Koronabirusa. Asteko errepasoa

Israel erabat ixteko zorian

Neurriak «azkarregi» arindu ostean, koronabirusaren agerraldi bortitz bat du orain Israelek: eguneko ia 2.000 kasu atzeman dituzte azken astean.

Asteartean kalera atera ziren milaka israeldar Jerusalemen, Netanyahuren kudeaketaren eta ustelkeriaren aurkako protestan. ABIR SULTAN / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Maiatzean birusaren transmisioa gelditzea lortu zutela uste bazuten ere, koronabirusa gogor itzuli da Israelera. Kasuek nabarmen egin dute gora ekainetik, Þeta pandemiak ondorio latzak utzi ditu ekonomian. Azken asteetan, gobernuaren aurkako iritziak areagotu egin dira, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak aldaketak iragarri behar izan ditu: neurriak zorroztu ditu, laguntza ekonomikoak eman dizkie kaltetuenei eta herrialdea erabat ixteko puntuan dago.

COVID-19aren aurkako neurriak arindu zituen lehenetariko herrialdea izan zen Israel. Kutsatuen datuak apalak ziren, eta ekonomiaren beherakada gelditzea zen lehen ministroarentzat lehentasuna. Hortaz, maiatzaren amaierarako, jendez lepo zeuden eskolak, gurtza lekuak, tabernak eta hondartzak. Egunean hogei bat kutsatu detektatzen zituzten orduan, eta hildakoak ez ziren 300era heltzen. Orain, berriz, bigarren agerraldiaren pean dagoherrialdea, eta kasuak izugarri ugaritu dira: 22.000 kutsatu aktibotik gora daude, eta egunero ia 2.000 kasu atzematen dituzte.

Agerraldi honen ondorioz, atzera egin behar izan du Netanyahuk, eta neurri zorrotzak berrezarri. Konfinamendua ezarri du hainbat hiritan, tabernak eta kultur zentroak itxi ditu, eta murrizketak ezarri ditu eremu batzuetan; besteak beste, jatetxeetan, gurtza tokietan eta garraio publikoan. Lehen ministroak onartu du «azkarregi» kendu zituela segurtasun neurriak, baina bere adierazpenek ez dute egoera baretu.

Kutsatuen kopurua ikusita, neurri are gogorragoak ere etor litezke. Yuli Edelstein Osasun ministroak asteon ohartarazi duguztiz itxi beharko dutela herrialdea eta berriro ere erabateko konfinamendua ezarri, eguneko 2.000 kasutara heltzen badira: «Hiru edo lau egun ditugu ikusteko harturiko neurriek emaitzarik dakarten». Horrela izan ezean, beste konponbiderik ez dagoela azaldu du. Erabakiak tentsioa areagotu du lehen ministroaren eta Benny Gantz lehen ministrordearen artean, Netanyahuk ez baititu murrizketa zorrotzak begi onez ikusten. Gantzek, berriz, plan ekonomikoak galdegin ditu, pandemiak gizartean utzi duen arrastoa arintzeko.

Gobernuaren kudeaketak aurkari ugari ekarri dizkio lehen ministroari, bai kalean bai etxe barruan. Siegal Sadetzki Osasun Publikoko zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen iragan astean, gobernuak ez zituelako aintzat hartu deskonfinamendu azkar batek izan zitzakeen arriskuen inguruko abisuak. Erabakiaren ondorioak agerikoak dira egun. Eli Wachsman gobernuaren aholkularitza taldeko medikuak ohartarazia du birusaren gaineko «kontrola galdu» dutela, eta ez dutela kutsatuen %90en inguruko informaziorik. Egoera kezkagarria da: «Egunean mila kasutik gora detektatzen direnean esan nahi du ezin dugula kutsatzeen katea eten».

Birusa ez zabaltzeko ahaleginetan, gobernuak herritarren mugimenduak kontrolatzen dituen sistema bat ezarri du sakelakoetan. Sistema horren bitartez, kutsaturik dauden pertsonekin kontaktua izan dutenek mezu bat jasotzen dute berrogeialdia egin behar dutela aginduz. Sistemaren akats baten ondorioz, baina, 12.000 herritarrek konfinatzeko okerreko agindua jaso dute.

Kontrolerako sistema hori birusaren lehen agerraldian ere ezarri zuen gobernuak, eta hil honen hasieratik berriz ari da erabiltzen. Osasun Ministerioak eta Israelgo Barne Segurtasuneko Zerbitzuek kudeatzen dute sistema, baina Nadav Argaman Segurtasun Zerbitzuetako burua ez dago ados sistemaren erabilerarekin. Argamanek azaldu du sistemaren helburu bakarra «terrorismoaren aurka» egitea dela. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek salatu dute sistemak herritarren bizitza pribatua urratzen duela.

Ekonomia kinka larrian

Osasun ondorioez gain, ondorio ekonomiko nabarmenak ere utzi ditu pandemiak Israelen. Langabezia tasa oso baxua zuen herrialdeak otsailean, %4koa soilik; bost hilabete geroago, ordea, %21era igo da tasa, eta herritarren erdiek ez dakite hil amaierara heltzerik izango duten. Kolpe latza jaso duIsraelgo ekonomiak, eta Netanyahuren gobernuak krisiari aurre egitea du erronka nagusia, baina herritarrak ez ditu alde. Azken egunetan, milaka langile atera dira kalera, gobernuari iragarritako laguntzak eman ditzala eskatzeko, eta lehen ministroaren babes falta eta ustelkeria salatzeko. Izan ere, maiatzean, epailearen aurrera eraman zuten Netanyahu, ustelkeria eta iruzurragatik. Asteartean, lehen ministroaren ustelkeriaren aurka protestan ari zirela, 50 manifestari atxilotu zituen Poliziak Jerusalemen.

Azken egunetako presio anitzen ondorioz, gobernuak laguntza ekonomiko berriak onartu ditu. 2.000 euro inguruko ordainsariak emango dizkie pandemiaren kaltetuenei: autonomoei eta enpresariei. Gainerako herritarrek ere laguntzak jasotzeko eskubidea izango dute: israeldar guztiei ordainsari bana emango die gobernuak. Diru laguntza 200 eta 750 euro bitartekoa izango da, eta haur kopurua hartuko da kontuan. Neurri horiekin, tokiko kontsumoa bultzatu nahi du Netanyahuk, eta herrialdeko ekonomia berpiztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.