RICHAR GORRIZ Anbulantzia gidaria

«Eskularru ugari behar ditugu egunero, eta hasiak dira bukatzen»

Richar Gorriz anbulantzia gidaria da Gipuzkoan, zerbitzu ez-asistentzialean. Normalean, errehabilitaziora, kontsultara edota kimioterapia saioetara eramaten ditu gaixoak. Egunotan, ordea, prestakuntza berezia jaso du, koronabirusak kutsatutako gaixoekin hartu beharreko neurriez. «Osakidetzak bertan behera utzi ditu kontsultak eta errehabilitazioak, eta lehentasunezko zerbitzuei eutsi die soilik. Bestalde, gure zerbitzuko anbulantzia batzuk egokitu dituzte, koronabirusean positibo eman dutenak osasun etxe edo ospitaletik etxera eraman ahal izateko».

Protokoloak berebiziko garrantzia du beren kabuz mugitu ezin daitezkeen gaixoen kasuan: «Anbulantzia gidatuko ez duenak NBE Norbera Babesteko Ekipamendua, eskularruak, betaurrekoak eta maska jantzi beharko ditu, gaixoari laguntzeko». Hori dela eta, egunero «eskularru pila bat» xahutzen dituztela aitortu du Gorrizek: «Beharrezkoak ditugu lanerako, eta bukatzen hasiak dira. Beldur gara hemendik gutxira zer etor daitekeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.