Koronabirusa

Museoak. Ziurgabetasun ufada batekin

Euskal Herriko museo gehienek zabaldu dituzte ateak egunotan, atzo hasita. Ezohiko baldintzetan arituko dira, eta ikusteko dago nola eutsiko dioten bisitarien urritzeari

Bisitariei tenperatura hartzeko gailuak jarri dituzte hala Bilboko Arte Ederren museoaren sarreran nola Bilboko Guggenheim museoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Ureztatu berri, Bilboko Guggenheim museoaren atarian, koronabirusaren hedapenaren aurreko edozein astelehenetan baino nabarmen ozenago entzuten ziren atzo Jeff Koons artistaren Puppy txakurraren mila loreei zerizkien tantak lurrera erortzen, unea harrapatzeko kameradun turista bakar bat ere gabe. Ia hiru hilabeteko itxieraren ostean, trafikoa eta eguneroko jarduna zeharo apalduak dituen hiri bati ireki zizkion berriz ateak museoak atzo, nahiz eta oraingoz bizkaitarrek soilik bisitatu ahalko duten. Kasuz kasu eta lurraldez lurralde, antzekoa da egoera Euskal Herriko gainontzeko museoetan: atzo eta gaur artean irekiko dituzte ateak gehien-gehienek, eta guztiek egokitu beharko dute segurtasun eta higiene neurri zorrotzagoetara. Kultur baliabideak berriz ere abian jartzeko bigarren urratsa da museoena, liburu dendak ireki ostean, eta pauso horren garrantzia nabarmendu zuen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Guggenheim museoan egindako prentsaurrekoan. «Gaurkoa [atzokoa] ikur bat da».

Museoek gizarte transformaziorako duten ahalmena nabarmendu zuen Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak aurkezpena ixteko, baina ospakizun girorik gabe jarraitu zuen, gero, kazetarien galderei emandako erantzunetan. «Normalen jaso ohi ditugun bisita kopuruaren %5 edo %10 inguru jasoko dugu ekain honetan». Hori da kalkulua, eta kolpea ekonomikoa ere izango dela aipatu zuen zuzendariak; izan ere, zehaztu duenez, bisitarien sarrerek osatzen dute aurrekontu osoaren herena. Moldaketak egitera behartu ditu horrek, eta horregatik erabaki dute, adibidez, martxan dituzten lau erakusketak luzatzea. Udazkenerako atzeratu dituzte udarako aurreikusiak zituzten Lee Kranser, Wassily Kandinsky eta El Anatsuiri artistei eskainitakoak, eta dantzan dute 2021eko egitaraua. Udazkenean, «egoeraren arabera» erabakiko dute zer atzeratu edo bertan behera utzi.

Toki seguruak

Edozein kasutan, balio dezake Bidartek Guggenheim museoari buruz egindako erretratuak, Euskal Herriko beste museo askok ere une honetan bizi duten ziurgabetasun egoera deskribatzeko.

Bisitarien segurtasuna bermatzea da orain erronka. Guggenheim museoaren kasuan, esaterako, bisitariak sartu eta berehala pasatu beharko du tenperatura neurtzeko gailu bat bisitariak. Bi metroko tartea zaindu beharko dute, eskuak garbitu, eta eraikin osoan ez da sekula gaindituko laurehun pertsonatik gorako muga. Audiogiden ordez, doako aplikazio baten bidez jarraitu ahalko zaio bisitari sakelakoan, eta, arropa zaindegirik egongo ez denez, ezingo da aterkirik ez motxila handirik sartu. Gainera, ibilbide jakin batean soilik egin beharko da bisita, eta aretoek ere norabide bakarra izango dute. Ordutegia eta irekiera egunak ere moldatu dituzte, eta sarrerak eta ordutegi erreserbak sarean egiteko gomendioa luzatu dute.

Museoz museoko zehaztasunen gainetik, ordea, argazki orokorra nabarmendu zuen atzo Kultura sailburuak: «Gaur [atzo] bidali nahi dugun mezua da museoak toki seguruak direla kultura praktikatzeko».

Berez, maiatzaren 25etik zeukan Eusko Jaurlaritzak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko museo nagusiak zabaltzeko aukera, baina, Zupiriak zehaztu duenez, nahiago izan dute «denek batera» zabaldu, eta horregatik erabaki dute orain arte itxarotea. Bilboko Guggenheim museoak bezala, atzo ireki zituzten ateak, adibidez, Azkuna Zentroko erakusketa aretoak eta Donostiako Tabakalerak ere, eta gaur irekiko dituzte, berriz, Gasteizko Artiumek, Donostiako San Telmok eta Getariako Balentziaga museoak (Gipuzkoa). Nafarroan ere gaur zabalduko dituzte Nafarroako Museoa eta Oteiza museoa, eta Lapurdin badira aurrez ere zabalik zeuden hainbat museo: Baionako Euskal Museoa, kasurako.

Tantakako bisitariak

Itxialdi osteko lehen eguna izan zuen atzoko Bilboko Arte Ederren museoak ere, eta, lehen ordurako, tantaka iritsi ziren lehen bisitariak bertara. Han ere tenperatura hartu, eskuak garbitu, ordutegi eta funtzionamendu aldaketen albisteak erakarritako kazetari hodeia gurutzatu, eta han-hemenka areto laguntzaileek zipriztindutako areto hutsekin egin zuten topo guztiek. Itxiera aurreko museo bera zen, funtsean, baina jaioberri urrats batzuekin. Besteak beste, zenbait zaintzaile oraindik protokolo berriak ikasten ari zirelako, adibidez. «Eskailera horietatik jaitsi irteteko». Ziur lehenik, eta zalantzatiago minutu baten ostean. «Soka bat? Bai? Ba, berez, irekita daudela dio mapak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.